JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGI

"Politikoki zuzenak ez diren gauzak ere esan behar dira"

Juanma Gallego 2024ko api. 18a, 06:05
Joseba Diez Antxustegi, EAJren Arabako zerrendaburua. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

EAE gobernatzeko "bi eredu oso desberdin" daudela azpimarratu du Joseba Diez Antxustegi EAJren hautagaiak. Paktuez galdetuta, EAJk "alderdi abertzalea" dela babestu du, eta "desberdinen" arteko akordioak "interesgarritzat" jo ditu.

Bost urte zituenetik bere herria den Araian zinegotzi izateaz gain, Jaurlaritzan eta Batzar Nagusietan ibili da azken urteotan Joseba Diez Antxustegi (Gasteiz, 1992) hautagai jeltzalea. Ezustean Arabako zerrendetan gailendu zen. 

EAJko zuzendaritzak proposatutako zerrendetan ez zinen agertzen...

Bai, baina naturaltasunez hartu genuen hori. Alderdiek beren prozedurak dituzte zerrendak osatzeko. Araba Buru Batzarrak proposamen bat lantzen du, baina hori gero alderdiaren herrietako erakundek osatzen dute, beste proposamenekin. Horien artean ni agertu nintzen, eta, egia da horietatik nik boto kopuru handia lortu nuela.

Eta zeri egozten diozu zuk hori?

Egia esanda, ez dakit. Ez diet alderdikideei galdetu zergatik botoa eman zidaten, kar-kar! Tira, umiltasunez hartu nuen kontua, gogoz eta ilusioz betetako erronka batean. Azken finean gu hemen gaude alderdiak eskatzen diguna egiteko.

Sareetan oso aktibo zabiltza, eta, kronometratu ez baditut ere, esango nuke mitinetan hogei segundoko 'speech' indartsuak ematen dituzula...

Ea, EAJk oso zerrenda gazte eta berritua aurkeztu du. Baina berritzea ez da soilik aurpegi gazteagoa jartzea; bada ere komunikatzeko beste modu batzuk izatea, eta, oro har, politikak egiteko beste modu bat izatea. Uste dut gazteenganako komunikazioa hobetzeko tarte bat bagenuela. Nire asmoa da edukia galdu gabe mezu zuzenak eta zehatzak bidaltzea. Gazte batek hogeita hamar segundoan argi jakitea zein den gure proposamena gai zehatz baten inguruan.

Esango nuke gustura ikusten zaizula mitinetan...

Ni mitin askotara joandakoa naiz, eta beti gustatu izan zaizkit bihotzetik hitz egiten duten politikari edo liderrak. Bada, niri hitz egitea egokitzen zaidanean, saiatzen naiz bestaldean nagoenean bilatzen dudan hori oholtzatik ematen. Azken finean, zuk zerbaitetan sinesten baldin baduzu, errazago transmitituko duzu.

Egunotan esaten ari da EAJk gorbata kendu duela eta EH Bilduk amerikana jantzi duela. Ados al zaude ideia horrekin?

Ni ez naiz gehiegi fijatzen janzteko moduan, baina, argi eta garbi, irudia bada ere mezuaren parte bat. Dena dela, niretzat garrantzitsua da zeri buruz hitz egiten dugun, eta Euskadik etorkizunerako dituen erronkei zer erantzun ematen diegun. 

Kanpainaren hasieran esan zenuen "konplexurik gabe" hitz egingo zenuela. Zeri buruz hitz egin behar "konplexu" gabe? 

Alderdi guztietako politikari askok hizkuntza politikoaz hitz egiten dute... dena oso politikoki zuzena. Baina badira gauza batzuk, politikoki zuzenak izan ez arren, esan behar direnak. Adibidez, ekimen pribatuari lagundu behar zaiola esan beharra dago. Mercedesek mila milioi jarriko ditu Araban, eta agian Mercedesi erraztasunak eman behar zaizkiola esatea ez da oso politikoki zuzena, baina bertan lan egiten dutenentzako ona dela uste dut, baita Arabako zein Euskadiko ekonomiarentzat ere. Segurtasunari buruz ere hitz egin behar da konplexurik gabe. 

Ertzaintzari baliabide gehiago eman behar zaizkiola esan duzu. Aitzitik, EH Bilduk planteatu du "desmilitarizatu" beharra dagoela. Zein da zuen planteamendua?

Euskadik datozen lau urteetarako bi ereduren artean erabaki beharko du. EH Bilduk armak kendu nahi dizkio Ertzaintzari, eta guk diogu delitu bat gertatzen denean Ertzaintzak armatuta joan behar duela delitu hori saihestera. Hori da konplexurik gabe hitz egitea. 

"GURE ORAINGO ERRONKA DA AZKEN HAUTESKUNDEETAN ETXEAN GERATU ZIRENAK MOTIBATZEA"

Kanpainan aipatu duzu ere okupazioaren gaia, eta 48 orduko kaleratzeak proposatu dituzu. Praktikan, nola egingo zenukete? 

Hor ere ikusten dira Euskadirako bi ereduak. Okupa bat sartzen baldin bada etxebizitza batean, 48 ordutan kaleratu ahal izatea eskatzen dugu. Logikoa eta zentzuzkoa da baliabideak jartzea pertsona horiek atera ahal izateko. Beti ere, inor kalean utzi gabe. Beste aukerak eman behar zaizkie; etxebizitza aukera bat eman behar diegu.

Etxebizitzarako sarbidea errazteko, zer proposamen dituzue?

Hemen ere bada alderdi bat esan duena kenketa fiskalak kendu behar direla. Gaztea baldin bazara, hipoteka bat izateagatik urtean 1.900 euro arteko kenketa izan dezakezu. Guk horiek mantendu bahi ditugu. Proposatzen dugu ere hipoteka eskatu ahal izateko Jaurlaritzak abalak ematea. Oso argi dago gazteen arazo handiena ez dela hipoteka hilean ordaintzea, hipoteka lortzeko aurreztu behar duzun hasierako kopuru hori baizik. Bestetik, uste dugu, etxebizitza publiko gehiago eraiki behar ditugula. Euskadik lideratu du etxebizitza publikoaren eraikuntza, baina indartu behar dugula uste dugu. Gure konpromisoa da hurrengo lau urteetan alokairurako 7.000 etxebizitza sortzea, eta horietatik %40 erreserbatuta egongo dira 36 urte baino gutxiago dituztenei.  

Pedro Sanchezek EH Bildurekin akordioa egitea erabakitzen baldin badu, EAJk zer jarrera izango luke oposizioan?

Uste dut oso garrantzitsua izango dela hauteskundeak nork irabazten dituen. Eta hor egia da Sanchezek eta alderdi sozialistak erabaki ahalko luketela EAJk ala EH Bilduk gobernatuko duen. Tira, ez dakit nik Sanchezek esaten duenaz fidatu behar garen. Gu ez gara oposizioan pentsatzen ari, baina, egokituko balitzaiguke, EAJk oposizioan beti egin duena jarraituko luke egiten: jarrera propositiboa izango genuke. Guk berdin lan egiten dugu herritarren alde gobernuan edo oposizioan. Egingo ez duguna da herritarren arazoez baliatzea botoak irabazteko, azken lau urteetan alderdi batek egin duen moduan.  

Dantza bikotea aukeratu behar izatekotan, zein?  

Gu alderdi abertzalea gara, eta hori oso barneratuta daukagu. Interesgarriak dira desberdinen arteko akordioak, eta garrantzitsuak Euskadiren etorkizunerako. Baina orain ez gara paktuetan pentsatzen ari. 

Gasteiz edo Laudio bezalako plaza garrantzitsuak galdu dituzue. Horren gaineko hausnarketa egin duzue?

Egia da Gasteizen ez genituela lortu espero genituen emaitzak; Laudion ia-ia berdinketa teknikoa egon zen. Baina EAJk Araban irabazi zuen. Uste dut guri historikoki botoa eman digun jendea etxean geratu zela. Orain gure erronka da azken hauteskundeetan etxean geratu ziren horiek motibatzea, gure proiektura batzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide