Martxan da 2025ko bideo-kopla lehiaketako irabazleak aukeratzeko bozketa

Erredakzioa 2025eko azaroaren 26a

Abenduaren 3ra arte bozkatu ahalko dira bideorik gustukoenak, ez galdu aukera!

Ehun bideotik gora izango dira lehian Bertso-kopla bideo lehiaketako VI. edizioan. Aurrekoetan bezala, arrakasta izugarria izan du lehiaketak eta 2.000 parte-hartzaile inguru ariko dira lehian aurtengoan.

Gaurtik hasita, eta abenduaren 3ko eguerdia bitartean (12:00), bideorik onena aukeratzeko epea irekita izango da. Guztien artean, hiru bideorik gustukoenak aukeratu ahalko dituzte ALEAko irakurleek. 

Irabazleak eta sariak

Jasotako lan guztien artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak, eta, horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute. Ugari izango dira sarituak horrenbestez, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:

  • Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Eskape Room bat Lautadan.
  • BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia bat.
  • ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
  • HONTZA EXTREM abentura parkerako sarrerak.

Sari banaketa

Iazko edizioan bezala, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa. Abenduaren 14ean, igandean, Zabalganako gizarte etxean, 12:00etan, Aroa Arrizubieta, Eli Zaldua, Irati Anda eta Peru Abarrategi izango dira, sari banaketaren aurretik bertsotan. Beraiekin izango dira Markel Yoller —gai jartzaile gisa—, Aintzira Gorosabel (kitarra) eta Aner Peritz (teklatua) ere.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:45ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago