Mikel Otero

"Agortutako formula baten aurrean egon gara"

Anakoz Amenabar 2024ko api. 18a, 06:04
Mikel Otero, EH Bilduk Gasteizen duen egoitzaren aurrean. Argazkia: A. Amenabar

"Zerrendan hirugarren hautagaia da Mikel Otero, Legebiltzarrean esperientzia gehien duenetakoa taldean. Oraingoan, ziklo aldaketa datorrela uste du, eta EH Bildu lidergoa hartzeko prest dagoela dio"

Azken denboraldian herritarrekin "konexio bat" lortu dutela uste du Mikel Oterok (Gasteiz, 1972), eta hauteskunde  gaua "magikoa" izatea espero du. "Epaileak herritarrak dira, eta beraiek ikusiko dute non jartzen gaituzten, baina sentsazio onak ditugu".

Gobernuan irudikatzen duzu EH Bildu?

Bai, arazorik gabe. Azken lau urteetan horretarako prestatzen aritu gara, eta horretarako proposamenak egiten zenbait esparrutan; gure konfort esparruetatik kanpo ere ibili gara, gure burua gobernu arduretan irudikatzen genuelako, eta askotan entzun gaituzue erronka estrategikoez, herri akordioez edo itunen beharraz. Hori esatearekin batera, noski, irudikatzen dugu gure burua herri honetan eman behar den aldaketa estrategiko honen lidergoa hartzeko moduan.

PSE-EEk argi utzi du ez duela EH Bildurekin akordiorik nahi.

PSEk gauza asko esaten ditu. ez duela akordiorik nahi esaten du, baina hori ere kontraesankorra da zenbait lekutan gurekin nahi duelako; aldi berean, EAJ agortuta dagoela esaten du, beraiekin Gobernuan egon ez balira bezala. Badakigu sozialisten estrategia ere badela pixkat itzalita dagoen horri distira ematea diskurtso batekin... Uste dugu sozialistekin gaitasuna izan dugula akordioak egiteko, gobernu desberdinetan babesak emateko; gure ustez, dagoeneko fase berri batean gaude.

Batzuetan ezkerreko blokearen alde egiten duzue, beste batzuetan abertzalearen alde. Zein da lehentasuna EH Bildurentzat?

Hauteskunde ostean hitz egin beharko dugu, baina momentuz inkestek esaten dute herritarrek gehiengo abertzaleago bat egongo den seinaleak daudela, eta, baita ere, ezkerrerago dabiltzan politika batzuk nahi dituela. Uste dut hemen biak ala biak direla garrantzitsuak. Herri hau egun duen Gobernua baino feministagoa, ekologistagoa eta aurrerakoiagoa da, eta egun dagoena baino abertzaleagoa da; biak bateragarri egin behar ditugu. Argi dugu guk aurrera eraman nahi ditugun politikak aurrera eramateko subiranotasun kuota handiagoak behar ditugula. Beraz, batzuk kaxoi batean utzi duten estatus politiko berriaren eztabaida berriro irekitzeko ordua da, besteak beste, Madrilen ere aukera leiho bat badagoelako.

Uste dugu sozialistekin gaitasuna izan dugula akordioak egiteko; dagoeneko fase berri batean gaude

Nolakoa izan da azken legealdi hau, barrutik ikusita?

Gehiengo absolutu bat egon da, eta horrek asko baldintzatu du, lege asko proposatu izana ekarri du, jarduera handikoa izan da. Beste gauza bat da ia lau urteetan Gobernu honek erakutsi duen kudeaketa gaitasuna balekoa izan ote den, guri iruditzen zaigu ezetz. Gure milaka proposameni entzungor egin die Gobernu honek. Ikusi da, halaber, hainbat zerbitzu publikoren gainbehera nabarmen baten aurrean geundela, eta ez dute izan erreakzio gaitasun bat. Agortutako formula baten aurrean egon gara.

"Trantsizio Legearen inguruan hitz egiten dugunean herri ardura batetik hitz egiten dugu"

Hezkuntza Legea izan da EH Bildurentzat porrot nagusiena? 

Gure partetik ez dugu porrot bezala ikusten. Apustu handia egin genuen gaiaren inguruan, gutxienez bi urte eta erdiko lanketa bat egon zen, testua onartu genuen, gauza positiboak atera genituen hor, eta legearen zirriborroak bazuen ondo sukaldatutako akordioaren kutsua. Baina uste dut hor bihurgune bat egon zela; sozialistek hordagoa bota zuten, euskara eta ereduen kontua palanka bezala hartuz, eta EAJk hori babestu zuen, bereziki Lehendakariak. Azkenean interes alderdikoi bat gailendu zen. Batzuei iruditzen zitzaien gurekin argazki horretan ateratzea ez zitzaiela komeni politikoki, eta gure ustez akats galanta egin zuten. Beraz, uste dut guk zintzotasunez jokatu dugula hasieratik amaieraraino.

Trantsizio Energetikorako Legeak ere talka bat sortu du EH Bilduren oinarrien artean. Ulertu da zuen apustua?

Saiakera egin dugu. Egia da azken zortzi urteetan talka batean ibili garela aldaketa klimatikoaren aurkako neurrien inguruan jeltzaleekin, eta bakarren bat harritu daiteke azkenean lege batekin nolabait ere akordio hori irudikatu nahi izanagatik. Edozein kasutan, uste dut testuingurua ulertu behar dela. Alde batetik, premia bat daukagu, larrialdi klimatiko bat, trantsizio energetikoa egitea premiazkoa da, eta horrek presa bat sartzen digu guztioi, baita alderdi politikoei ere. Horrekin batera, Legebiltzarrean lege proiektu bat aurkeztu zuen Gobernuak, gehiengo batekin; hau da, besterik ez bazen, lege hori onartuko zen. Ekarri zuten testua traketsa zen, eskasa, ez zuen helbururik, ez konpromiso zehatzik. Baina guk saiakeraren apustua egin genuen, erronka estrategikoen artean kokatzen dugulako. Espiritu horrekin aritu gara lanean. Eta aitortu behar dugu gobernukideak, jeltzaleak kasu honetan, interes bat erakutsi dutela geneuzkan planteamenduak legean txertatzeko. Argazki bat baino gehiago epaitu beharko litzateke, nire ustez: ea legean txertatu direnak aurrerapauso bat diren edo ez.

Euskal Herria Bizirik plataforma ekologistak kritikatu egin du legea.

Ulertzen dut prozesua bera ez dela erraza, nahiz eta ondo egin. Trantsizio energetikoa egiteak esan nahi du baliabide fosilak atzean uzteko helburua mantendu behar dela, eta nahiz eta kontsumoa dexente jeitsi, ezinbestean energia berriztagarriak inplementatu behar direla. Hori, berez, prozesu zaila da. Guk Trantsizio Legearen inguruan hitz egiten dugunean herri ardura batetik hitz egiten dugu, gure eskala da Euskal Herriak, kasu honetan EAEk, etorkizunean izango dituen behar energetikoak nola asetu. Noski, mundu guztia ez dago klabe horretan. Proiektu horiek inpaktu batzuk izango dituzte, eta egia da, baina uste dut eztabaida zintzo bat izatekotan, aukera desberdinen artean izan beharko dugula, ze energia berriztagarririk ez jartzeak esan nahi du energia fosilen sistemarekin jarraitzea eta etengabe luzatzea. Uste dugu hori ez dela etorkizuneko planteamendu bat.

Lehen sektorearen protesta ugari izan dira azken asteetan. Arriskuan daude abeltzain eta nekazariak?

Bai, arrazoi desberdinengatik. Errelebo falta da bat; ez da erakargarria lehen sektorean lan egitea. Gaur egun, Europako laguntzen menpe bizi dira, elikadura katearen legea ez da betetzen ari, gutxieneko prezio batzuk ez dituzte lortzen, eta nazioarteko kateen eta prezioen menpe daude ekoizten dituztenak. Irtenbideak ez dira errazak, hori ere aitortu behar da, hemengo nekazaritza zati handi bat eskala handiko nekazaritza agroindustrialari lotuta dagoelako, eta eredu hori agortzen ari delako. Nekazaritza eredu aldaketa sakonik gabe, ez da irtenbiderik, eta horretarako bultzada publiko bat behar da, nekazaritza jasangarriago eta gertuagoko baten alde.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide