Gasteizen kontsumitutako elikagai freskoen %1,1 baino ez da Arabakoa

Erredakzioa 2023ko uzt. 5a, 10:00

Fruta eta barazkien denda bat, Gasteizko Azoka plazan. Argazkia: mercadoabastos.eus

Europan aitzindari den azterketa baten arabera, hiriaren eta lurraldearen arteko desakoplamendua "erabatekoa" da: 2019an Gasteizen kontsumitutako 67.000 tona elikagai freskoetatik %98,9 Arabatik kanpokoa izan zen.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (IGI) 2022ko memoriak Gasteiz eta Arabako nekazaritzako elikagaien sistemaren inguruko datu kezkagarriak atera ditu argitara. 2017an, Gasteizek Nekazaritzako Elikagaien Udal Estrategia jarri zuen martxan, eta 2022tik IGIa estrategia hori berrikusteko lanean ari da.

Lehen urrats gisa, lehen mailako datuetan oinarrituta, hirian kontsumitutako elikagai freskoen kantitate eta jatorriari buruzko diagnosia egin zuen, trantsiziorako abiapuntua kuantifikatu dute: Zer elikagai fresko kontsumitzen da Gasteizen? Zein portzentaje da tokiko jatorrikoa?

Europako hiri batean lehen aldiz egindako tamaina horretako ikerketaren emaitzek berretsi egin dute "hiriaren eta bere lurraldearen artean deskonexio handia" dagoela elikagaien esparruan. Eta bildutako datuetan oinarritutako ondorio nagusia latza da: Gasteizen kontsumitutako elikagai freskoen %1,1 soilik da arabarra.

Ez da kasu isolatu bat, eta hori "garapen maila ertain-handia duten hiri guztien egunerokoa" dela azpimarratu du IGIak. Gasteizko kasu zehatzean, "nekazaritzari lotutako ingurune bat eduki arren, elikagaien kontsumoari dagokionez hiriaren eta bere lurraldearen arteko kontraesana" nabarmendu dute. "Egoera hori are larriagoa da, ez baitago ez dibertsitaterik ekoizpenean ez industria eraldatzailerik", dio txostenak.

Elikagaien %76,3 EAEtik kanpokoa

Datuak biltzeko, inkestak egin dituzte handizkako sektorean eta kanal tradizionaleko denda txikietan, erantzun tasa %50etik gorakoa izanik. Eta emaitzei dagokionez, hainbat alderdi aztertu dituzte: Gasteizko elikagai freskoen fluxuen kuantifikazioa, jatorria eta merkaturatze kanala.

Soilik produktu freskoak kuantifikatu dituzte, hau da, fruta (%38), barazkiak (%28,7), haragia (%12,6), ogia (%11,4), arraina (%4,9) eta hestebeteak (%4,4). Ogia bereziki aztertu zen, lurraldearen bokazio zerealista dela eta.

Gasteizen 2019an kontsumitutako 67.000 tona elikagai freskoetatik, nabarmentzekoa da Arabako (%1,1) eta Gipuzkoako eta Bizkaiko (%2,4) elikagai masaren ekarpen txikia. Gasteizen kontsumitzen diren elikagaien %20,1 EAEtik kanpo ekoizten dira, bertan eraldatu edo agregatzen diren arren; beraz, ez dira tokiko produktutzat kontuan hartzen.

Gainerako kontsumoa (%76,3) ez da EAEn ekoizten, ezta eraldatzen ere: %13 Bigarren Koroan (Nafarroa, Errioxa, Burgos eta Kantabria), %62,1 Espainiako estatuko beste probintzietan eta %1,2 nazioartean ekoitzi edo eraldatzen dira.

Denda txikiak eta handizkako merkatuak

Merkaturatzeari dagokionez, gaur egun kanal nagusia kontsumo handia (%57,5) da; ondoren, kanal tradizionala (%39,5), beste kanal batzuk (%2,2) eta online erosketa (%0,8) daude. Eta banaketa kanal bakoitzaren bilakaera produktu bakoitzaren araberakoa da.

Azterketak zehaztu duenez, duela 25 urte 200 arrandegi zeuden Gasteizen; gaur egun 40 baino ez daude. Aldiz, fruta denden kopurua handitu egin da azken urteetan, "ziur asko negozioak eskaintzen duen espezializazio erraztasunaren ondorioz". Halaber, azterlanak egiaztatu ahal izan du handizkako merkatuan (MercaVitoria) "belaunaldi erreleborik ez" dagoela, eta establezimenduen eta negozioen kopuruak nabarmen egin duela behera. Izan ere, gaur egun MercaBilbao da kanal tradizionaleko establezimendu askoren hornitzaile nagusia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago