aroa jilete

"Etxebizitza duin bat izateko aukera asko hobetu dugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko api. 18a, 06:03
Aroa Jilete gasteiztarra pozik dago hauteskunde kanpainaren martxarekin. Argazkia: E.U.

Emaitza onak lortze aldera bi gako azpimarratu ditu Aroa Jilete sozialistak: Eusko Jaurlaritzan PSEko sailburuek "herritarren beharren alde" egindako lana eta Espainiako Gobernuan egiten ari diren kudeaketa.

Aroa Jilete Gonzalez (Gasteiz, 1992) PSE-EEren Arabako zerrendaburua izango da EAEko hauteskundeetan, egungo Eltziegoko zinegotzia eta orain arte Turismo eta Ostalaritza zuzendari izandakoa Eusko Jaurlaritzan. Espainian eta Euskadin "herritarren bizitza hobetzeko" onartutako neurriak kontuan hartzea espero du.

"Sozialistok beti defendatu izan dugu euskara, eta hala egiten jarraituko dugu"

Beharrezkoa al da natura eremuak eta nekazaritza lurrak sakrifikatzea trantsizio energetikoan aurrera egiteko?

Lehenik eta behin, esan behar da Legebiltzarrean berriki onartu dugun klima aldaketari buruzko legea sozialistek ere bultzatu dugula; eta, zalantzarik gabe, legearen edukia ez zen berdina izango, edo ez zuen nahikoa edukirik izango, legean bertan jasotzen diren neurri asko bultzatu izan ez bagenitu. Guk legean sartu dugun neurrietako bat erregai fosiletan desinbertsioa da, batez ere 2045ean deskarbonizaziora iristea errazteko. Erabateko aldaketa eman behar dugu, ezin dugu jarraitu kanpoko energiaren hain menpeko izaten. Sozialistak izan ginen, Euskadin, larrialdi klimatikoaren deklarazioa bultzatu genuenak eta gasaren esplorazioak bukatzearen alde egin genuenak: eta, gainera, Garoña itxi eta desegin genuenak ere izan ginen. Gure konpromisoa erabatekoa da. Egia da, adibidez, Araba oso lurralde industrializatua dela eta parke eolikoak zein fotovoltaikoak behar direla. Modu ordenatu batean egin behar da, ahalik eta ingurumen inpaktu txikiena izan dezan, eta, lehen sektorea kontuan hartuta.

Administrazioaren Legea onartu du Legebiltzarrak 2021ean. Udal edo foru eskumenak zalantzan jarri dira?

Inoiz ez dugu lan egin eskualdeen edo udalen irizpidea kontuan hartu gabe. Erakundeen arteko lan koordinatua izan behar da.  

Etxebizitza izango da hurrengo legegintzaldiko erronka bat: alokairuaren prezioa mugatzeko neurriak, gune tentsionatuak…

Sozialistok zortzi urte daramatzagu etxebizitza politikak kudeatzen Euskadin, eta babes ofizialeko etxebizitzen parke publikoa %35 handitu da zortzi urte hauetan. Espainian eraikitzen diren babes ofizialeko hiru etxebizitzetatik bat Euskadin egiten da; 300 euroko laguntzak ezarri ditugu Gaztelagun programarekin; eta Euskadin 17.000 gaztek baino gehiago emantzipatu ahal izatea lortu dugu. Orain, alokairuko babes ofizialeko parke horretarako beste 5.000 etxebizitza gehiago sortzea proposatu dugu, batez ere gazte horientzat. Nire ustez, datu horiek dira gure kudeaketaren bermea. Jakina, asko dago egiteko, baina aitortu behar da sozialistok egin dugun kudeaketak asko hobetu duela etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera.

Espainiako Etxebizitzaren Legea errekurritu du Eusko Jaurlaritzak.

2015ean, sozialistok EAEko Etxebizitzaren Legea bultzatu genuen, EAJren aurkako botoarekin. Orain, EAJk Espainiako etxebizitzaren legea errekurritu du, eskumenak urratzen dituela baitiote. Niri oso ondo iruditzen zait sozialistok proposatu genuen legea defendatu nahi izatea, aurrerapausoa iruditzen zait, oso positiboa da, eta ongi etorria. Eusko Jaurlaritzaren barruan dauden hiru sailburu sozialistek Espainiako Etxebizitza Legearen aurkako helegitearen kontra bozkatu dute, baliabideak eta tresnak ematen dizkigulako tentsioan dauden guneak izendatzeko, eta, nolabait, alokairuaren prezioak erregulatzeko.

Arabako udalerrien arteko aldiriko tren zerbitzua hobetzea proposatu duzue. Bateragarria al da AHTaren milioi askoko inbertsioarekin?

Bai. erabat bateragarriak dira. Gasteizen ikus dezakegu, adibidez, BEIa, Tuvisako autobus zerbitzua eta tranbia konbinatzen ditugula, eta erabat bateragarriak diren zerbitzu publikoak dira. Garraio publikoaren eta mugikortasun iraunkorraren aldeko sustapena egin behar da. Askotan esan dugu albiste ona dela aldiriko trenen transferentzia; guk linea hori hornitu nahi dugu, Arabako udalerriak eta lurraldeak elkarren artean konektatuta egon daitezen eta hiriburuarekin ere konektatuta egon daitezen. Miranda-Altsasu da lantzen ari den konpromiso bat, eta lan egingo dugu linea berri hori eman ahal izateko; izan ere, konexio berri horrek Arabako udalerrien arteko hiriarteko garraioa erraztu eta osatuko du. Nire ustez, hori oso albiste positiboa da herrietan bizi ez den jende guztiarentzat, eta udalerri horietan bizi den biztanleria hor finkatzeko modu bat ere bada.

Euskal hezkuntza sistema berritzea eta, besteak beste, sistema hirueledunaren alde egitea proposatu duzue. 

Euskal hezkuntza lege bat onartu dugu, eta sozialistok asko esan dugu eta esateko asko dugu; egia da gero, lege orok bezala, bere garapena duela. Lege honen funtsezko gaietako bat euskal hezkuntza sistema publikoa indartzea da, hori beti izan da ardatz gure politika guztietan, eta hala izaten jarraituko du. Sozialistok beti defendatu izan dugu euskara, hala egiten jarraituko dugu, eta erabilera zein ezagutza defendatu izan dugu, baina, egia da, bi hizkuntza koofizialetan erabiltzeko aukera izateaz gain, ingelesa bezalako hirugarren hizkuntza bat ere oso garrantzitsua iruditzen zaigula. Gazteak eta umeak prestatu behar ditugu, horrek aukera emango baitie beren bizitza eta etorkizuna garatzeko, eta aukera gehiago izango dituzte, ingelesari dagokionez ere, hori eskatzen ari direlako orain enpresa asko. Bestela, hezkuntzaz gainera, euskara sustatzeko ekimen eta proposamen asko ditugu, hala nola euskaltegietako doakotasuna edo administrazioko langileek euskara ikasi ahal izatea lan-ordutegitik kanpo.

Emaitza onak espero dituzue hauteskundeetan?

Gure kanpainaren termometroa propaganda banaketa da, eta oso positiboa da. Herritarrek oso kontuan hartzen dute Espainiako Gobernuan egin dugun kudeaketa, gobernu aurrerakoia nahi zutelako. Kontuan izan behar da uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan, sozialistok Euskadin eta Araban irabazi genuela. Eskubideak eta askatasunak jokoan ikusten dituztenean, herritarrek ez dute zalantzarik, PSOE bozkatzen dute. Espero dugu emaitzarik onenak izatea; eta herritarren bizitza hobetzeko hartzen diren neurri horiek guztiak kontuan hartuko direla. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide