EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du Arabako Mahastiak etiketa erabiltzeko baimena behin-behinean bertan behera uztea, eta horrenbestez, mahastizainek ezingo dute, momentuz, marka horrekin ardoa merkaturatu. Epaiaren arabera, "jokoan dagoen prestigioa eremu geografiko eta mahats beretik sortzen da, eta jatorri deitura berriari Babes Nazional Iragankorra emateak Errioxa jatorri deiturari kalte konponezinak edo konpontzeko oso zailak eragiteaz gain, hura osatzen duten mahastizain zein upeltegientzat eta, oro har, publikoarentzat ere kalte ekonomikoa eragiten du". Halaber, "kontsumitzaileak nahasteko arrisku handia" dagoela uste dute epaileek.
Horrela, euskal auzitegiak onartu egin du Errioxako jatorri deituraren Kontseilu Arautzailearen eskaera, Eusko Jaurlaritzak 2022ko urrian onartutako merkaturatze baimena (babes nazional iragankorra) atzera botatzeko, oraingoz behintzat, kautelazko neurri gisa. Erabakiak zaildu egiten du Arabako Mahastiak markaren sustatzaile Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen (ABRA) asmoa 2023ko mahats-bilketaren ardoak merkaturatzeko.
Mahastizainen helegiteak
Hala ere, Ines Baigorri ABRA elkarteko kideak azaldu du helegitea aurkeztu dutela EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra; eta Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio ez dietela alegazioen aurkezpenean parte hartzen utzi, "nahiz eta mahastizainak izan prozesuaren eta eskaeraren lehen interesatuak". Gaineratu duenez, "bakarrik" egon dira azken zortzi urteetan, marka propioaren alde egin dituzten urrats guztietan, eta "demaseko" erasoak jasan behar izaten ari direla azpimarratu du.
Ildo beretik Arabako Mahastiak Jatorri Deituraren batzordeko presidente Emilio Agillok salatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela babesten. Haserre agertu da Jaurlaritzarekin, eta "borroka honetan besoak jaitsi" dituela adierazi du. Aurreratu duenez, gaur bertan aurkeztuko dituzte haiek re autoaren aurkako alegazioak.