"Oldarraldia" gelditzeko manifestaziora Arabatik joateko autobusak

Erredakzioa 2023ko aza. 2a, 12:30
Gasteizko euskalgintzaren agerraldia, Bilboko manifestaziora deitzeko. ALEA

Euskararen normalizazioaren kontrako azken epaiak salatzeko manifestazioa deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak larunbaterako. Agurain eta Gasteiztik Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte.

Larunbatean, azaroaren 4an, Euskal Herri osoko euskaltzaleek eta, oro har, hizkuntza eskubideen zein euskararen normalizazioaren alde dauden herritar guztiek hitzordua dute Bilbon: Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, "euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren" aurkako manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskalduna jauregitik, Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, eta Bilboko udaletxean egingo da amaiera ekitaldia.

ALEAk jakin duenez, gutxienez bi herritan antolatu dituzte Arabatik joateko autobusak:

  • Agurain: autobusa 15:30ean irtengo da, eta izena emateko aukera dago Ortzi Tabernan, AEKn edo 605 29 09 51 telefonora idatzita. Apuntatzeko azken eguna azaroaren 2a, osteguna, izango da. Helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte, langabe eta ikasleek 5 euro, eta 14 urtetik beherakoek dohainik joateko aukera izango dute.
  • Gasteiz: 15:30ean autobus geltoki zaharretik abiatuko da Gasteiz Kantuz taldeak antolatutako autobusa (oraingoz, hiriburuan antolatutako bakarra), eta 20:00etan itzuliko da, manifestazioaren ostean. Lekua erreserbatzeko, 652 73 82 31 telefonora idatzi behar da, izena eta taldean zenbat pertsona izango diren zehaztuz. Txartelen prezioa 13 euro ingurukoa izango da, baina bidaiari kopuruaren arabera moldatuko dute.

Euskalgintza eta udalak

Gasteizko euskalgintzako 20 eragilek baino gehiagok —tartean, Arabako ALEAk— joan den astean egin zuten bezala, Arabako euskalgintzak eta hainbat udalek ere bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluaren deialdiarekin.

Besteak beste, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak mozioa aurkeztu du Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Okondo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Artziniega eta Arakaldoko udaletan, bertako udalbatzek adierazpen publikoa egin dezaten eta azaroak 4ko ekimenarekin bat egin dezaten. Une honetan, Amurrioko udalbatzaren gehiengoak bat egin du mozioarekin, baita Artziniegako eta Aiarako udalek ere.

Bestalde, Gasteizko alkateak uko egin dio aste honetan Gasteizko Udalean euskararen normalizazioaren aldeko adierazpen instituzional bat babesteari. Testuaren alde bozkatu dute EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin udal taldeek; PSEk eta PPk, berriz, adierazpenaren kontra bozkatu dute.

Euskararen kontrako epai sorta

Euskalgintzaren Kontseiluko Idurre Eskisabelek, Bilboko manifestazioaren aurkezpen publikoan, euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten neurrien aurkako hainbat sententzia gogoratu ditu: Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena, Nafarroako hainbat udaletakoa, edo euskara hizkuntza "zailegia" dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu dituzte, besteak beste.

"Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra", ohartarazi du Kontseiluak. "Izan ere, sententzia guztiek elementu komun bat dute: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik eta, beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan".

Denboran gertuago, uztailaren 6an, Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkiela salatu zuten, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuta. Epaiak, Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezeztatu zien.

Ildo beretik, urriaren hasieran jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman duela. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren kontrakoa, hain zuzen. Epaileek 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak osorik eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal baliogabetu dituzte. "Azken sententzia honek ukatu egiten du euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarri direnik", azpimarratu du Kontseiluak.

Manifestazioa euskalgintza mugimenduak deitu duen arren, "hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten eragile eta norbanako guztiei oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egiteko eta euskaraz bat izateko" gonbidapena luzatu die Kontseiluak. "Euskara guztiona da eta guztiontzako izan behar du. Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara segregaziorako, bazterketarako tresna dela adierazten dutela. Bereizketa sortzen duela. Guk, ordea, sinesten dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela. Balio horiei denei bultzada eman nahi dieten herritarrei zabaltzen diegu datorren azaroaren 4an gurekin izateko deia", esan du Kontseiluko eledunak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide