Joan den astean ANkerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuenez, Auzitegi Nazionalak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei ezarritako lau urteko espetxe zigorra berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Apirilaren 26an bildu ziren epaileak, bi gazteen helegiteak aztertzeko; espetxe zigorraz gain, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri dizkiete.
Une honetan, gazteak "edozein unetan" espetxeratzeko arriskuan daude, eta horren aurrean elkartasuna aktibatzera deitu du ANkerkeriari Stop plataformak. Astelehen honetan, maiatzaren 29an, prentsaurreko bat eskaini du plataformak, Zelaia eta Barbadorekin batera.
Alde batetik, bideo bat argitaratu dute epaiaren zein bi gazteen egoeraren inguruko irakurketa plazaratzeko. Horrekin batera, Zelaia eta Barbadori elkartasuna adierazteko agerraldi masibo bat deitu dute iganderako, ekainaren 4rako, 12:00etan Amurrioko Zabaleko ikastetxean.
"Espetxeratuak izango dira"
"Aitor Zelaia eta Galder Barbado, bi gazte arabar, bi militante, bi lagun. 2019ko otsailean beraien bizitza erabat aldatu zen. Gaueko ordu txikitan Ertzaintzak atxilotu eta lau urte baino gehiago luzatzen ari den ibilbide polizial eta judizial ankerraren protagonistak bilakatu ziren, nahigabeko protagonistak", gogora ekarri dute prentsaurrekoan bi gazteen gertukoek.
"Ibilbide judizial luzeegi honen amaierara iritsi gara azken egunetan. Aitor eta Galderren aurkako sententzia irmoa da, bestelako helegiterik ez baita aurkeztuko. Une honetan, sententzia noiz betearaziko duten zain aurkitzen dira, aurkitzen gara. Hurrengo egun edo asteetan espetxeratzeko errekerimendua abiatu behar du Auzitegi Nazionalak", ohartarazi dute.
Azaldu dutenez, gainera, errekerimendu horrekin batera "bat-bateko atxiloketa" gerta daiteke: "Egungo egoera, beraz, argia da: hurrengo egun eta asteetan, atxiloketarekin edo gabe, Aitor eta Galder espetxeratuak izango dira".
Bideoa: ANkerkeriari STOP (hedabideei bidalita)
"Euskal Herriak aurrera!"
Egoera horretan, prozesu osoaren "ankerkeria, anakronismoa eta krudelkeria" salatu ditu ANkerkeriari Stop plataformak. "Minetik, amorrutik, baina, era berean, maitasunetik eta elkartasunetik irakurtzen dugu egoera hau", adierazi dute.
"Ulergaitza egiten zaigu 2023an horrelako eraso bati aurre egin behar izana. Euskal Herria aurrera doa, eskubide zibil eta politikoak urratu eta horrelako injustiziei aurre egiten kateatuta nahi gaituzten arren", aldarrikatu dute. "Euskal jendartearen gehiengoak aldarrikatzen duen bezala, kartzelak husteko eta Euskal Herria eraikitzeko garaia da, ez kartzelak betetzekoa".
"Aitor eta Galder gure lagun, kide eta militante politikoak maite ditugu, eta ez ditugu bakarrik utziko. Maite dugu herri honekin daukaten konpromisoa eta haiek milaka aldiz egin duten bezala, elkartasun uholde bat itzuli nahi diegu. Elkartasuna eta elkarrekiko babesa delako herri honek duen baliorik handiena", gaineratu dute.
Agerraldia, mobilizazioak eta keinuak
Euskal Herri osoko norbanako zein eragile politiko, sindikal eta sozialei dei egin diete datozen asteetako deialdiak babestu eta horietan parte hartzera, baita tokian tokiko "elkartasun keinuak" zabaltzera ere. Norabide horretan, lehenengo bi deialdi egin dituzte:
- Ekainaren 4an, igande honetan, agerraldi masiboa Amurrioko Zabaleko ikastetxean, 12:00etan, "ANkerkeria" salatu eta bi gazteei elkartasuna adierazteko.
- Datozen egun eta asteetan #AitorEtaGalderAske eta #EuskalHerriakAurrera aldarria "lau haizetara" zabaltzea "Euskal Herriko txoko guztietara", baita mobilizazioak eta elkartasun keinuak antolatzea ere.
KARTELA
KRONOLOGIA: Bost urteko ANkerkeria (2018-2023)
Bi gazte arabarren auzia duela bost urte hasi zen, eta ANkerkeriari Stop-ek Bost urteko ANkerkeria (2018-2023) infografiaren bitartez laburbildu du prozesu osoa. 2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Dura herrian (Arratzua-Ubarrundian), eta aurreko urteetan gertatutako sabotajeekin lotu zuen.
Ustezko "zulo" horren arduradunak bilatzeko ikerketaren barruan, hainbat hilabete beranduago, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Zelaia eta Barbado atxilotu zituen, Agurainen eta Amurrion, hurrenez hurren. Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, eta gazteek sei hilabete eman zituzten hainbat kartzelatan preso, 2019ko uztailean baldintzapean aske gelditu ziren arte, epaiketaren zain.
Urte eta erdi beranduago egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, COVID-19aren pandemia betean, 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion arren, Angela Murillo epaileak otsailaren 2an eman zuen epaia: lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa.
Defentsako abokatuen errekurtsoak bi urte beranduago, apirilaren 26an, iritsi ziren Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara. Maiatzaren amaieran ezagutu dugu epai irmoa.