Donostiako Tabakaleran egindako prentsaurreko batean, Euskaraldiak hurrengo ediziorako data iragarri du: 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da laugarren edizioa. Hirugarren edizioa 2022an izan zen; bi urtean behin egiteko ohitura jarraituz gero, hurrengo txanda 2024an litzateke, baina data aldatzea erabaki dute oraingoan.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialaren laugarren edizioaren prestaketa lanak abian dira jada, eta horren inguruko lehenengo xehetasunak eman dituzte Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideek: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.
Azaldu dutenez, ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak "aztertu, moldatu eta egokitu" izan dituzte, "urtetik urtera ariketa eraginkorragoa" izateko. Hausnarketa horretan kokatu dute data aldaketa; hain zuzen ere, udaberrian izateko: "Urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. Jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan", baloratu dute.
Gainera, hirugarren edizioaren balorazioa egin eta aurrera begirako erabakiak hartzeko "denbora tarte bat" hartu dute oraingoan antolatzaileek. "Euskaraldia proposamen berria, berritzailea eta eraginkorra izan da: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa", azpimarratu du Urkijok. "Metodologian ere berrikuntza ugari ekarri zituen, eta, bereziki lehen edizioak aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan, bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoetan ere".
2025erako aldaketak
Data aldaketa huts bat izatetik harago, sakoneko aldaketak espero dituzte antolatzaileek. Alde batetik, txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute, ariketaren "ezinbesteko" elementu gisa estres linguistikoa murrizteko. "Txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango da, ziurrenik, udaberrian", ziurtatu du Urkijok.
Bestalde, Euskaraldia 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa. "Bi ekintza erraldoi horiei esker, euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu da", gaineratu du.
Gainera, aurreko edizioak bi astekoak izan dira, baina oraingoan iraupena murriztea erabaki dute ere: maiatzaren 15etik 25era izango da, hau da, hamaika egun iraungo du ariketak, "modu eraginkorragoan eta sakonagoan egitea ahalbidetzeko". Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek "herrietan mugimendua sortzeko aukera" emango duela uste dute antolatzaileek.
"Euskaraldia eraginkorra da"
Irati Iciarren hitzetan, aurreko hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek "argi" erakutsi dute Euskal Herri osoan "milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dutela Euskaraldiari esker, familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan". Eta hurrengo edizioan ere horri jarraipena emateko apustua berretsi dute.
Hirugarren edizioari dagokionez, parte hartzaileen artean euskaraz zekitenekin uneoro euskaraz egiten zutenak %63,9 ziren ariketaren aurretik; ariketa amaitu ondoren, berriz, %78,9 ziren; eta ariketan zehar, ehunekoa %85,9ra iritsi zelarik. "Euskararen erabilera altuagoa da Euskaraldian parte hartu ondoren, aurretik baino", azpimarratu du Iciarrek. "Euskararen biziberritze prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa".
Horrez gain, Iciarrek beste zenbait datu eskaini ditu agerraldian:
- Lehen hitza euskaraz egiteko ohitura:
- Ariketaren aurretik: %55,8
- Ariketaren ondoren: %75,9
- Elkarrizketa elebidunetan euskarari eusteko ohitura:
- Ariketaren aurretik: %44,6
- Ariketaren ondoren: %76,6