Atzera-kontaketa hasi da: 71 egun baino ez dira falta aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarritako greba feminista orokorrerako. Zaintza eskubide unibertsala izango da greba horren ardatza, eta herri mugimenduekin, mugimendu sozialekin eta sindikatuekin batera egingo dute.
Azaroaren 30ean izango da, ostegunean. Eta asteazken honetan, Mugimendu Feministak aldi bereko lau protesta ekintza egin ditu Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean, greba deialdia berriz ere mahai gainean jartzeko eta herritarrei herri zein auzoetako greba batzordeetara batzea eskatzeko. Gizonei ere "dagokien ardura hartzeko" eta prozesura batzeko exijitu diete.
Arabako hiriburuaren kasuan, 50 militante feminista baino gehiago sartu dira Diputazioaren menpeko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) bulegoetara, San Prudentzio kalean, zaintza lanen pribatizazioa salatzeko. Horrez gain, argazki masiboa atera dute Probintzia Plazan, Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean. Grebaren aldeko oihuen artean, besteak beste, egoitzak publikoak izan behar direla, langileen baldintzak duindu behar direla eta etxez etxeko zerbitzua hobetu behar dela aldarrikatu dute.
Instituzio ezberdinak eta zaintza lanekin negozio egiten ari diren enpresak bizi dugun egoeraren erantzuleak izanik, pribatizazioarekin eta zaintza lanen merkantilizazioarekin behingoz amaitzea exijitzen dugu. Zaintza sistema publiko duin bat lortzeko urratsak ematera goaz!👇 pic.twitter.com/HeXFWCgKHk
— DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN (@bizitzak) September 20, 2023
Zaintzarako eskubide kolektiboa
Protesta ekintzekin batera zabaldutako mezuan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak "zaintzarako eskubide kolektiboaren" aldeko greba feminista orokorrerako deia berretsi egin du.
"Egungo zaintza sistema iraultzeko urgentzia mahai gainean jarriz, lanean aritu gara auzo eta herrietako asanbladetan. Pixkanaka, sistema aldatzera bidean zein urrats eman definitzen ari gara. Urteak daramatzagu esaten: bizitza duinak eraikitzeko, bizitzak zaintzea ezinbestekoa da", aldarrikatu dute. "Baina lan hori ikusezin mantentzeko interesa dute batzuek. Lan horiek soldatapetik zein lan erregimen orokorretik kanpo utziz, negozio egiten baitute. Zaintza lanak geroz eta gehiago emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, muturreko baldintza eta esplotazio egoeratan".
"Horregatik egiten dugu greba feminista orokorrerako deia: pertsona guztiok, bizitza osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko dugun eskubidea aldarrikatzeko", gaineratu dute.
Urriaren 7an, Herri Akordioa
Denon Bizitzak Erdigunean prozesuarekin "jauzi politikoa" eman nahi dute: "Bizitza duinez hitz egiten ari gara, nork, nola eta zergatik zaintzen duen eztabaidaren erdigunera ekarriz. Zaintza lanak aitortzearen eta banatzearen ezinbestekotasuna adierazi nahi dugu. Instituzioak eta zaintza lanekin negozio egiten ari diren enpresak bizi dugun egoeraren erantzuleak izanik, pribatizazioarekin eta zaintza lanen merkantilizazioarekin behingoz amaitzea exijitzen dugu. Zaintza sistema publiko duin bat lortzeko urratsak ematera goaz".
Iragarri dutenez, urriaren 7an Herri Akordioa aurkeztuko dute, "sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu eta guztion bizitzak erdigunean jarriko duen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa" definitzeko.