Saretzen

Estimatuenak, mestizoak eta setter ingelesak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko eka. 22a, 08:00

Araban mestizoak dira ugarien diren txakurrak; ondoren daude setter ingelesak, border collieak eta euskal artzainak.

Ehiza txakurrek eta zaintzan eta artzaintzan erabilitakoek beti izan dute lan bat egiteko, ehiztariei edo artzainei laguntzea hain zuzen, baina denborarekin gauzak aldatu egin dira. Gaur egun, ehiza, artzaintza eta zaintza txakurrak etxeko animaliak bezala ere hartzen dira, eta ehizaz edo artzaintzaz haraindiko hainbat jardueratan parte hartzen dute. Txakurraren arrazak markatu ohi du animaliaren funtzioa, baina egun, konpainia eta lana funtzioen arteko muga lausotu egin da, eta ehunka dira hiriburuan paseatzen ikusi daitezkeen mastinak, border collieak edo setter ingelesak. 

Herrialdean txakurren arraza ohikoena identifikatzeko, EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrera jo behar da. Hor, 1999 eta 2024 urteen artean txipa jarri duten txakurren kopuruak eta ezaugarriak aztertu ditu ALEAk. Erregistroa errealitatearen nahiko adierazgarria bada ere, kontuan hartu behar da txakurren zenbateko handi bat ez dagoela erregistratuta (txipik gabe dago); eta gainera ez dago argi errolda sistematikoki eguneratzen den, alegia baja eta alta guztiak kontatzen diren.

Halere, datu ofizialen arabera, zalantzarik gabe, mestizoak dira gure artean ugarien dauden txakurrak, eta arrazatzat hartuko balira, orduan ohikoenak izango lirateke, guztira 13.011 baitaude Araba osoan. Ondoren, lanerako txakurrak dira arabarrek gehien estimatzen dituztenak, hirietan zein landa eremuan. Hamar arraza gogokoen zerrendan daude setter ingelesa, border colliea, euskal artzaina, yorkshire terrierra, artzain alemana, Espainiako mastina, podenkoa, spaniel bretoia eta labrador retrieverra.

Mestizoarekin batera, podiumean lehenbiziko tokian urtez urte mantendu den arraza da setter ingelesa; ehizagatik da, bereziki oilagorren, eperren eta galeperren ehizagatik, Araban beti oso gogokoak izan baitira. Gainera, azken boladan etxeko txakur bezala ere hartu dute. Border colliea, berriz, moda-modan dago, eta 2010 eta 2020 artean hirugarren jarri da, euskal artzainaren gainetik. Azken hamarkada honetan rankinean sartu den bigarren txakur arraza yorkshire terrier txikia da. Gaur egun Ingalaterrako arraza kotizatuena da, eta munduan gehien zabaldutako arraza ere.

Luna, txakurrak eta katuak

Bada, behin txakurraren arraza erabaki dutenean, jabeek egiten duten hurrengo urratsa izena aukeratzea izaten da. Ematen ohi duten lehen gomendioa da hitz laburrak aukeratzea eta bi hitzez osatutako izenak ahaztea. Silaba bakarreko izenak aukeratu behar omen dira, lehentasunez, "a" eta "o" letrak erantsita, horiek hautematen baititu animaliak modu sinpleenean. Oinarrizko gomendioez haratago, sarritan, gure txakurrentzat aukeratzen ditugun izenek gehien axola zaizkigun gauzak islatzen dituzte, baita inguratzen gaituzten pertsonak eta paisaiak ere. 
Gisa horretan, Araban, txakurren izen erabilienak Luna, Kira, Lur, Sua eta Thor dira (ordena horretan). Izen klasikoez gain, beraz, lehenbiziko hamar izen erabilienen zerrendan, Lur, Sua, Argi, eta Beltza izen euskaldunak sartu dira. Marrazki, telesail eta film gogokoenetako protagonistak dira ere txakur jabeek buruan dauzkaten beste izen batzuk: Disneyko Leon Erregearen Nala, Sheldon, Scooby, Shin Chan edo Chewaka, besteak beste. 

Katuen erregistroa, berriz, ez da oso fidagarria, soilik katuen %3a edo %4a txipatuta baitago. Araban, 7.707 katu dago erregistratuta, eta txakurrekin bezala, izen arrakastatsuena Luna da. Ondoren datoz Nala, Simba edo Coco. Izen bitxiak ere topatu daitezke katuen artean: Arnold Scwarzenegger, Vincent Van Gogh, Quentin Tarantino, Panty Izagirre, Katharine Hepburn, Batman edo Covid-19.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago