Lautadan, eraldaketarako hazia ereiten

Anakoz Amenabar 2024ko abe. 10a, 07:51

Ikaskuntza Komunitateak agroekologiaren inguruko hainbat saio egin ditu aurten Araban. Argazkia: Sustraiak

Trantsizio agroekologikora bidean, Arabako Lautada ari da gidaritza hartzen lurraldean, azken urteetan abian jarritako ekimenei esker; Setem Hego Haizeak eta Sustraiak Habitat Design kooperatibak landutako 'Arabako Lautadako Kartografia Soziala' lanak transizio horretan sakontzeko gakoak jorratu ditu. 

Herritarrei sasoian sasoiko produktuak jan behar dituztela gogoratzea ez da lan makala, supermerkatuek urteko edozein momentutan marrubiak jateko aukera eskaintzen duten bitartean. Bertakoa, garaikoa eta, ahal dela, ekologikoa kontsumitzeko gomendioak ematea "sistemaren kontra" joatea da gaur egun, baina horren garrantziaz jabetuta, hamaika lan egiten ari dira lurraldean, eta indar bereziarekin Lautadan. Zonaldeko esperientziak biltzen dituen Arabako Lautadako Kartografia Soziala azterketa da horren erakusgarri; agroekologia ardatz duten gero eta egitasmo gehiago hedatu dira zonaldean, lurrak "mugak" dituela jabetu eta muga horiek onartzetik hasita.

Arabako Diputazioak sustatuta, agroekologiatik lurraldeak eraldatzeko egitasmoarekin bat egin dute Setem eta Sustraiak elkarteek, Lautadan abiatutako lanarekin. Eskualdeko funtsezko eragileekin egindako elkarrizketen bitartez, Landa Garapenerako Elkartearen babesarekin, hango esperientziak jaso dituzte lurraldearen egoera ezagutzeko, eta hortik hasita tresna desberdinak martxan jartzeko. "Ikusi genuen Lautadan ekimen ugari zegoela, baina ez zeudela konektatuta, ikuspegi zabalago bat falta zitzaiela, agroekologia oinarri hartuta", azaldu du Sustraiak kooperatibako Lorena Fernandezek. Egitasmoaren helburu nagusietako bat izan da, hain zuzen, "eskalan jauzi bat" egitea.

Azken hogei urteetan nekazaritza konbentzionaletik agroekologiara igarotzeko aurrerapauso ugari eman dira zenbait lursailetan, eta horren adibide dira Asparreneko baratze ekologikoak edo Burguko Biolortu egitasmoa, baina erronka orain agroekologiaren ikuspuntu hori lurralde osoan txertatzea da. Agroekologia ikuspegi zabalago batez ari baita, sistema modu integralean ulertzeko modu batez. "Eta horrela planteatzen dugunean aukera desberdinak agertzen dira. Agroekologia ez baita bakarrik ekoizteko teknika bat, baizik eta zer nolako harremana dugun lurraldeekin", nabarmendu du Sustraiakeko David Gonzalezek. "Beste esparru interesgarri batzuk ere sartzen dira orduan, kontsumoaren atala kasu, eta, horri lotuta, transformazio guneak". Nekazaritza jardueretarako instalazioek, zerbitzu bat emateaz gain, loturak sor ditzakete, eta lan kooperatibak sortzea ekar dezakete. Okiturriko hegazti eta untxi hiltegia da horren adibide. Lautada Garapen Elkarteak bultzatutako partaidetza prozesu baten bidez sortu zuten, behar hori identifikatu ostean. "Araba mailan ez dugu hiltegirik, eta hori da Okiturrin bultzatu dutena, beste kooperatiba bat sortuta". Behar desberdinek ekarri dute Lautadara, baita ere, lekaleak sailkatzen eta garbitzen dituen elkartea, olio enpresa edo gari errota.

Paperean eta online ere eskuratu daiteke Arabako Lautadako ekoizpen mapa. Argazkia: Mikel Buruaga.

Kartografiaren bitartez, Lautadako eragile ezberdinak identifikatu dituzte, ekoizpen, kontsumo, formazio edo banaketa ataletan esaterako, eta beharren arabera egiteko zer bide dauden identifikatu, betiere ekonomia sozial eta eraldatzailea abiapuntu. "Ekimen ugari zeuden, eta horiek guztiak lotuko zituen kola falta zen. Hortan jarri dugu fokua proiektu honekin", gogoratu du Setem elkarteko Maider Arnaizek, bereziki kontsumoaren adarrari helduta. Hala, esate baterako, nekazaritza produktu ekologikoak saltzen dituzten saltokiak bistaratu eta sustatzeko ekoizleen mapa bat sortu dute, kontsumitzaileek errazago identifika ditzaten eta, era berean, kontsumitzaileen artean harreman estuagoak eraikitzen laguntzeko. Mapa fisikoa banatu zuten, baina online ere kontsulta daiteke kontsumo arduratsuko irizpideak jarraitzen dituzten 60 bat saltokiren gida.

 

Ekoizpenaren inguruan antolatutako ekimenen artean, berriz, Sustraiak kooperatibak gidatutako formakuntzak egin ditu, besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintza birsortzailearen inguruan, edo ekoizle desberdinei eman dieten aholkularitza zerbitzua, trantsizio ekologikora bidean. Fernandezek azaldu du nabari dela askotan laborariek laguntza edo babesa behar dutela trantsizio hori egiteko, pausoa emateko, nondik eta nola jo jakiteko, eta hurrengo urtean ere horretan arituko dira.

Arabarentzat eredu

Agroekologian sakontzen jarraitzeko tresnak eskura dituzte Lautadan, beraz, eta interesa ere ez da falta. Baina Arabako beste kuadrillentzako eredu izango ote da hurrengo urteetan? "Oso lan ona egiten ari dira. Gutxinaka doaz, baliabide askorik ez dagoelako, baina egiten ari diren lana ona da. Eta, batek daki, baina izan daiteke besteentzat eredu", aipatu du Fernandezek. Arabako Lautadan bidea agroekologia dela argi dute eragile nagusiek, eta, horri helduta, agian zonalde osorako hedapen plan bat prestatzea izan daiteke hurrengo urrats interesgarria, Sustraiak eta Setemeko kideen esanetan. "Beste kuadrilletan ere badaude proiektu interesgarriak, baina kasu honetan ikuspegi orokor bat dutela agerian dago. Besteetan, beharbada, oraindik eragile gehiago batzea eta ikuspegi zabalago batekin jokatzea falta zaie", nabarmendu du Gonzalezek.

"Gutxinaka, baina oso lan ona egiten ari dira Lautadan"

Lorena Fernandez, Sustraiak

Agroekologiaren esparruan herritarrek aurretik egiteko zenbateko lana duten jakitea, ordea, ez da neurtzen erraza. Eta haizeak ez du alde jotzen. "McDonalds edo Burger Kingen kontra joatea lan zaila da, komunikabide guztiek kontsumoa zentzu bakarrean bideratzen dutenean", aipatu du Gonzalezek. "Sistema honen kontra joatea da proposatzen duguna azken batean, eta hori ez da batere erraza". Kontsumoari dagokionez, aitortu dutenez, pedagogia handia dago egiteko oraindik, baina gazteen artean ingurumenarekiko "sentsibilitate handia" dagoela uste du Arnaizek, eta hori izan daiteke aurrerantzean lan egin ahal izateko heldulekuetako bat. Ekoizpenaren alorrean dago, ordea, erronka handiena momentu honetan, ez baitago erreleboa hartuko duen nekazari eta abeltzainik. "Gazteek ez dute beren burua ikusten lehen sektorean, eta hori sekulako arazoa da denontzat. Hurrengo bost urteetan sektorearen ia erdiak erretiroa hartuko du. Gizarte mailako arazo bat dugu, eta, dirudienez, ez zaio inori axola", salatu du Gonzalezek.

Jendartean ekoizpen eredu konbentzionala oso barneratuta dagoela gogoratu du Arnaizek, eta horren kontra beste eredu bat planteatzea oso zaila dela, nahiz eta badiren adibideak lurraldean. "Badago beharbada lehen sektorean hasi nahi duenik, baina bestelako eredu batekin, eredu kooperatibo batekin agian. Egungo eredua oso indibidualista da, eta oso maskulinizatua; beste eredu bat bilatzen dute".

Penca de Sabila

Agroindustriaren mehatxua eta elikadura burujabetzaren aldarrikapenak, ordea, ez dira soilik Lautadan geratzen. Ipar eta hego, denak kolpatzen ditu. Agroekologian eta ekonomia sozial eta solidarioan esperientzia handia dute, esaterako, Medellingo (Kolonbia) Penca de Sabila elkartean, eta elkarrengandik ikasteko zenbait saio izan dituzte Sustraiak eta Setem elkarteetako kideekin. Planetaren mugak, klima aldaketa edota naturaren kontserbazioaren beharra arazo globalak dira, eta Araban zein Medellinen tokian tokikotik erantzuten diete, ekoizpenetik, kontsumotik eta banaketatik, nahiz eta aldeak dauden, bakoitzaren testuinguruak eraginda. "Ezagutzak partekatzen ditugu Ikaskuntza Komunitatea izeneko egitasmoan, eta esango nuke hori dela proiektuaren ardatza, benetan eraldatzaile egiten duena", nabarmendu du Lorena Fernandezek.

Agroekologian 30 urteko esperientzia dute Penca de Sabilan, eta han osatu duten komunitate sare aberatsa faltan botatzen dute Euskal Herrian. "Oso interesgarriak dira eraiki dituzten sareak, eta ikasketa modura baliagarri zaizkigu, hemen nola antolatu gaitezkeen ikusteko. Beharbada alde teknikoa eskasagoa dute han, baina alde komunitarioa askoz aberatsagoa da, eta eredu dira", aipatu du Arnaizek.

Arabako esperientzia ezagutu dute Penca de Sabilako lagunek, Setem eta Sustraiak-eko kideekin. Argazkia. Sustraiak

Ohiko landa eremu baten aldean, Kolonbiako bigarren hiri garrantzitsuenean antolatu zuten Penca de Sabila korporazio ekologiko eta feminista, Claudia Montoya kideak ALEAri azaldu dionez. "Medellingo barrutian 50.000 laborari familia inguru hartzen ditu sareak. Hiriaren ertzetako nekazari ekonomiaren aldeko apustua egiten du horrela. Elikadura burujabetzara bidean, elikagaiak ekoizteko, merkaturatzeko eta kontsumitzeko modu alternatiboak sustatzen ditu". Zutabe nagusien artean, gainera, landa eremuko emakumeen eta emakume nekazarien aldeko apustu irmoa egiten du Pencak. "Hiriko mugimendu feministak hiriko emakumeen errealitateak ditu buruan, eta desberdintasunak agerian daude; horiei erantzuten saiatzen gara".

"Prozesu osoan laguntzen ditu Penca elkarteak laborariak"

Claudia Montoya, Penca

Uraren kudeaketa komunitarioa da elkarteak duen egitasmo nagusietako bat. Estatuak ez du edateko ura bermatzen komunitateetan, Montoyak azaldu moduan, eta, beraz, auzokideen batzar bat arduratzen da ura bilatu eta kudeatzeaz. Herritarren sare horrek ahalbidetzen du, baita ere, ereiteak planifikatu ahal izatea; familia bakoitza elikagai edo espezie batez arduratzen da, eta banaketa horrek bata bestearen osagarri izatea dakar, elkarteak  kudeatzen duen dendak bermatu ahal izatea eskaintza, kantitatea eta prezio bat familia kontsumitzaileei. "Prezioen akordio horiek garrantzitsuak dira guretzat, Kolonbian salmenta prezioa ez baitu nekazariak jartzen, bitartekariak baizik", gogoratu du. "Sei hilean behin bilera bat egiten dugu prezioak adosteko; ekoizpen kostuetan oinarritutako prezioak betiere".

Martorri eta tipula monolaborantza sailetan erabiltzen zuten agrotoxiko batek piztu zuen agroekologiarako bidea, 1980ko hamarkada amaieran, Pencako kideak azaldu duenez, hainbat lagun gaixotzen ari zirela ikusita. Produktu kimikoak gutxinaka-gutxinaka kendu zituzten, eta praktika osasungarriagoekin hastearekin batera abiatu zuten "iraultza txikia" Medellingo baratzeetan. "1990ean hasi zen hemen agroekologiaz hitz egiten; gaixotutako familiak beraiek hasi ziren euren ortu txikietan laborantza entsegu desberdinak egiten eta, arrakasta ikusirik, zabaldu egin ziren ekoizteko modu berriak".

Errealitate desberdinak ezagutzeko, Ikaskuntza Komunitateak hainbat saio egin zituen 2023an Kolonbian. Argazkia: Sustraiak

Geroztik, agroekologiak gidatzen ditu familiak, Montoyak gogoratu duenez, eta modu integralean eskaintzen die laguntza Pencak. "Jarduera tekniko eta praktikoetatik hasita, banaketa eta salmentara arte, prozesu osoan laguntzen ditu elkarteak nekazariak, ekonomia sozial eta solidarioa ardatz".

Lankidetzaren ideia klasikoa hautsita, modu horizontalean, Euskal Herria eta Kolonbiaren arteko esperientzia honekin ikaskuntzak sortzea eta trukatzea bultzatu nahi izan dutela gogoratu du Arnaizek. Han ikasitakoak Lautadan praktikan jartzeko moduak aztertzen ari dira orain. Arabako Lautadako Kartografia Sozialean jaso dutenez, tresna guztiak beharko dituzte erronka berriei heltzeko, eta funtsezkoa izango da lurraldearen kudeaketa agroekologikoa egitea, bai eta lurraldearen barruan enplegua sortzeko gaitasuna handitzea ere. Europako Batasunak 2030eko Biodibertsitatearen Europako Estrategiaren eta "baserritik mahaira" estrategiaren bidez, klima aldaketa geldiarazteko tresnak eratu eta oinarrizko produktuen autohornikuntza maila handitzea planteatzen du. Horrek guztiak, noski, gaur egun lurraldean nagusi den elikadura sistema sakon eraldatzea eskatzen du, eskakizun berrietara egokitzeko. Arabako Lautada hasi da bidea urratzen, atzetik ingurukoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago