Azken hauteskundeetan Arabako zerrendaburu izandako Joseba Diez Antxustegi izendatu du EBB Euskadi Buru Batzarrak Legebiltzarrean jeltzaleen bozeramaile lanak egiteko, Joseba Egibarren lekukoa hartuta.
Diezek azken hilabeteotan gorakada nabarmena izan du hartutako erantzukizunei dagokionez. Euzkadi Buru Batzarraren hasierako hauteskunde-zerrenda proposamenean agertzen ez bazen ere, Arabako oinarriek, ia erabateko adostasunez, Diez hautatu zuten lurraldeko zerrendaburu izateko.
Hautagai gaztea, ibilbide luzea
Joseba Diez Antxustegik 31 urte ditu, euskaldun elebiduna da, eta, neurri handi batean, Eusko Alderdi Jeltzalearen belaunaldi erreleboa ordezkatzen du. 18 urterekin batu zen alderdira, eta gaztea bada ere, ibilbide oparoa egin du EAJren barruan eta erakundeetan, etorkizun are oparoagoa marraztuz. Gainera, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko (ABB) presidentearen konfiantzazko pertsona da.
Gaur egun batzarkidea eta jeltzaleen bozeramailea da Arabako Batzar Nagusietan, eta legebiltzarkide ere izan da 2019tik 2023ra bitartean.
Zuzenbidean graduatua (EHUn) eta abokatua, kirolean ere aritu izan da, besteak beste, atezain gisa Araiako Alipendi eta Deportivo Alaves B taldeetan, edota Alaveseko harrobiko gaztetxoen entrenatzaile gisa.