Gasteizko San Anton plazatik abiatuko da Euskal Herria Bizirik ekimenak larunbat honetan antolatu duen martxa, 18:00etan. Maialen Fernandez de Pinedo, Susana Dominguez eta Elsa Bravo taldeko kideek azaldu dutenez, erakundeak "energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa saltzen ari dira, baina berriztagarrien negozioaren aurrean gaude".
Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala aurkeztu berri du. Nola baloratzen duzue?
Maialen Fdz. de Pinedo: Eusko Jaurlaritzak atera berri duen LPSak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 110 kokapen aurreikusi ditu guztira zentral eoliko zein zentral fotovoltaikoetarako.110 zentral ikaragarrizko kopurua da. Orain arte, nekazaritzarako, abeltzaintzarako, basogintzarako zein herriarenak izan den lur eta mendi eremu izugarria galzorian geldituko da. Iragarri dituzten guzti horietatik, Araban bakarrik 42 iragarri dituzte, aurreikusitakoen ia %40a alegia, energia eolikorako 19 eta energia fotovoltaikorako 23.
Elsa Bravo: Beste behin ere, gogor salatu behar dugu Eusko Jaurlaritzak onartu duen energia berriztagarrien planak gure lurraldea bihurtzen duela enpresa energetikoen eta inbertsoreen nahierara atondutako joko taula handi bat, eskala handiko 110 zentral eoliko eta fotovoltaiko jartzeko bidea emanez.
Susana Dominguez: Trantsizio energetikoaren aitzakiaz, mendiak eta landa eremu zabalak makroproiektu eolikoz eta fotovoltaikoz josi nahi dituzte. Besteak beste, biodibertsitatean atzera bueltarik gabeko galerak eraginez, balio natural eta paisajistiko handiko guneetan kalte larriak eraginez, eta baita elikadura bermatzeko ezinbestekoak diren nekazaritza eta abeltzaintzarako lurren hondamendi eta desagerpen nabarmenak eraginez. Proposamenak, ingurumena babestu baino, argi berdea emanten die zuzenean makroproiektuei, landa eremuak, inguru naturalak eta gure mendiak industrializatzeari, energia enpresa handiek gure kontura aberasten jarraitu dezaten.
"Martxan jarri nahi diren proiektu askok kontzejuen borondatearen aurka egiten dute"
M.F.P.: Azkenean, trasnazional energetikoek aurreikusita zeuzkaten kokapenak ezarri dituzte plan honetan; eta gainera, Tapiaren sailak plan hau egiteko Saitec kontratatu du; eta operadore horren filialak, Itxas Windek, Armintzan zentral eoliko handi bat sustatzeko interesa agertu du.
Araba izango da lurralderik kaltetuena. Zergatik?
S.D.: Gure ustez, kaltetua lurralde guztia izango da, nahiz eta proiektu horietako asko Araban egon. Trenbideen proiektuak eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta dagozkien banaketa lerroak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animalien ustiapen intentsiboak agertzen dira, baita ere, Euskal Herriko mapan.
M.F.P.: Eremu komunalak eta laborantza lurrak pixkanaka bereganatzeak lurraldea egituratzen duten eta gure bizitzari eusten dioten ekosistemak desagertzea dakar. Naturguneak industriaren zerbitzura jartzen dituen plan baten aurrean gaude. Gainera, ez dugu ahaztu behar martxan jarri nahi diren proiektu askok kontzejuen borondatearen aurka egiten dutela, eta, beraz, tokiko subiranotasunaren aurka egiten dutela.
Tapia Legeak udalen eta kontzejuen eskumenak urratzen ditu?
E.B.: Kontzejuen eta udalen borondatearen gainetik jartzen du Eusko Jaurlaritzaren erabakia. Eusko Jaurlaritzak, tresna horren bitartez, bere interesen arabera joka dezake, nahi duen erara molda dezake edozein zentral zein makroproiektu, herriak edo udalak nahi ez izan arren. Tapia Legeak aukera ematen du ingurumen inpaktu handiko proiektuak interes publikokoak deklaratzeko.
M.F.P.: Gainera, proiektu jakin batzuei ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egiteko betebeharra kentzen die; eta ez dugu ahaztu behar Eusko Legebiltzarrak Tapia II Legea onartzeko asmoa duela, hau da, gure lurraldea ekimen pribatuen esku utz dezakeela ere.
Nola egin beharko litzateke, zuen ustez, trantsizio energetikoa?
S.D.: Kapitalari begiratu beharrean, tokian tokiko garapenaren aldeko apustua egin beharko genuke. Gure energia kontsumoaren inguruan hausnarketa bat egin beharko genuke, ez baita epe luze zein motzera oso bideragarria, eta oraingo bizi eredua birplanteatu beharko genuke.
M.F.P.: Trantsizio energetikoaren kontzeptuaren atzean energia iturrien aldaketa faltsu bat dago. Energia berriztagarriekin ezin da energia fosilekin sortzen den energia guztia ordezkatu. Bestalde, zentral eolikoak zein fotovoltaikoak eraikitzeko beharrezkoak diren mineral zein material guztiak ere ez ditugu eskuragarri. Ez dago baliabide nahikorik energia kopuru berdina sortzeko.
S.D.: Gogoratu behar da energia berriztagarrien bitartez energia elektrikoa besterik ez dela lortzen; eta energia elektrikoaren kontsumoa energia kontsumo orokorraren %20 bakarrik dela. Orain arteko garapen ekonomikoa industriari begira egon da, eta trantsizio energetikoaz baliatu nahi dira egun mendiak eta landa eremuak industrializatzeko. Epe motzerako erabakiak hartu nahi dituzte, ekonomiari eta irabaziei begirako proiektuak mahai gainean jarriz. Energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa saltzen ari dira, baina berriztagarrien negozioaren aurrean gaude.
E.B: Proiektu horietako bakar bat ere ez da Euskal Herriko biztanleriaren onurarako; ez du energiaren prezioa murrizten lagunduko, ezta energiarako eskubidea bermatuko ere. Proiektu horiek Araban horrenbeste urtetan mantendu izan diren mendiko espazio publiko komunalak hartzen dituzte, zentral eolikoen kasuan, eta nekazal lur emankorrak zentral fotovoltaikoen kasuan. Nekazaritzarako lurren gaineko presioa areagotuko dute eta gure lurraldeak duen elikadura mendekotasuna areagotuko dute. AHTa bezalako garraio azpiegitura handiek energia kopuru handiak xurgatzen dituzte, energia neurrigabe xahutzen dute eta ez dira eraginkorrak.
"Energia berriztagarriak saltzen ari dira, baina berriztagarrien negozioaren aurrean gaude"
Aldaketa klimatikoaren ondorioz, lehorteak ere pairatzen ari gara. Ur kontsumoan murrizketak ere ezarri dituzte hainbat herritan. Zuzena izaten ari da uraren kudeaketa?
M.F.P.: Ura nahitaezko behar eta eskubide bat da. Ura beharrezko baliabidea da, baina industriaren esku jartzen ari da.
S.D.: Uraren kudeaketa pribatizatzen hasi dira Araban, beste lurraldeetan bezala. Lehen, herrietako kontzejuek eta udalek kudeatzen zuten, eta orain, poliki-poliki ur kudeaketa pribatizatzen ari dira Urbide partzuergoaren bidez. Horrek uraren prezioa igotzeko arriskua dakar, eta herriak bere eskumena galdu egiten du. Uraren kudeaketa publikoa bermatu beharko litzateke, nahitaezko behar bat izanik; eta negozio bihurtu ez dadin, jende gehiago kontratatu kudeaketa publikoa bermatzeko.
E.B: Makroproiektu eta zentral eoliko eta fotovoltaiko uholdeak espazio naturalaren industrializazioa ekarriko du, eta akuiferoak ere arriskuan egongo dira, eta horrekin lehorteen arriskua.