arabako mahastiak

Arabako Mahastiak sor-markako ardoak saltzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 07:30

Arabako Errioxako aurtengo Mahats-bilketaren Jaia, Lantziegon. / ALEA

Hurrengo mahats bilketan, Arabako Mahastiak markapean jaso ahal izango da lehenbizikoz Arabako Errioxako mahatsa.

Urrats berri bat Arabako Errioxako Upategien Elkarte ABRAk 2016an bultzatutako Arabako Mahastiak sor-marka errealitate bihurtzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak behin-behineko baimena argitaratu du astearte honetako EHAAn: ardoak etiketa propioarekin merkaturatu ahal izango dituzte, aldi baterako, Europako Batasunak espedientea ebatzi arte. Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioak maiatzean igorri zuen espedientea, kontrako txostenekin batera.

Nolanahi ere, Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen egitasmoak Rioja sor-markatik kanpo saltzeko aukera izango du, 2023ko mahats-bilketarekin batera eta Babes Nazional Iragankorraren babespean; ABRAk uztailean eskatu zion baimen berezi hori Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailari.

Hurrengo urratsa kontseilu arautzaile berri bat sortzea eta sor-marka berriaren araudia onartzeko bilera bat egitea izango da; bertan izango dira ABRA, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Segituan, upategiak atxikitzeko prozesuari ekingo dio upategien erakundeak.

ABRAk azken aldian jakitera eman duenez, Arabako Mahastiak-en parte izan nahi duten upategiek batez ere mahats propioarekin ekoitzi beharko dituzte ardoak (kanpoko mahatsa gehienez ere %25 izango da kriantzako ardoen kasuan). HAZI Fundazioak egingo ditu jatorri-deiturako produktuak kontrolatzeko eta ziurtatzeko lanak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago