Saretzen

Saretzen proiektua jarri dute abian EITBk eta TOKIKOMek

Erredakzioa 2022ko aza. 28a, 14:15

Alaitz Artolazabal (TOKIKOMeko zuzendari nagusia), Iban Arantzabal (TOKIKOMeko presidentea), Arantza Ruiz (EiTBko albistegietako burua) eta Isabel Octavio (EiTBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria).

Egitasmoaren helburua datu kazetaritza elkarrekin lantzea da, BBCren Local News Partnership ereduari jarraituz.

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak SARETZEN proiektua jarri dute abian, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan gizarteratzeko helburuarekin. Lehen txanpa honetan Hego Euskal Herriko demografia jorratuko dute EITBren eta TOKIKOMen medioetan, nork bere ezaugarriei eta esparruari egokituta. Aurrerantzean, eta aliantza horri jarraituz, asmoa da beste hainbat eduki eta tematika ere elkarlanean lantzea.

Demografia aztergai

Zehazki, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landuko dituzte, Eustat eta Nastat iturri hartuta. Azken 20 urteotako populazioaren bilakaera aztertzeaz gain, gizartearen erradiografia egingo dute, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza-tasari erreparatuta. Eskualdez eskualde emandako fenomenoetan jarriko dute arreta, eta udalerriak ere aztergai izango dituzte, datuak eskualde, hiri zein herrietako errealitateetatik aztertuta. Hain juxtu ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokituko da.

Lankidetza hitzarmena

Etorkizunean beste hainbat gai ere elkarlanean jorratzeko aliantza adostu nahi izan dute EITBk eta TOKIKOMek. Hain zuzen ere, hitzarmen honi esker, Euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea bilatu nahi dute bi aldeek; biztanlegoaren informazio beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazio esparruko komunikabideen arteko elkarlan eredu bat lantzeko.

Euskaraz sortutako kalitatezko edukiarekin Euskal Herriko agendan eragitea ere helburutzat jo du akordioak eta, horri lotuta, eraginkorrak izateko aldaketa teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta baliatzea.

Hitzarmen honetan parte hartuko dute, EITB taldeko hedabideekin batera, TOKIKOM euskarazko tokikoko hedabideen sareko bazkideek ere. 2012an sortu ostean, gaur egun, 28 bazkide ditu, orotara 76 komunikabide kudeatzen dituztenak, euskarri guztietan: papera, irratia, telebista eta digitala.

Matthew Barraclough BBC-ko arduraduna TOKIKOMek antolatutako saioan. / Argazkia: TOKIKOM

Local News Partnership egitasmoa

2021eko azaroan Komunitatea Josten jardunaldiak antolatu zituen TOKIKOMek, eta hainbat kasu praktiko aurkeztu zituzten bertan, tartean orain oinarri bezala hartutako Local News Partnership proiektua. BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren artean osatutako proiektua da, Matthew Barraclough egitasmoaren zuzendariak jardunaldiotan azaldu zuenez.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago