"Espezie anitzeko familien fenomenoa azken mendean hasi da gertatzen, XX. mendearen azken herenean; eta funtsean fenomeno hiritarra da. Nire ustez, gero eta indar handiagoa hartzen ari den familia konfigurazioa da; gizakien eta animalien arteko loturak oso indartsuak diren familiak dira", azaldu du Carlos Garcia EHUko antropologoak. Fenomenoaren atzean, bi faktore aipatu ditu. Batetik, animalienganako sentsibilitatearen aldaketa, eta, besteak beste, "ongizatea eta animalien eskubideak defendatzen dituzten mundu hiritarreko giza taldeen diskurtsoen eragina". Eta bestetik, ahaidetasunean eta familian gertatu diren sakoneko aldaketak. "Fenomeno garrantzitsu batzuek familiaren konfigurazio berriak ekarri dituzte, eta argi eta garbi ikusten ari da familia, azken finean, ez duela odolak egiten, harremanen eguneroko praktika batek baizik; eta gainera, aukeratu ahal izatea eta bizikidetza funtsezko elementuak dira lotura afektiboak eta zaintzak ezartzeko. Sozialki, familia eredu berri horiek guztiek aukera ematen dute familia espezieanitzak sortzeko".
"Familia, azken finean ez du odolak egiten, harremanen eguneroko praktika batek baizik"
Garciaren esanetan, administrazioek ez lukete maskotak integratzen dituzten familia hauen fenomenoa gutxietsi behar. Izan ere, haren esanetan, familia espezieanitzak egon dira nolabait Espainian etxeko animalien estatus juridikoaren aldaketaren atzean, non animaliak ondasun, gauza edo objektutzat hartzetik izaki sentiberatzat hartzera pasatu den. 2022an, Kode Zibilaren aldaketa indarrean jarri zenetik, ondorio argiak izan ditu arlo juridikoan. Esaterako, dibortzioa gertatuz gero, maskota ezin da ondasun higigarri gisa tratatu. Orain, lege honen bidez, animalia horren ongizateari begiratzen zaio, eta zaintza partekatuaren edo bisiten araubidea ezartzen da, giza haurra balitz bezala. "Etxeko animalien estatus juridikoan aldaketa hori egiten duzunean, badakizu animalia horiei eskubideak ematen dizkiezula; orduan ateak irekitzen ari zara zientzia-fikziokoak ematen duten eskaerei, adibidez, maskotak zaintzeko baimenak".
Alta, asko maite dugun laguna errazegi abandonatzeko joera dugula diote datuek. 2023an, Armentiako Animaliak Babesteko Zentroak 429 txakur eta katu abandonatu jaso zituen, 2022an baino nabarmen gehiago (%34). "Hori gertatzen da gizakiok txakurrei pertsona izaera testuinguruaren arabera ematen edo kentzen diegunean. Harremana komenientziara instrumentalizatzen da. Hala ere, ohartarazi behar da familiako giza loturak ere ez daudela ziurtatuta bizitza osorako. Hausturak ere badaude ama, aita eta seme-alaben artean. Zentzu horretan ere ez da inozentea izan behar".