Pili Garmendia

"Memoriaren Parkearekin jarrerak hurbildu nahi ditugu"

Anakoz Amenabar 2022ko mar. 13a, 08:00

Samaniegoko alkatea izan aurretik, zinegotzia izan da Pili Garmendia. / Alea

Udalean gauzak "poliki" mugitzen direla aitortu arren, egitasmoak aurrera atera direla nabarmendu du Pili Garmendia Samaniegoko alkateak. Igerilekuak dira hurrengo erronka.

Ezustean hartu zuen Samaniegoko aginte makila Pili Garmendiak 2019ko hauteskundeetan, PSEren ordezkariaren botoari esker, eta, hala, EH Bilduren esku geratu zen alkatetza bat lehenengo aldiz Arabako Errioxan. Legealdiaren azken urteko lanak ditu buruan orain, hurrengo urteko hauteskundeei gehiegi begiratu gabe, eta pozik dago orain arte egindako lanekin. "Taldean genituen aurreikuspenak betetzen ari dira, poliki-poliki, gauzak motel mugitzen baitira erakundeetan, baina pausoak ematen ari gara".

Nolakoa da udalean harremana alderdien artean? 

Ondo moldatzen ari gara. Beharbada PSEko gaztearekin dugu harreman gehiago, berak eman zigun alkatetzarako giltza, eta geroztik izandako elkarlanarekin ere pozik gaude. Oso ondo egiten dugu lan berarekin, egia esan, eta horri esker aurrera atera ahal izan ditugu buruan genituenak.

Gizarte etxearen erreforma izan zen iragarri zenuen lanetako bat.   

Bai, lan handienak amaitu genituen honetan. Iparraldeko sarbidean konponketa batzuk egitea geratzen da, batez ere eraikinera erregaiak eramateko zailtasunak daudelako momentu honetan,  baina laster amaituko dugu obra txiki hori, eta amaituta geratu da eraikina. Orain, bertako jarduerak berreskuratzea falta zaigu; pandemiarekin alde batera izan dira jarduera asko, eta horiek berriz antolatu behar ditugu. Pilates eta zunba saioak egiten dira, eta aretoetako bat Osakidetzari utzi diogu inguruko herritarrei txertoa jartzeko, baina ohiko bizimodura bueltatzen ari garenez laster handituko dugu eskaintza.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin ere ari zarete lanean, ezta?   

Bai, datozen urteetarako jarraibideak ezarriko dira honetan. Ez du aldaketa garrantzitsurik ekarriko, baina norabide bat zehaztuko du. Halere, prozesu honetan herritarrak kontzientziatzea ere bada gure helburua; oso garrantzitsua da herri mailako bilerak deitzen direnean parte hartzea, ez baikara konturatzen etorkizunera begira duten garrantziaz. Eta, egia esan, orain arte pozik gaude erantzunarekin, jendea parte hartzen ari da.

Zerbitzu falta izan daiteke kezka nagusietako bat Samaniegon? 

Falta hori sumatzen da. Ez dugu dendarik. Lapuebla de Labarcako okinari esker, eta estankoko mutilaren laguntzarekin, herrian  eros dezakegu ogia, baina zerbitzu bakarra da hori. Bazegoen denda bat, baina itxi egin zuten. Alkatetzara heldu ginenean azoka txiki bat antolatzea erabaki genuen; horrela, ostiraletan behintzat, barazki, haragi eta arrain freskoa erosteko aukera daukate herritarrek. Batez ere, adineko jendeak hainbeste mugitu behar ez izateko aukera ona izan daiteke.

Inguruetako upategien eraginez, turismoaren igoera nabaritu duzue? 

Nabaritzen da, batez ere bi landetxe eta hotel bat ireki dituztelako herrian. Jende gehiago dabilela nabari da, baina egia da Samaniegora datorrena gero Arabako Errioxako beste herrietara ere mugitzen dela. Herrian ez dugu alokairuko etxe askorik jendea animatu eta tarte handiago batez gurean egoteko, alde horretatik herren gabiltza.

"Herrian denda falta sumatzen da, eta astero azoka txiki bat antolatzea pentsatu genuen"

Eta kultur eskaintzari dagokionez? 

Kuadrillaren bitartez, herrian hitzaldi asko antolatzen ditugu. Berdintasuna edota adinekoentzako saioak izan dira azkenak. Haurrentzat ere antzerki batzuk ekartzen saiatzen gara, baina herri txikia gara, 325 biztanle, eta ahal moduan heltzen gara. Bestalde, herrian bada Murriarte elkartea, urtean hainbat ekitaldi antolatzen dituena; Aste Santuan, esate baterako, Judasen erretzea antolatzen dute, eta bi urteko etenaren ostean berriz ikusi ahal izango da aurten; iaz, grabatu eta whatsapp bidez zabaldu zuten herritarren artean. Poliki-poliki ari gara jaiak berreskuratzen. 

Berriki Memoriaren Parkea inauguratu duzue La Custiera inguruan.   

Arabako Errioxako herrietan ez zaie omenaldirik egin orain arte frankismoaren biktimei, eta uste genuen garaia zela. Eragindako minari aitortza egiteko nahia islatu behar zela uste genuen, eta horretarako omenaldi hau; Memoriaren Parkearekin ezberdinen arteko jarrerak hurbildu nahi izan ditugu, eta, horrekin batera,  hainbeste urtetan isilean eta ezkutuan egon den justizia eskatu. Azken batean, Parkea elkargune bat izatea nahi dugu.

2022rako erronkarik jarri du lantaldeak?   

Azpiegituren artean, igerileku batzuk egitea gustatuko litzaiguke, ilusio handia egiten digu proiektuak, eta horretan gaude buru-belarri. Diru laguntzetarako eskariak egin ditugu, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Udako denboraldirako igerilekuak lirateke, irekiak. Arabako Errioxan igerilekuak ez dituen herri bakarretakoa gara, baina horretaz gain, udal-zerbitzuak indartzeko, bisitariak erakartzeko eta herritarrak zaintzeko proiektua ere badela uste dugu. Pilotalekuaren eta futbol zelaiaren arteko orubean eraiki nahi ditugu, eta horrela kirol-gune oso bat geratuko litzateke bertan. Aldi berean, orain berritzen ari garen aldagelak erabiliko genituzke osagarri moduan.

Joan den otsailaren 20an inauguratu zuten Memoriaren Parkea. / PHOT. OK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago