MIGUEL ANGEL FERNANDEZ

"Herriak zaintzen ez badira, Erdi Aroko eredura bueltatuko gara"

Juanma Gallego 2022ko uzt. 4a, 06:00

Castejon Gainaren inguruko interpretazio zentroa Sodupe oinetxean atontzen ari dira. ALEA

Turismo eskaintza indartzeko interpretazio zentro berria sortzen ari dira Navaridasen, zaharberritu duten XVIII. mendeko oinetxe batean.

Hasiera batean alkatea izatea espero ez bazuen ere, dagoeneko 11 urte daramatza Navaridasko alkatetzan Miguel Angel Fernandezek (Gasteiz, 1968). Dioenez, Alderdi Popularraren proiektuari laguntzeko baino ez zuen bere burua aurkeztu, baina hauteskundeak "oso apetatsuak" dira, eta, herrikoa ez izanda ere —alboan dagoen Paganosen bizi da—, herritarrek bera aukeratu zuten. "Badakizu, batzuetan jendea nekatu egiten da zegoenaz, eta beste zerbait berria nahi du". Datorren urtean aurkeztuko den ala ez deliberatzeke du oraindik, erabaki bat hartu baino lehen bere familiarekin eta herrikoekin aztertu nahi duelako.

Herri lasaia da Navaridas, baina urtearen hasieran ezusteko galanta izan zenuten. Zer gertatu zen?

Bai, zorionez ezusteko handi batean besterik ez zen geratu, baina oso kontu larria gerta zitekeen. Kontua da traktore batek sua hartu zuela gauez, eta etxekoak goiko solairuan lo egiten ari zirela. Badirudi traktoreek arrisku hori dutela, euren kabuz su hartu ahal dutela; antza, traktorea arratsaldean bertan jota zegoen, baina jabea ez zen konturatu. Eskerrak auzokide bat jabetu zela eta abisua eman ziela. Horri esker, etxetik berehala atera ziren bizilagunak. Abisua garaiz jaso ez balute, seguruenera bost lagun horiek hilda egongo ziren. 

Eskerrak. Goazen alaiagoak diren kontuekin. Ekainaren hasieran herriko jaiak ospatu dituzue. Nola konbentzituko nauzu ba datorren urtean jaietara etortzeko? 

Arabako Errioxan udan egiten diren aurrenak dira, eta, Araban ere, lehenetarikoak. Oso giro polita sortzen da. Deigarriena da egun nagusiaren bezperan egiten den kalatuen irekiera. Lurrazpiko upategiak dira kalatuak. Auzokideek zurrakapotea egiten dute, eta gero kalatuz kalatu joaten dira, lokalak irekitzen eta zerbait jaten. Aurten jende andana zegoen, 150 bat lagun, agian. Tira, autoa ere kantoi batetik mugitu behar izan nuen, gero handik ateratzeko modua izango ez nuen beldur. Zatoz datorren urtean, bai, eta gozatu ederra hartuko duzu! 

"Momentuz, egoera bideratu dugu, baina geologiaren aurka ari gara muinoaren zati batean"

Duela bost urte zurekin egon ginen hemen, Navaridas 'hondoratzen' ari zelako. Dagoeneko konpondu al da arazoa? 

Momentuz, egoera bideratu dugu. Orain arte 1.200.000 euro inguru inbertitu ditugu horretarako, eta gutxieneko trinkotasun bat lortu dugu. Baina inguruko geologiak ez du batere laguntzen. Kontua da Navaridas muino batean dagoela, baina bertako lurra ez da oso trinkoa, eta azterketa teknikoek diote etorkizun batean muinoaren zati bat eroriko dela. Kalatuak dauden zatiaz ari naiz —ekialdean—, ez herriaz. Gainera, alde horretan kalatu asko daudenez, lurra asko zulatu da, eta horrek egoera okertu du. Kalatu horietako batzuk ondo zainduta daude, baina beste batzuk nahiko utzita daude. Udaletik saiatu gara lurpeko ura ateratzen, eta gehiago sartzea saihesten, urak egoera okertzen duelako. Baina, diodan moduan, kontu zaila da kudeatzeko, geologiaren aurka egiten ari gara-eta. 

Fisioterapia zerbitzu bat dago orain herrian. Nola abiatu da kontu hau? 

Fisioterapia neurologikoa eta traumatologikoan espezialista den aditu batek esan zigun inguruan zerbitzuak eman nahi zituela. Kasurako, iktus bat baldin baduzu, edo parkinsonaren kalteak arintzeko, errehabilitazioa egiteko… Udalean kontua aztertu genuen, eta iruditu zitzaigun oso zerbitzu interesgarria zela. Erabaki genuen lagako geniola ekintzailetza proiektuetarako daukagun lokal bat, eta bertan ematen ditu zerbitzuak astearte eta ostegunetan, aurretiko hitzorduaz. Hemen adineko jende asko dago, eta askotan halako zerbitzuak jasotzeko Gasteizera edo LogroÒora jo behar dute. Navaridasko jendeari ez ezik, Arabako Errioxa osoan lagungarria izan daitekeela iruditzen zaigu.

Castejon Gaina aztarnategiari buruzko interpretazio zentro bat ere sortzen ari zarete… 

Bai, Castejon Gainean Burdin aroko herri baten aztarnak daude, La Hoya aztarnategiaren garaikide. Santa Eulaliako nekropoliarekin batera, herriko ondare arkeologiko nabarmenena da, eta, horregatik, hori indartu eta ezagutarazi nahi dugu, herrian turismoa sustatzeko ideia ona iruditzen zaigulako. Berez, herritik kanpo dagoen aztarnategian bertan ibilbide bat dago bisitatzeko, baina aztarnategia estalita dago. Bere garaian arkeologoek aztertu zuten, eta zenbait pieza Gasteizko Bibat museora eraman zituzten. Berez, harresiak eta etxeak muinoan zeuden, eta, errepidearen inguruan zein azpian, ur biltegia eta zabortegia.  

Aurretik erakutsi didazu zentroa dagoen etxea, eta zinez polita da…     

Sodupe etxea da hori, XVIII. mendeko oinetxea. Bertan prestatzen ari gara interpretazio zentroa, eta, Castejon Gainari buruzko informazioa emateaz gain, bertan azaltzen ditugu ere Santa Eulaliako nekropolia eta aintzira; azken hau ere herrian dugun babestutako baliabide naturala baita. Bertatik abiatu daitezke ibilbideak, Castejon, nekropolia edota aintzira ikusteko. Auzokide batek erakusten du etxea, borondatearen truke. Interesa duenak, udalera deitzea besterik ez du.      

Beste zenbait kontutarako ere erabiltzen ari zarete oinetxe hori, ezta? 

Bai, jauregia berritzen eta egokitzen ibili gara. Bisitarientzako arreta zentro bat jarri nahi dugu, bai eta ardo denda bat ere, turismoa indartzeko. Etxeak oso kalatu polita duenez, aurten ere bertan ezkontza bat egiteko eskatu digute. Apirilean egin ohi dugun ardoaren jaian, adibidez, ardo dastaketak egiteko erabili dugu, eta jaietan ere baliatu dugu arkeologia tailerrak egiteko. Gure asmoa da asteburuetan, jai zubietan edo udan gehiago ireki ahal izatea. Guardian, Eltziegon edo beste zenbait herritan egiten diren bisiten osagarri polita izan daitekeela iruditzen zaigu. 

"Etxeak oso kalatu polita duenez, bertan ere ezkontza bat egiteko eskatu digute aurten"

Goazen politika kontuetara. Zer eskatuko zenioke diputazioari? 

Diputazioak herriak artatzen ditu, baina uste dut gehiago egin zezakeela. Baina ardura ez da soilik diputazioarena: badira beste arazo asko Jaurlaritzari ere dagozkionak. Osasun zerbitzuak, telefonia, kutxazainak… herriak maldan gora has ez daitezen, beharrezkoa da zerbitzu horiek guztiak bermatzea. Bestela, oso zaila izango da jendea herrietara etortzea bizitzera edo negozio bat jartzera. Diputazioari eskatuko nioke zorrotzagoa eta irmoagoa izateko Jaurlaritzaren aurrean, herrien alde egin dezan. 

Zerbitzu horiek emateak kostu altuak dakartzala argudiatzen dute… 

Hala da. Duela gutxi Sagardui Osasun sailburuari irakurri nizkion adierazpen batzuk lehen arretako osasun zentroen inguruan: esaten zuen mentalitatea aldatu beharra dagoela. Tira, jakin badakigu landa eremuan zerbitzuak mantentzeak kostu handiak dituela. Baina Jaurlaritzak berak egiten dituen azterketetan ere azaltzen da zerbitzuak ematerakoan ez direla horrenbeste aintzat hartu behar populazio ratioak, zerbitzu horien beharra baizik. Hau da, populazio asko egon ala ez, zerbitzua eman beharra dagoela. Horregatik uste dut ahalegin gehiago eskatu behar zaiela. Bestela, zera gertatuko da: hiruzpalau herri garrantzitsu mantenduko dira, baina gainerakoak hutsik geratuko dira, jendea hirietara itzuliko delako. Horrek esan nahi du, funtsean, Erdi Arora bueltatuko garela. Luzera begira honi garrantzia ematen ez badiogu, lurraldearen zati bat despopulatuta geratuko da.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago