HAUTESKUNDEAK

Inoizko gobernu lehiatuena

Juanma Gallego 2024ko api. 18a, 06:06
Hauteskunde kanpaina azken orduetan dago. Argazkia: ANAKOZ AMENABAR / ALEA

Apirilaren 21eko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrerako eserlekuen herena erabakiko dute arabarrek. Ordezkaritzako demokrazietan gauza ziurrik inoiz ez badago ere, hauteskunde hauetan bereziki handia izango da norgehiagoka.

Hauteskunde guztiak garrantzitsuak direla errepikatu ohi dute alderdi politikoek, jakin badakitelako horietan jokatzen dituztela lau urteko partidarako fitxak. Baina apirilaren 21ekoak bereziki nabarmentzekoak izango dira. Izan ere, aspaldiko partez — Patxi Lopezen legealdia alde batera utzita, Batasuna alderdia legez kanpo utzi zutenean gertatutako anomaliaren ondoren—, inkestek diote EH Bilduren mesedean EAJk galdu dezakeela lehendakaritza, PSEren laguntza mantenduta ere. Ohi legez, inkestak inkesta dira, eta emaitzak jaso eta ondorengo paktuek erabakiko dute zeintzuk izango diren datozen lau urteetarako gobernuaren koloreak. Dena dela, ohi ez bezala, oraingo ekuazioan Madrilek bereziki pisu garrantzitsua izan dezake, gutxiengoan dagoen Pedro Sanchezen gobernuak tentu handiz erabaki beharko dituelako botereari eusteko aliantzak eta malabar jokoak. Bestetik, garai berrien adierazle, orain arte Eusko Legebiltzarrean inoiz gauzatu ez den alderdi abertzaleen arteko balizko gobernu akordio bat ere bolo-bolo dabil, batetik bestera.

Alderdien proposamenak gertuago ezagutzeko, ALEAk Arabako hautagaiengana jo du hauteskunde aurretiko zenbaki honetan. Oraingoan ere, PPk ezetz esan dio hiru aldiz luzatutako elkarrizketa proposamenari, agenda arazoak argudiatuz. Gainerakoekin, luze eta zabal hitz egin dugu, bereziki Arabari gertuagotik dagozkien gaietan fokua jarrita; baina sarritan soberan ezagunak diren posizionamenduak ezagutzeaz harago joan nahi izan dugu, alderdi eta hautagai bakoitzaren inguruabarretan sakonduz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide