2018. urtean izan zen Euskal Herriko historiako lehen greba feminista, martxoaren 8an. Orduan, zaintzan, kontsumoan, hezkuntzan eta lan arloan egin zuten planto emakumeek. 2019an ere lanuzte eta protesta jendetsuak antolatu zituzten emakumeek. 2020an pandemia iritsi zen, eta, horren ostean, azken hiru urteetan ez da greba feministarik antolatu. Orain, berriz, zerbait handiagoa eta sakonagoa dator: "Hau guztion ardura da", azpimarratu du Mugimendu Feministak.
Urtebete baino gehiago igaro da Euskal Herriko Mugimendu Feministak Denon Bizitzak Erdigunean prozesua martxan jarri zuenetik, "zaintza sistema iraultzeko" asmoz. Bide horretan, besteak beste, zaintza sistemaren ezaugarritzearen inguruko jardunaldiak antolatu zituzten 2022an; bertan erabaki garrantzitsuak hartu zituen mugimenduak.
Prozesuak jauzi kualitatibo bat eman zuen aurtengo Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, aurten greba feminista orokorra egingo zela iragarri zutenean. Azken hilabeteetan, eragile eta norbanako gehiago batu dira Mugimendu Feministak abiarazitako prozesura.
Asteazken honetan, Euskal Herriko gune esanguratsuetan —tartean, Gasteizko Santiago Ospitalean, osasun sistema publikoaren egoera salatzeko— proiektatutako irudien bidez, greba feminista horren data iragarri du Mugimendu Feministak: 2023ko azaroaren 30ean, ostegunean, izango da.
"Zainduak izateko eta zaintzeko eskubidea"
Greba feminista orokorraren eskakizun nagusia zaintza eskubide kolektiboa bermatzeko "zaintza sistema publiko eta komunitario bat" izango da, eta horren alde kalera masiboki ateratzeko dei egin dute.
"Hau guztion ardura da. Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko", azaldu du Mugimendu Feministak.
Horrez gain, "beste hamaika aldarri" jarriko dituzte erdigunean: "Finean, bizitza duinen aldeko borroka da hau, bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berdinaz zaintzeko eskubidea lortzeko. Denon bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa borrokatzera goaz".
Euskal Herri osoko auzo eta herrietako deialdietara batzeko deia luzatu diote euskal herritar orori. "Pausoz pauso, egungo zaintza sistema iraultzera gatoz. Azaroaren 30ari begira jarri gara, ordurako prozesua asanbladetan eta kaleetan egingo dugu, batzen gaituzten aldarriak ipar, aldaketak eragitera goaz. Guztiok grebara, zaintza eskubide kolektiboaren alde", aldarrikatu dute.