Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorraren atarian, eta horren lanketan buru-belarri murgilduta dagoen bitartean, larunbat honetan, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Egunean, kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean, mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Arabako hitzordu nagusia, ohikoa denez, Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa izango da, eta 12:30ean abiatuko da San Anton plazatik. Baina egun osoan zehar, eta baita astean zehar ere, askotariko mobilizazioak, ekitaldiak eta jarduerak izango dira Araba osoan, hiriburuan, auzoetan eta herrietan.
Agenda politikoetan "lehentasuna"
Azken urtean lau emakume eta haur bat hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian, eta "argi eta garbi nahikoa dela esatea" izango da Euskal Herriko Mugimendu Feministaren mobilizazioen aurtengo helburu nagusia, "aliantzak ehuntzea eta autodefentsa feminista" tresna gisa aldarrikatuz.
Bilbon egindako prentsaurreko batean, alde batetik, hildako haurraren eta emakumeen senideei "baldintzarik gabeko babesa" adierazi diete, mugimendu feminista "beti haien ondoan" izango dela azpimarratuz.
Bestalde, "indarkeria matxistaren ondorioak, aurreko urteetan bezala, beldurgarriak" izan direla ohartarazi dute mugimendu feministako kideek, eta "haserre, suminduta eta nazkatuta" agertu dira. "Hilketa izugarri horiek indarkeria matxistaren muturreko ondorioak dira. Indarkeria horrek aurpegi ugari ditu, emakumeok, transek eta bollerek egunero sufritzen dugu lantokietan, kalean, eskolan eta gure kuadrilletan", azpimarratu dute.
"Ez da kasualitatez gertatzen den zerbait. Sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista mantentzeko ezinbesteko tresna da indarkeria matxista, eta horretaz baliatzen dira desberdintasun eta zapalkuntza ugari sortzeko eta mantentzeko", gaineratu dute.
Horregatik, mugimendu feministak erakundeei exijitu die "dagokien erantzukizuna beren gain har dezatela", indarkeria matxistaren aurkako borroka "agenda politikoetan lehentasuna" izan dadin. "Argazkiek eta baliabiderik gabeko proposamenek edo neurriek ez digute ezertarako balio. Nazkatuta gaude feminismoaren aldarrikapenez eta proposamenez jabetzeaz horiek desnaturalizatzeko eta husteko", kritikatu dute. Halaber, gizonei ere eskatu diete "dagokien erantzukizuna beren gain hartzeko, praktikak aldatzeko eta sistema horren konplize izateari uzteko".
Azaroaren 30ean, greba
Azkenik, azaroaren 30erako deituta dagoen greba feminista orokorraren beharra aldarrikatu dute, "emakumeen lan prekarietatea, lan baldintza tamalgarriak edo zaintza lanak ez baloratzea ere indarkeria direlako".
AZAROAK 25 | DEIALDIAK
Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburuetan deitutako manifestazioez gain, tokian tokiko kolektibo feministek, eragileek eta erakundeek askotariko mobilizazioak, ekitaldiak eta jarduerak antolatu dituzte larunbaterako, azaroaren 25erako:
Gasteiz
- Manifestazio nagusia: 12:30ean San Anton plazatik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta
- Itaiaren manifestazioa: 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deituta, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki! lelopean
Aiaraldea
- Aiara: elkarretaratzea 12:00etan Arespalditzako Ferialean
- Amurrio: manifestazioa 12:30ean Herriko plazatik
- Artziniega: 12:00etan La Villako iturrian
- Laudio: elkarretaratzea 12:30ean Herriko plazan (Solastiar, Avillo, Jakaranda, Etawasol elkarteek antolatuta; ondoren, Amagoiaren Lorategira bisita)
- Okondo: elkarretaratzea 12:00etan; ondoren, ingurua janztea eta escape room jokoa
Arabako Errioxa
- Guardia: elkarretaratzea 14:00etan herriko plazan
- Paganos: 10:30ean, topaketa eta ongietorria (La Fuente plazan); 10:45ean, indarkeria matxistaren aurkako martxa; 12:00etan, hamaiketakoa (gizarte zentroan); 12:30ean, manifestuaren irakurketa, Arabako Errioxako abesbatza feministarekin eta mikrokontakizunen idazketa sortzaileko tailer batekin.
Gorbeialdea
Barrabaskeri kolektibo feministak antolatutako mobilizazioa, Autodefentsa feministaz armatuta gaude lelopean:
- Zuia: elkarretaratzea 19:00etan Murgiako udaletxe plazan
- Urkabustaiz: kotxe kedada 18:30ean Izarrako eskolako parkinean, Zuiako mobilizaziora joateko
- Zigoitia: kotxe kedada 18:30ean Gopegiko Bengolarrako parkinean, Zuiako mobilizaziora joateko
Lautada
- Agurain: elkarretaratzea 13:00etan San Juan Plazan
Mendialdea
- Maeztu: elkarretaratzea 12:30ean okindegi zaharrean
- Kanpezu: elkarretaratzea 13:30ean Herriko Plazan
Añana
- Espejo: La belleza que pesa hitzaldia eta Las calvas existimos liburuaren aurkezpena, Dora Galvezen eskutik, 18:30ean zentro sozialean
- Zanbrana: Indarkeria Matxistaren kontrako Martxa Morea, 10:00etan Zabalateko elizatik, Villaviejaraino
- Ribabellosa-Lantaron (azaroaren 26an): Indarkeria Matxistaren aurkako VI. Martxa, 10:00etan Ribabellosako udaletxe plazatik, Lantarongo kiroldegiraino; 12:00etan luntxa egingo dute
EKINTZAK ETA BESTE DEIALDIAK
Gainera, aurreko zein osteko egunetan ere indarkeria matxistaren aurkako jarduera gehiago izango dira:
Gasteiz
Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Emakumeen aurkako indarkeriari ez mezua duen banku more bat instalatu du Urrezko Zeledonen plazan. Horrez gain, azaroan zehar indarkeria matxistaren inguruko hainbat hitzaldi antolatu dituzte, besteak beste Montehermoso Kulturunean eta Emakumeen Etxean.
- Azaroak 23, osteguna: Las buenas compañías filma Florida Zinemetan, 19:00etan, Entre3 zineforumaren baitan.
- Azaroak 28, asteartea: Rita Lauro Segato antropologo, pentsalari eta aktibistaren Contra-pedagogías de la crueldad hitzaldia, Herri Handi konferentzia zikloaren barruan. Internetez jarraitu ahal izango da 18:30etik aurrera.
Amurrio
- Azaroak 29, asteazkena: Hitz kolpez ikuskizuna, Amurrio Antzokian, 18:00etan eta 19:30ean. Genero indarkeriaren eta eskola jazarpenaren aurkako sentsibilizazio programa, antzerki esku-hartzeen bidez.
Laudio
- Azaroak 21, asteartea: El dilema de Paco Pepe kafe antzerkia, 17:30ean eta 19:30ean Kasinoan
- Azaroak 23, osteguna: Feminissimas antzerkia, 19:00etan Kasinoan. Sorkuntza kolektiboa, adiskidetasuna oinarri eta feminismoa forman.
- Azaroak 24, ostirala: Artile erasoa, 10:30ean Aldai Plazan. Laudioko kaleak tindatuz 2012. urtetik egiten den jarduera da, eta indarkeria matxistaren aurrean interesa piztea eta herritarrak sentsibilizatzea du helburu.
- Azaroak 24, ostirala: Dei iezadazu sorgina antzerkia, 18:30ean Aretako liburutegian (5 urtetik aurrera)
- Azaroak 24, ostirala: Beldur Barik film laburren lehiaketaren sari banaketa, 18:00etan Lezeaga aretoan
- Azaroak 25, larunbata: El sueño de la sultana filma, 19:00etan La Milagrosa ikastetxean (sarrera 3 euro)
- Azaroak 29, asteazkena: Izan ondoren zarena performancea, 18:30ean Kasinoan (16 urtetik aurrera). Mikroantzerkia eta biodantza uztartzen dituen ikuskizuna.
Hitzorduen zerrenda osatzen ari gara. Bidali zure herriko deialdiak eta argazkiak erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsapp bidez 645 66 86 02 telefono zenbakira.