Saretzen

Luna gehiago Ane baino

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko eka. 22a, 08:00

Araban txakur gehiago dira 15 urtetik beherako haurrak baino. Lekurik nabarmenena Urizaharra da, non 82 txakur dagoen hamar umeko.

Egizu proba: Gasteizko edozein parkera joan zaitez, eta "Luna, zatoz!" oihukatu ezazu, ozen. Estatistikek diotenez, dozenaka txakur obediente hurbilduko zaizkizu, gehienbat mestizoak, galletaren bila. Urizaharreko edozein parajetan baldin bazabiltza, ordea, Txiki, Neska edo Lagun izeneko ehunka setter ingeles agertuko dira proba berdina eginez gero… Eta ehiztari haserre bat atzetik.

Etxeko animaliak, etxean bizi ohi diren animaliak, aztertu berri dituzte Tokikomek eta EITB taldeetako hedabideek, modu bateratuan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako animaliak identifikatzeko erregistro orokorrak iturri hartuta. Saretzen datu kazetaritza lantzea helburu duen lankidetza proiektuaren laugarren saiakera honetan Hego Euskal Herriko maskoten inguruko datuak aztertu dituzte, batik bat txakurren ingurukoak, horiek baitira gehien erabiltzen direnak, eta baita eremu publikoa gizakiarekin partekatzen dutenak ere.

"Indibidualismoa indartsua den gizarteetan, txakurrak giza sare sozialen ahulezia edo giza bakardadea moteltzen ari dira"

Izan ere, Hego Euskal Herrian bost etxetik batean txakur bat dago, eta Arabak (%25,1) gainditzen du Hego Euskal Herriko batez besteko hori. Hartara, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroarekin alderatuta, Arabak biztanleko txakur kopuru altuena du, 1,68 txakur 10 biztanleko. Ikusgarria da, adibidez, Urizaharrean dagoen proportzioa, non hamar biztanleko hamar txakur dagoen; Kuartangon, zortzi txakur dago hamar biztanleko; eta Lezan eta Bernedon, zazpi txakur hamar biztanleko. Landa eremuko populazio txikiak eta ehiza txakurrek herri horietan duten pisuak azaltzen dute proportzio handiaren arrazoia. Arabako hiriburuan eta herri handienetan, ordea, txakurren eta biztanleen arteko proportzioa azkoz apalagoa da: Gasteizen, Laudion eta Agurainen, adibidez, txakur bat dago hamar biztanleko, gehienak konpainia egiteko.

Txakurrak umeen ordez?

Proportzioekin jarraituz, oso ohikoa da gaur egun kexa moduan entzutea txakur gehiago daudela umeak baino, eta ez ari ote garen umeak txakurrekin ordezkatzen. Errealitatea da ume baino maskota gehiago dagoela Europa osoko etxeetan; eta maskoten jabeen bi herenek (%63) familiako kidetzat hartzen dituztela maskotak. Gainerako Europako herrialdeetan bezala, Araban ere txakur gehiago dira 15 urtetik beherako haurrak baino. Herrialde osoan ematen da egoera hori, nahiz eta udalerri txikietan –populazio zaharkituagoa duten herrietan– oso agerikoa den fenomeno hori. Lekurik nabarmenena Urizaharra da berriro, non 82 txakur dagoen hamar umeko. Udalerri handietan ere ikusten da, 2.000 biztanletik gorakoetan, hala nola, Legution, 34 txakur hamar umeko; edo Zuian, 43,4 txakur hamar umeko. Gasteiz hiriburuan, berriz, 8,7 txakur daude hamar umeko; 11,2 txakur hamar umeko Laudion; 9,9 txakur hamar umeko Oionen; eta herrialdeko proportziorik baxuena Agurainen dago, 7,5 txakur hamar umeko.

EHUko Carlos Garcia antropologoarekin hitz egin du ALEAk maskoten kopuruaren goranzko joeraren atzean dauden faktoreak argitzeko. Garciak azaldu duenez, ez dago kausa edo faktore bakarra. "Etxeetako txakurren kopurua handitzeari dagokionez, gizakien osasun fisikoari, emozionalari eta psikologikoari dakarzkioten onurei egotz dakioke, besteak beste". Halaber, "hutsunearen teoria" aipatu du antropologoak, alegia gizakiok falta dugun edo galdu dugun zerbait irabaziaraziko edo berreskuraraziko liguketela txakurrek. "Adibidez, gure gizarte kapitalista berantiarretan, eta indibidualismoa indartsua den gizarteetan, txakurrak giza sare sozialen ahulezia edo giza bakardadea moteltzen ari dira, batez ere hirietan. Pentsatu behar da txakurrek, askotan, kaleetan edo parkeetan, gure interakzio sozialak markatzen dituztela, jendearekin harremantzen laguntzen digute". Jaiotza tasa txikia ere egon daiteke maskota gehiago hartzearekin lotuta, Garciaren esanetan; baina ohartarazi du txakurrak umeak ordezkatzen ari diren inpresioarekin kontuz ibili behar dela, "ohikoagoa baita seme-alabak dituzten familiek txakurrak izatea". Halaber, txakurkumeen erosketa izugarri handitzen duten koiunturak aipatu ditu antropologoak, "eta hemen, adibidez, pandemiaz ari naiz, Covid-19az"; eta azkenik, beste faktore garrantzitsua maskoten industriaren interes ekonomikoak direla azpimarratu du Garciak. "Kapitalismoa oso azkarra da. Industria berehala ohartu da gizartearen kontzientziaren aldaketaz, eta zure familiako kideak direla esaten duten kanpainak egiten ari da".

Konpainiako txakurrak, nagusi

Hortaz, Hego Euskal Herrian 432.000 txakur eta 60.700 katu baino gehiago daude, eta horietatik 300.000 baino gehiago konpainiako animaliak dira. Araban, berriz, 55.970 txakur daude guztira, eta 7.707 katu. Argi dago zenbat eta biztanleria gehiago orduan eta txakur gehiago dagoela, eta horren lekuko dira estatistikak: 30.483 txakur daude Gasteiz hiriburuan, 2.531 Laudion, 2.503 Amurrion, eta 1.127 Iruña Okan. Beste muturrean, txakur gutxien duten Arabako herriak Kripan eta Ekora dira, 32 eta 36 txakurrekin hurrenez hurren.

Animalia horietatik guztietatik %71,1 konpainiako txakurrak dira; %19,6 ehizarako erabiltzen dira; eta %9,2 zaintzarako edo artzaintzarako. Hego Euskal Herrian, Araba da, portzentajean, zaintzan edo artzaintzan txakur gehien batzen duen lurraldea, Aiaraldea, Gorbeialdea eta Añana kuadrilletan batez ere. Kontuan hartuta eskualde horietan daudela estentsiboan jarduten duten ganadu esplotazio gehien dituzten herriak logikoa da lehen postua izatea. Udalerriei dagokionez, zaintzarako erabiltzen dituzte Aiarako txakurren %37,6 (622 txakur); Urkabustaizko txakurren %37,2 (270 txakur); Kuartangoko %33,3 (102 txakur); Haraneko %32,2 (38 txakur) eta Artziniegako %25,1 (24,5 txakur). Ehizan aritzen diren txakurrei dagokionez, Hego Euskal Herrian, Nafarroan dago ehizarako txakurren portzentajerik handiena (%31,3), eta ondotik daude Gipuzkoa (%25,4), eta Araba (%19,6), Arabako Erioxan eta Mendialdean batez ere, honela banatuta: Mañuetan, txakurren %72,5 ehizarako dituzte (74 txakur); Lezan %70,8 (109); Urizaharrean txakurren %65,7 ehizarako dituzte (222), Navaridasen %62,3 (48), eta Bernedon %61,9 (239 ehiza txakur).

Erlazionatuak

Estimatuenak, mestizoak eta setter ingelesak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute eka 22 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago