Lehen ediziotik, 2018tik, hizkuntza ohituretan eragiteko helburua izan duen ariketa praktikoa izan da Euskaraldia, eta azaroaren 18an hasi zen hirugarren aldi honek ere hori izan du helburu nagusia.
Aurtengoan 161.099 lagunek eman dute izena, eta antolatzaileen ustez horrek adierazten du ariketa "egonkortze bidean" dagoela. Zenbakietatik haratago, Euskaraldiak gizartean duen eragina nabarmendu nahi izan dute Artium museoan egindako balorazio ekitaldian.
Ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden jokaerak gero eta hobeto ulertzen direla adierazi dute. Gainera, euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere gero eta barneratuago dago, eta hori da hain zuzen ere Euskaraldiaren jomuga, hizkuntza ohituretan eragitea.
Aitortu dute nahi baina txapa gutxiago ikusi dela kaleetan, aurreko edizioetan izena emandako batzuek aurten ez dutelako partaidetza hori berretsi edota jendeak ez duelako txapa momentu oro soinean eramateko ohitura hartu.
Halere, balorazioa positiboa izan da, eta partaidetza datuak aurreko edizioetakoen pare egon direla adierazi dute. Euskaraldiaren eraginaren inguruko xehetasunak egiten ari den ikerketak emango ditu, datorren urtean.