Maiatzaren 20an, datorren larunbatean, lurraldeari erasotzen dioten makro-proiektuak errefusatzeko eta geldi daitezen exijitzeko mobilizatuko gara Gasteizen, Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik! lelopean.
"Natura guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara"
Izan ere, naturguneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara: zentral eolikoak eta makro-poligono fotovoltaikoak, abiadura handiko trenbide eta azpiegiturak, goi-tentsioko lineak, meatzaritza proiektu berriak, erraustegiak, negutegi industrialak eta makro-abeltegiak... Horiek guztiak ageri dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direnak.
Guztiz kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriro ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko. Halaber, kostaldean eta eremu turistifikatuetan hedatzen ari diren txikizio eta etxegintza espekulatzailearen ondorioz, porlan azpian betirako galtzen ari gara lurrak.
Proiektu horiek naturguneak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea ekarriz.
Hori gutxi balitz, gobernuek enpresa handien interes ekonomikoei lehentasuna ematen diete, eta legebiltzarretatik mega-proiektu horien inposaketa errazteko legeak onartzen dira, hala parte-hartze publikoa eta ingurumenaren gaineko kalteen azterketak erabat murrizten dituzten Espainiako azken legeak, nola udalei, kontzejuei eta lurralde horietako bizilagunei erabakiak hartzeko aukera eragozten dieten Tapia Legea eta gisa bereko legedi nafarra.
"LPSak EAEko lurraldea enpresa energetikoen eta inbertsoreen nahierera atondutako joko-taula handi batean bilakatzen du"
Azken aldian, gainera, energia krisiaren eta klima aldaketaren aitzakia baliatuz, mendialdeak eta landa eremu zabalak makro-proiektu eolikoz eta fotovoltaikoz josi nahi dituzte, biodibertsitatean atzera bueltarik gabeko galera eta balio natural zein paisajistiko handiko guneetan kalte larriak eraginda, baita elikadura bermatzeko ezinbestekoak diren nekazaritza eta abeltzaintza lurren hondamen nabarmena eraginda ere.
Energiaren auziari dagokionez, energia berriztagarrien ezarpen industrialean eta mega-proiektuetan oinarrituta inposatzen ari den trantsizio energetikoaren eredua errefusagarria da guztiz, enpresa energetiko handien interesei men egiteaz gain, kapitalismoaren hazkundeari eta egungo bizimodu jasanezinari eutsi nahi dien ihesbide bat delako.
Gogor salatu behar dugu, horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak egunotan onartu duen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak EAEko lurraldea enpresa energetikoen eta inbertsoreen nahierera atondutako "joko-taula" handi batean bilakatzen duela, eskala handiko 110 zentral eoliko eta fotovoltaikoren ezarpenari bide emanez.
Hain zuzen, Munduko Bankua Barakaldoko BECean elkartuko da maiatzaren 23tik 25era, elite ekonomikoek klima larrialdiaren aitzakia baliatuz sustatzen dituzten negozio berriak bultzatzen jarraitzeko. Haien helburu bakarra planeta arpilatzen jarraitzea eta Europako Next Generation programaren milaka milioi euroko funts publikoak eskuratzea da. "Trantsizio energetikoa" eta "deskarbonizazioa" bezalako terminoek beren esanahia galtzen dute gaur egungo krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean. Lurralde osoa transnazionalen esku jartzeak, makro-proiektuak garatu ditzaten, pobretu egiten gaitu, ahulago eta mendekoago bihurtzen gaitu.
"Lurralde osoa transnazionalen esku jartzeak, makro-proiektuak garatu ditzaten, pobretu egiten gaitu, ahulago eta mendekoago bihurtzen gaitu"
Hori denagatik, herritar eta talde guztiak lurraren defentsan elkartzeko eta beharrezkoak diren ekintzak eta mobilizazioak antolatzea beharrezkoa da. Larunbateko manifestazioa Euskal Herriko toki askotan lurraldea defendatzeko mugitzen ari garen hainbat talde eta pertsonen arteko elkarlanaren emaitza izango da.
Natur eremuak eta laborantza lurrak zaintzea eta babestea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko. Erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak; laborantza lurrak eta etxalde txikiak babestuko dituzten politikak, eta garraio sistema publiko eta sozial bat garatuko dutenak; energia berriztagarrien eredu deszentralizatu eta lokala sustatuko dutenak. Azken batean, natur ondarea kaltetuko ez duen eta ondasun komuna hobetzera bideratutako eredu bat behar dugu.
Euskal Herriko mendiak, naturguneak, landa eta kostako inguruneak ez dira kapitalak konkistatzeko guneak. Larunbatean 18:00etan Gasteizko San Anton plazan elkartuko gara.
Mikel Alvarez Forcada, azpiegitura lan handien aurkaria
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.