Juantxo Lopez de Uralde

"Orain arte egin dugun lana da gure bermerik onena"

Anakoz Amenabar 2024ko api. 18a, 06:01
Juantxo Lopez de Uralde, Podemosek Gasteizen duen egoitzaren aurrean. Argazkia: A. Amenabar

Inkestek kontrakoa badiote ere, Eusko Legebiltzarrean eserlekuak lortu eta Gobernuan "ezkerretik kontrapisua" egiteko baliagarri izango direla uste du Juantxo Lopez de Uralde Arabako eledunak.

Elkarrekin Podemos eta Aliantza Berdea taldeko Arabako zerrendaburua da Juantxo Lopez de Uralde (Donostia, 1963). Lau aldiz izan da Podemosen eta Unidas Podemosen zerrendaburua Araban, eta lauretan lortu du eserlekua. Legebiltzarrerako hauteskundeetan aterako den gobernurako "beharrezkoak" izateko itxaropenarekin amaitu dute kanpaina.

Kaleratutako azken inkesten arabera, Legebiltzarretik kanpo gera daiteke Podemos.

EITB Focusen inkestaren arabera, %3tik gertu gera gaitezke, beraz, Araban eserlekua lortzetik boto eskas batzuetara gaudela esan nahi du. Amaiera arte bultzatzen jarraituko dugu, sinesten dugulako. Eta esperientziagatik esaten dizut; 2015ean eta 2019an Espainiako hauteskundeetara aurkeztu nintzen, eta inkestek ez ziguten eserlekurik ematen. Goranzko joera bat ikusten dugu, eta horregatik baikor gaude.

2016an Araban lehenengo indarra izatetik egungo datuetara... Zer gertatu da bidean?

Gauza asko gertatu dira. Gobernu bat izan da, eta uste dut horrek kostu handia izan duela guretzat. Atzo Okarizetik pasa nintzen, eta "kontzeju hau fracking-etik libre" jartzen zuen kartel bat ikusi nuen. Hura debekatu izana, eta egin ditugun gauza ugarien artean adibide bat baino ez da, ez da dohainik. Botereak min handia egin digu; epaiketarik epaiketa ibili gara, nahiz eta ezerezean geratu diren, epaiketa mediatikoa ere izan dugu, eta barne zatiketak ere bai, noski. Azken batean, kanpoko presioaren eta zatiketen artean, zoritxarrez, ez dugu maila horri eustea lortu. Baina uste dut espazioa berreraikitzeko lanean ari garela, eta hori ikusiko da.   

Podemosek hautagaitza bateratu baten alde egin zuen.

Argi genuen eszenatokia oso zaila zela eta elkarrekin joan behar genuela. Sumarrek, argi eta garbi, ez zuen elkarrekin nahi. Eta alde nabarmena izan da lurralde batzuen eta besteen artean, zenbaitetan boto gehien dituen espazioak errespetatu dituelako, Madrilen M·s Madrid-en kasuan edo Valentzian ConpromÌs-en kasua, besteak beste. Euskadin Podemos da talderik indartsuena, eta, hala ere, honen kontra egitea erabaki dute.

Zer dela eta beto hori?

Yolanda Diazek Podemosekiko, Aliantza Berdeariko eta modu batera espazio hau eraiki dugun lagunekiko ezinikusia da arrazoi nagusia, baina berak azaldu beharko du zergatik.

"PSOE-rekin ikusi dugu; ezkerretik kontrapisurik ez bada, eskuinera jo dezakete politikek"

Zein da Elkarrekin Podemosen bereizgarria?

Guk, batez ere, urte hauetan egin duguna erakusten dugu, eta nola gai izan garen jarrera irmoak mantentzeko, programa eta hauteskunde hitzaldietatik harago. Horrek erakusten du zer garen, zer egin dugun. Orain arte egin duguna da gure bermerik onena. EH Bildu zentralizazio prozesu bat jasaten ari den honetan, Podemos bermea da ezkerreko politikentzat. Gu, funtsean, egin duguna gara, eta hori da herritarrei eskaintzen dieguna.

Trantsizio Energetikorako Legea ez  al da nahikoa pausoak emateko?

Ez, uste dugu ez dela nahikoa. Garrantzitsua da klima aldaketari buruzko lege bat egotea. Orain arte ez da horrelakorik izan, erkidegoen artean Euskadi azkenetakoa izan da lege bat onartzen, eta horrek, berez, erakusten du borondate politikorik ez dagoela. Guk, azkenik, lege hori salatu dugu Repsolen diskurtsoak edo petrolio-konpainien interesek eragin handia dutelako honetan, eta hori ere Espainiako Kongresuan bizi izan genuen Klima Aldaketaren Legearekin; zehazki, Josu Jon Imaz lege horretan eragiten saiatu zen, eta atea itxi zitzaion, baina Euskadiko legeak bere eskaerak biltzen ditu. Guk uste dugu hori ez dela benetan klima aldaketaren aurka eraginkorra izango den lege bat, eta gure helburua lege horrek ezartzen duenaren gainean aurrera egitea da, anbizio handiagokoa izan dadin.

Gaia zehaztearren, esate baterako, Aramaioko parke eolikoa beharrezkoa al da? 

Ez dut esango zein parke den beharrezkoa edo ez den, lurralde antolamendua behar bezala egin bitartean. Badira batzuk, halere, bereziki eskandalagarriak iruditzen zaizkigunak, Azazetakoa adibidez, eta hortik aurrera ikusiko ditugu batzuk eta besteak. Lehenik eta behin, lurralde antolamendu ona egin behar da, eta ez Gasteizko Mendietan egin den moduan; eremu bat erdizka babestu dute, parke eolikoari espazio bat uzteko. Energia berriztagarrien azpiegiturak  ezin dira joan balio ekologikoa duten guneetan, eta hori funtsezkoa da. Uste dugu, halaber, energia enpresa publiko bat ezinbestekoa dela energia politika herritarren interesetara bideratzeko, eta ez oligopolioaren interesetara, oraintxe bertan gertatzen ari den bezala. Eta, ildo honetatik, esan behar dut kanpaina honetan alde batera utzi den gaia izan dela larrialdi klimatikoarena, eta penaz esaten dut; alderdi guztiek saihestu dute eztabaida hori.

Hezkuntzak norantza jo behar du, Podemosen arabera?

EAEn dago ikasleen ehuneko txikiena hezkuntza publikoan, gainerako erkidegoekin alderatuta. Mundu guztiak hitz egiten du hezkuntza publikoaz, eta, aldiz, ikasgelak gero eta hutsago daude, gero eta baztertuago. Benetako hezkuntza publikoaren alde lan egiten hasi behar dugu, ikasgelak hustu ez daitezen, hori baita etorkizuneko berdintasun politiken berme bakarra.

Itundutako ikastetxeetan murrizketak egin behar direla esan nahi du horrek? 

Ez, esan nahi du eskola publikoa babestu behar dugula itundutako eskolen gainetik.

Kanpainan etengabe kritikatu duzue EH Bildu, "EAJrekin lerrokatu" delakoan. 

Argi dago gai arantzatsuak saihestu egin dituela Bilduk kanpainan. EH Bilduk jarrera argiak izan ditu, besteak beste, Urdaibaiko Guggenheimen gaiarekin edo Gasteizko Mendien inguruan, eta orain ez du ezer esan. Estatu mailan PSOErekin ere ikusi dugu: ezkerretik kontrapisurik ez badago, eskuineko norabidera jo dezakete politikek.

Babestuko luke Podemosek Pradales edo Otxandianoren gobernu bat? 

Pradalesi ez diogu babesik emango. Eta Otxandianori galdetu beharko zaio ia ezkerreko gobernu bat osatuko lukeen ala nahiago duen EAJrekin akordioa egin. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide