Garapen jasangarriaren aldeko lana azaldu dute Kongresuan

Juanma Gallego 2025eko urriaren 24a

2030erako Agendaren helburuak jarraitzen dituen batzorde parlamentarioan eman dute proiektuen berri. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Amor sin Barreras eta Sustraiak-Habitat Design elkarteek elkartasunaren eta nekazaritza jasangarriaren alorretan martxan dituzten proiektuen berri eman dute 2030rako Agendaren helburuak jarraitzen dituen batzorde parlamentarioan.

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak zehazten dituen helburuetako batzuk lantzen dituzten bi arabar elkartek beren lana azaldu dute ostegun honetan Espainiako Kongresuan, PSOEk gonbidatuta.

Hala, Amor Sin Barreras elkarteak eta Sustraiak-Habitat Design taldeak martxan dituzten proiektuen berri eman diete Kongresuko talde parlamentarioei, Daniel Senderos diputatuaren eta Raquel Zabala Arabako Errioxako Elkarte Sozialistaren idazkari orokorraren bitartekaritzari esker.

Amor Sin Barreras elkartea sortu duen Ana Baz lapueblarrak Kenyan Pole-Pole eskolaren inguruan martxan dituzten ekimenen berri eman du. Bertan 60 bat ume turkanarrentzako hezkuntza proiektua dute. Hezkuntzaz gain, elikadura egokia eta osasun arreta bermatzeko programak abiatu dituzte Kenyan.

Amor sin Barreras eta Sustraiak-Habitat Design elkarteetako kideak, Kongresuaren atarian. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Elkartasun proiektu txikien beharra aldarrikatu du Bazek, eta nabarmendu ditu elkartean horretarako dituzten oinarri batzuk: proiektuaren diru sarrera eta gastu guztien erabateko gardentasuna eta kenyarrak egotea beren bizitza eta kulturaren gainean hartu beharreko erabaki guztien erdigunean, parte hartze aktiboa sustatuz.

Bertako egoera latzaren berri ere eman du, "planetan bizi baldintza gogorrenetakoak dituen leku bat" delako. "Lehortea dagoenean, pertsona batek ebatzi behar duen dilema da zein seme-alabari elikadura eman eta zeini ez", aipatu du. Egoera honetan, Pole-Pole "basamortu horretan dagoen oasi bat" dela dio, eta, elkartasunaren bitartez, oasi hori ahalik eta gehien zabaltzeko beharra aldarrikatu du.

David Gonzalez Sustraiak-Habitat Design aholkularitza taldeko kideak nekazaritzarako beharrezkoa den lurzoruaren egoeraz ohartarazi du, iberiar penintsulak bizi duen desertifikazio egoerak are gehiago indartuta. Materia organikoa berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du, horrek bermatzen duelako "emankortasuna eta, ondorioz, nekazaritza ekoizpena". Besteak beste, nekazaritza birsortzailea indartzeko eskatu du.

Gonzalezek taldeetako bozeramaleei azaldu die "dependentzia handia" dagoela atzerriko produktuekiko, eta, hortaz, bertoko ekoizpena indartzeko beharra azpimarratu du. Horren adibide jarri du Gasteizen kontsumitzen diren elikagai freskoen %1 baino ez dela berton ekoitzia. Sektoreak duen beste arazo bat belaunaldi erreleboaren falta da, aintzat izanik nekazaritzan jarduten dutenen batez besteko adina 62 urtekoa dela.

Bereziki azken honetan lagundu asmoz Gasteizen egiten den lanaren berri eman du Gonzalezekin batera hitz egin duen Crops4life ekimeneko koordinatzaile Maria Santiago Lopez de Uraldek. IGI Ingurugiro Gaietarako Ikastegian lantzen duten ekimen horren barruan belaunaldi erreleboa bermatzeko ALEKO egitasmoa dute martxan, gazteak lehen sektorera bideratzeko.

Arabar jatorriko bi ekimenek batzordean talde parlamentarioen babesa jaso dute, VOXena ezik, 2030rako Agendan zehazten diren garapen jasangarrirako helburuetara iristeko praktika onen adibide.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago