Gazteen izen-emateak behera egin zuen 2022ko Euskaraldian

Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 13:20

Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak. Argazkia: IREKIA

Euskaraldiaren hirugarren edizioa "eraginkorra" izan zela erakutsi dute 2022ko ikerketaren datuek: 158.440 parte-hartzaileen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte, baina askok "berrikuntza beharra" ikusi dute ariketan.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen Euskaraldiaren azken edizioa, hirugarrena. Edizio guztietan bezala, hizkuntza ohiturak eraldatzeko ariketa soziala izateaz gain, eragina eta gizartean egindako ekarpena neurtzeko ikerketa lan sakona egiteko baliatu dute ere.

Lan hori azaldu eta ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte aste honetan, Bilbon, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideek: Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea, Javier Arakama Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea; haiekin izan dira ere azterketaren eragile eta Siadeco ikerketa kooperatibako Jon Arrugaeta eta Unai Oiartzun teknikariak.

"Ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak", ospatu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. "2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte", azpimarratu du.

"Euskaraldia eraginkorra da"

Ikerketaren arabera, rolak hizkuntza jokaerekin lotzen dira; hala ere, %39,8k gaitasunarekin lotzen dituzte oraindik. Gainera, ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da oro har. Bestalde, Siadeco entitateko Jon Arrugetak eta Unai Oiartzunek ikerketaren inguruko hainbat datu nabarmendu dituzte:

  • 158.440 lagunek eman zuten izena, estreinakoz edo berrespen bidez.
  • %77,6k ahobizi rola hautatu zuten; %22,4k, berriz, belarriprest rola.
  • Izen-emateak %11,1 jaitsi dira, bereziki gazteenak eta gizonezkoenak.
  • 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du arrakasta gehien (%34,4 adin tarte horretakoak dira).
  • Gipuzkoan izan du hedadura gehien ariketak.
  • Parte-hartzaile gehienek (%81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute.
  • Rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin dute gehienek (izena eman dutenen %6).
  • 8.610 entitate izan dira Euskal Herri osoan (301 gehiago, %3,6ko igoera): elkarteak, lantokiak, erakundeak...
  • Gune soziolinguistiko euskaldunenetan handiagoa da izen-ematea: %56,8 hirugarren edo laugarren gune soziolinguistikoetako udalerrietakoak dira.
  • Erabilera datuak altuagoak dira, aurreko edizioarekin alderatuta: %6-%13ko igoera harremanak euskaraz edo euskaraz gehiago diren entitateen ehunekoan.

"Euskaraldia eraginkorra da. Datuek hala erakusten dute, eta, beraz, tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko", ospatu du Miren Dobaran sailburuordeak, kuantitatiboki datuek jaitsiera bat agerian utzi badute ere. Gainera, azaldu duenez, inguru erdaldunagoetan Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da, eta aldaketa handiagoa izan da.

Elkarrizketa elebidunak izateko orduan, "aurrerapausoa" nabarmendu du Dobaranek: %44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen ehunekoa. Ikerketan parte hartu dutenentzat horixe izan da ariketaren erronkarik "zailena" orain arte: erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo elebitan izatea; azken edizio honetan, berriz, "errazagoa" egin zaie jokabide hori.

Entitateak

Halaber, entitateen inguruko hainbat datu nabarmendu ditu sailburuordeak, eta, Euskaraldia amaitu eta bi hilabetera erabilera datuak ariketa aurrekoak baino altuagoak zirela azpimarratu du:

  • Entitateen %31,3k lortu du hizkuntza ohiturak aldatzea.
  • Entitateen %10ak lortu du euskara izatea hizkuntza nagusia.
  • Entitateen %21,3k euskara gehiago erabiltzen du ordutik.
  • Hiru entitatetik batek uste du Euskaraldiak hizkuntza ohituretan ekarritako aldaketak etorkizunean ere mantenduko direla.

Azkenik, parte hartu dutenen gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi du, baina ariketak "aldaketa" edo "berrikuntza" beharra duela ere uste dute askok. "Aurrera pausoak ematearen garrantziaz ohartuta, eragile eta norbanakoekin gogoeta prozesu bat egin dugu, eta prozesu horretatik etorriko da, hein handi batean, Euskaraldiaren laugarren edizioa", azaldu dute antolatzaileek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago