Sare

"Atzera garamatzan epaia da Galder eta Aitorri ezarritakoa"

Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 18:00

Zelaia eta Barbado, ANkerkeriari Stop plataformako kideekin. Argazkia: @ANkerkeriaSTOP

Sare Herritarraren ustez, "salbuespen politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea" da Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei ezarritako lau urteko espetxe zigorra. Mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Joan den astean ezagutu genuen Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren behin betiko epaia: Auzitegi Nazionalak bakoitzari ezarritako lau urteko espetxe zigorra berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Aste honetan, bi gazteen inguruan "elkartasun uholde bat" osatzera deitu du ANkerkeriari Stop plataformak.

Halaber, euskal presoen eskubideen aldeko Sare Herritarrak ohar bat plazaratu du epaia salatzeko, "bost urte iraun dituen ibilbide juridiko honen hasierako unetik bezala".

"Atzera garamatzan sententzia da Galder eta Aitorri ezarritakoa, salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea", kritikatu du Sarek. "ETAk jarduera armatuari amaiera emateko erabakia hartu zuenetik hamabi urte igaro diren arren, eta desegin zenetik bost urte igaro diren arren, badira etengabeko gatazkari eusten saiatzen direnak. Espainiar justiziak oraindik ere lekuz kanpo dauden zigorrak ezartzen jarraitzen du terrorismoaren aitzakiapean".

Gogora ekarri dutenez, epailearen aurrean "indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat" egiten dutela "argi" adierazi zuten Zelaiak eta Barbadok. "Froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika salatzen dugu, duela hamabi urte ireki zen itxaropen aroa kontuan hartzen ez duena. Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da", salatu dute.

"Espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen ari garen honetan, honelako epaiek ez dute lekurik. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean. Hala eta guztiz ere, edo, hain zuzen ere, horregatik, Sare Herritarra elkartetik adierazten dugu bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko borondatea dugula, eta horretan jarraituko dugula buru-belarri. Hori baita euskal gizartearen gehiengo zabalak guztioi eskatzen diguna".

Hurrengo mobilizazioak

Azkenik, Sarek bat egin du epaia salatzeko datozen egunetarako ANkerkeriari Stop plataformak deitutako mobilizazioekin:

  • Ekainaren 4an, igande honetan, agerraldi masiboa Amurrioko Zabaleko ikastetxean, 12:00etan, "ANkerkeria" salatu eta bi gazteei elkartasuna adierazteko.
  • Datozen egun eta asteetan #AitorEtaGalderAske eta #EuskalHerriakAurrera aldarria "lau haizetara" zabaltzea "Euskal Herriko txoko guztietara", baita mobilizazioak eta elkartasun keinuak antolatzea ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago