jon hernandez

"Itunpeko eskola traba da hezkuntza publikoa garatzeko"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko api. 18a, 06:00
Jon Hernandez, Sumar Mugimenduko Arabako zerrendaburua. Argazkia: E.U.

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan bultzatu duten politikarekin sakoneko desadostasunak agertu ditu Jon Hernandezek, tartean, etxebizitzan, hezkuntzan, trantsizio energetikoan eta industrian.

Ordezkaritza lortzea eta EAJk gehiengo absolutua ez izatea. Hori espero du Jon Hernandez Hidalgok (Irun, 1978), Sumar mugimenduko Arabako zerrendaburuak. Lehen aldia da sigla berriekin aurkezten dela Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara, baina esperientzia badu egiteko hauetan, Elkarrekin Podemos taldearen bozeramaile ordezkoa izan baita orain arte

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea arbuiatu duzue. Nola garatu behar da trantsizioa?

Lege eskasa iruditzen zaigu, eta, nolabait ere, energia sektoreko enpresa handiei beren interes pribatuak lurraldearen eta herritarren interesen gainetik jartzeko aukera ematen die. Gainera, gure ustez, nahiko lege antidemokratikoa da, nolabait, herritarrek beren udalerriarentzat kaltegarritzat jotzen dituzten instalazio jakin batzuk baimendu nahi ez dituzten udalak interes pribatu horiek inposatzera behartuko dituelako. Beti izan gara eta izango gara energia berriztagarrien defendatzaile; trantsizio energetikoa egin behar da, mendekotasun handia dugulako, baina ez horrela, EAJ eta PSE bultzatzen ari diren bezala. Araban oso garrantzitsuak diren laborantza lurren kontura egingo dela uste dugu, eta nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari kalte egingo zaiola.

Bada, nola egin behar da?

Lehenik eta behin, planifikatu egin behar da, eta beharrak aztertu behar dira; gero, lurrik onenak zein diren hartu behar da kontuan, egitura mota jakin batzuk jarri ahal izateko. Autokontsumoko proiektuak eta bestelako proiektuak ere bultzatu behar dira, batez ere enpresa energetiko handiek bultzatzen dituzten makroproiektu handietara saldutako trantsizio energetikoa izan ez dadin.

Lehen sektorean, bidezko prezioak. Kanpaina honetan zuen aldarrikapenetako bat izan da.

Arazoa konplexua da, eta ekintza politikoak behar ditu erakunde maila desberdinetan, Europatik hasita. Guk Europa mailan Nekazal Politika Bateratuaren aurka egin dugu, interes handietarako pentsatuta dauden politikak direlako. Horrek ez du esan nahi Euskadin ezin denik ezer egin; Eusko Legebiltzarretik, Eusko Jaurlaritzatik, Arabako nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreari babesa emateko gaitasuna dago, laguntza jakin batzuk ematera mugatu ezin dena. Sektorearekin elkarlanean aritu behar da.

Etxebizitza lehen planoan izango da legegintzaldi honetan.

Orain arte, administrazioek ez dute etxebizitza eskubidetzat hartu, negozio gisa baizik; eta alderdi askok etxebizitza negozio bat izateko politikak babestu eta bultzatu dituzte. Azkenaldian, etxebizitzari buruzko bestelako lege batzuk onartu dira; eta Espainiako etxebizitza legeak, bere muga guztiekin, beste filosofia bat du, etxebizitza eskubide izatera bideratua. Euskadin, duela zortzi urte baino gehiago onartu zen etxebizitza legea tiradera batean sartuta izan du Eusko Jaurlaritzak; eta ez du bere potentzial guztia garatu. Horregatik, une honetan, lege hori tiradera batean sartu zuen EAJk Estatuko etxebizitza legearen aurka jotzea nahiko hipokrita da; gainera, kontuan hartuta lege horren helburua dela herritarren etxebizitzarako sarbidea hobetzea. Eskumenen argudioaren atzean ezkutatzen den bakarra EAJk defendatzen dituen interesak dira, EAJren lagun eraikitzaileen interesak eta negozioaren interes pribatuak.

Zer neurri proposatu ditu Sumar Mugimenduak?

Lehenik eta behin, dauden legeak garatzea. Gasteizen edo Dulantzin, tenkatutako eremua bermatu behar da. Halaber, etxebizitza hutsaren kanona aplikatu behar da, etxebizitza hutsa mugitzeko. Etxebizitza politika irmoa proposatzen dugu, alokairu sozialeko etxebizitza parke publiko indartsua. Hori da etorkizuna.

"Aitzakia bat da erreforma fiskala eskatzen dugunean esatea aldundien eremua dela"

Araba lurralde gisa oinarri duten ardatz ekonomikoak ongi errotuta daude? Automozioa da etorkizuna?

Guk uste dugu automobilgintzak paper garrantzitsua izaten jarraitu behar duela Araban, batez ere lurraldeari aberastasuna ematen diolako, eta halaber, aberastasuna ekartzen duelako enpleguari eta kalitatezko enpleguari begira. Mercedesi eta Michelini buruz hitz egiteaz gain, enplegu asko eta industria laguntzaile oso garrantzitsua dugu. Baina guretzat beti garapen industriala justizia sozialaren terminoetan egin behar da. Bi enpresa oso garrantzitsuez ari gara, maila globalean onura handiak dituzten multinazionalez; eta horrek eragina izan behar du lan baldintza duinetan eta soldata duinetan, baina baita lurraldeari egiten dioten ekarpen ekonomikoan ere. Ildo horretatik uste dugu zerga erreforma oso garrantzitsua behar dela. Lan errentak dira ekarpen handiena egiten dutenak, eta industria politikarekin batera zerga politika justua egin behar da.

Aldundien eskumena da zerga politika.

Aldundien eskumena da, baina gu oso argiak gara, eta, egia esan, denbora luzez ere esan dugu. Une honetan, hiru lurralde historikoetako aldundiak Eusko Jaurlaritzaren alderdi berberek gobernatzen dituzte; hau da, ez gaitezen engaina, Euskadin egin zen azken zerga erreformaren esperientziatik gatoz. Erreforma hori EAJk, PSEk eta PPk adostu zuten, hain zuzen ere kapitalaren onurei mesede egiten zien erreforma fiskala. Eusko Legebiltzarreko bulegoetan hitzartu zuten, ez aldundiek; trukea izan zen, Euskadiko aurrekontuen arloan PPk emandako babesaren truke. Beraz, iruditzen zaigu aitzakia bat dela erreforma fiskala eskatzen dugunean esatea aldundien eremua dela.

Hezkuntza publikoa defendatzea da zuen beste ardatzetako bat. Zer toki du euskalduntzeak?

Lehenik eta behin, lan bat egin behar dugu eskola publiko indartsu bat garatzeko, eta baliabide guztiak izango dituen eskola publiko bat behar dugu. Une honetan, herrialde honetan, ez dago adina ikasle baliabide publikoak itunpeko eskola pribatuaren sektore garrantzitsu bati bideratzen jarraitzeko. Euskadi eskola pribatu gehien dagoen Europako lekuetako bat da; itunpekoa da, baina eskola pribatua da. Eta, une honetan, uste dugu horrek eskola publikoaren gaitasuna oztopatzen duela, eta gure apustua da eskola publikoa ahalik eta gehien bultzatzea; eta, jakina, eskola publikoa ahalik eta gehien bultzatzea, gure seme-alabak euskalduntzeko tresna ere izan dadin.

Hezkuntza lege berriaren aurka zaudete?

Erabat. Ez bakarrik eskola publikoaren beharrei erantzuten ez dielako, baizik eta euskalduntze eraginkorraren behar horiei ere erantzuten ez dielako. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide