Bertso-kopla bideo lehiaketako seigarren edizioan 115 talde izan dira lehian. Guztien artean milaka boto jaso ostean, eta epea agortuta, ALEAren webguneko irakurleek emandako saria Gasteizko Lakuabizkarra 5 D taldearen esku geratu da. Baina hori sari bat besterik ez da, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek eta zuen bozkek beste lan asko sarituko dituzte eta.
Guztien artean honako sariak banatuko dituzte, lehiaketako babesleen eskutik. Hona hemen entzuleen botoak eta epaimahaiaren irizpideak kontuan hartuta, sarituak izan diren ARABA osoko bideoak:
· AIARALDEA: Latiorro ikastetxea 5D2
· ARABAR ERRIOXA-AÑANA: Assa ikastola 6 eta San Bizente ikastola 6
· GASTEIZ: Lakuabizkarra 5D, Ramon bajo 5. maila, Sansomendi 5. maila, San Martin 5B, Aldaialde 6D eta Abetxuko 5. maila
· GORBEIALDEA: Gorbeia eskola 6. maila
· LAUTADA: Dulantzi eskola 5B
· MENDIALDEA-TREBIÑU: Mendialdea IPI, 5. maila
Talde irabazle hauetako ordezkaritza batek jaso beharko du saria, datorren abenduaren 14ko sari banaketa ekitaldian:
- Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Lautadan Ihes gela bat.
- BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat.
- ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
- HONTZA EXTREM abentura parkean taldean gozatzeko esperientzia.
Sari banaketa
Iazko edizioan bezala, bertso saio batekin amaituko da aurtengo lehiaketa. Abenduaren 14an, igandean, 12:00etatik aurrera Zabalgana gizarte etxean, Aroa Arrizubieta, Eli Zaldua, Irati Anda eta Peru Abarrategi izango dira ekitaldi aretoan, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Markel Yoller —gai jartzaile gisa—, Aintzira Gorosabel (gitarra) eta Aner Peritz (teklatua) ere.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.






