Zaintzako Sektoreen Topaketa antolatu du larunbatean, irailaren 23an, Gasteizko Mugimendu Feministak. Bi hilabete barru, azaroaren 30ean, zaintza eskubide unibertsalaren alde egingo den greba feminista orokorraren atarian, zaintza sektoreko 30 bat langile bildu dira bertan, mugimendu feministako hainbat kiderekin batera.
Topaketan, besteak beste, "gaur egun Euskal Herrian dugun zaintzako sektoreetako lan egoera prekarioen eta zaintza sistema beraren egoera kezkagarriaz" hitz egin dute. "Zaintza lanetan dauden langileek lan baldintza duinik ez izatea, beraien eskubideen urraketa izateaz gain, zaintza behar duten pertsonei eta familiei ere eragiten die zuzenean", salatu dute prentsaurrekoan.
Testuinguru horretan iritsiko da greba feminista orokorra, "herrialde honetarako sistema publiko komunitario bat" exijituko duen lehen hitzordua. "Horrek etorkizunean eraiki nahi dugun sistemari buruzko hausnarketa sor dezake, zaintza lanak bidegabeki banatzeari uzteko, eskubide unibertsal bat izateko, dagokien balio ekonomikoa emateko, publikoak izateko, gizartearen onarpena lortzeko eta emakumeen eta familien zereginak soilik ez izaten jarraitzeko", aldarrikatu dute. "Zaintza lanek bizitzak eusten dituzte, gizartea eta ekonomia mantendu, eta horren aitortza behar dute. Bizitza eta gizartearen demokratizazioa jokoan dauden honetan, zaintza sistema aldatzeko aldarria dugu, dena aldatzeko".
"Ez da kasualitatea zaintzako eta garbiketako langile gehienak emakumeak* izatea, askotan gure osasun mentalaren eta fisikoaren kontura egiten dugun lanbide honek eskubide gutxi izatea, aldi baterako kontratuekin eta merkatuko balio txikienarekin. Sexuaren araberako lan banaketa heteropatriarkalarekin jarraitzen dugu, eta emakumeak betikotu egiten gara ohiko lanpostuetan eta zereginetan, errekonozimendu sozial eta ekonomikorik gabe", kritikatu dute.
"Sistema hori eraldatu behar dugu, eta horretarako erabiltzaileen familiak eta gizarte osoa behar ditugu", eskatu dute. Besteak beste, "merkatua zainketen ekuaziotik atera" nahi dute, enpresek irabaziak izateari uztea, bidezko hitzarmen bat izatea, soldatak eta lan baldintzak berrikustea.
Greba eskubidea, "errepresaliarik gabe"
"Etxeko langileok greba babesten dugu, jarduera hori Langileen Estatutu eta Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean behingoz sar dadin eskatzeko, beste edozein jardueraren eskubide eta baldintza guztiekin, prestakuntza emakume langileen eskura egon dadin eta migratzen diren barne-erregimeneko langile gehienek beren egoera erregularizatu dezaten eta lan esplotazioko egoerak bizitzeari utz diezaioten eskatzeko", aldarrikatu dute.
"Zaintza sektoreko lankide askoren lan baldintza prekarioak eta esplotazioa direla eta, mugimendu feministako kideok eta hemen gauden emakume langileok ulertzen dugu haien egoera, eta horrek indar handiagoa ematen digu grebarekin bat egiteko eta beren aldarrikapenen alde borrokatzeko. Zentzu horretan, emakume* guztiei, eta, oro har, gizarte osoari dei egiten diegu grebarekin bat egin dezaten, zainketen eraldaketaren printzipioa izan nahi baitugu".
Egoera horren aurrean, greba eskubidea "errepresaliarik gabe" errespetatzea eskatu diete zaintzaren eta garbiketaren sektorean lan egiten duten enpresei eta etxeetan langileak ardurapean dituzten enplegatzaileei, horretarako "baliabide guztiak" jarrita.