ANkerkeriari Stop

Zelaia eta Barbadoren auziko epaiaren aurrean elkartasuna aktibatzera deitu dute

Mikel Buruaga 2023ko api. 26a, 20:30

Auzitegi Gorenera iritsi da gaur Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren auzia. ANkerkeriari Stop elkartasun plataformak ehunka lagun bildu ditu Gasteiz, Amurrio eta Aguraingo elkarretaratzeetan.

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren auzia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi da gaur. 2021eko otsailaren 2an, Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zion gazte bakoitzari, "helburu terroristarekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea" egotzita. Fiskaltzak zortzi urteko zigor eskaerari eutsi zion bitartean, defentsako abokatuek absoluzioa eskatzeko errekurtsoak aurkeztu zituzten.

Hori guztia aztertu dute gaur epaileek, eta, defentsaren helegiteak berrikusita, auziaren inguruko epai irmoa plazaratuko dute laster. Hainbat agertoki posible daude: Auzitegi Nazionalaren epaia berrestea edo aldatzea da aukera bat (urte gutxiago edo gehiago ezarrita), baina absoluzioa ebazteko aukera ere zabalik dago. Edonola ere, ebazpena edozein unetan iritsi daiteke, gazteak aske utziz edo berriz espetxeratzea aginduz.

Helegitea aurkeztu zutenetik bi urteko itxaronaldia bizi izan dute Zelaiak eta Barbadok, behin baino gehiagotan salatu dutenez, denbora horretan bizitza normala egiteko ezinean.

Mobilizazioak

Egoera horren aurrean, bi gazte arabarrekiko elkartasun eta babes dinamika berriro martxan jartzera deitu du ANkerkeriari Stop plataformak. Lehen urratsa, gaur arratsaldean Gasteizen, Amurrion eta Agurainen egindako elkarretaratze jendetsuak izan dira.

Edozein momentutan ezagutu daitekeen epaiaren aurrean adi egotera deitzearekin batera, datorren astearterako, maiatzaren 2rako, elkartasun dinamika koordinatzeko asanblada irekia deitu dute Judimendi auzoko SUmendi Espazioan, 19:00etan.

AMURRIO

 

AGURAIN

KRONOLOGIA: Bost urteko ANkerkeria (2018-2023)

Bi gazte arabarren auzia duela bost urte hasi zen, eta ANkerkeriari Stop-ek Bost urteko ANkerkeria (2018-2023) infografiaren bitartez egin du prozesu osoa laburbilduz. 2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Dura herrian (Arratzua-Ubarrundian), eta aurreko urteetan gertatutako sabotajeekin lotu zuen.

Ustezko "zulo" horren arduradunak bilatzeko ikerketaren barruan, hainbat hilabete beranduago, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Zelaia eta Barbado atxilotu zituen, Agurainen eta Amurrion, hurrenez hurren. Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, eta sei gazteek sei hilabete eman zituzten hainbat kartzelatan preso, 2019ko uztailean baldintzapean aske gelditu ziren arte, epaiketaren zain.

Urte eta erdi beranduago egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, COVID-19aren pandemia betean, 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion arren, Angela Murillo epaileak otsailaren 2an eman zuen epaia: lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa.

Defentsako abokatuen errekurtsoak gaur iritsi dira Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara, eta laster ezagutuko da epai irmoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago