Arabarren jatorri aniztasuna inoizko handiena da. Ehun baino gehiago dira lurraldean presentzia duten munduko herrialdeak. Horien artean, bi bereziki nabarmentzen dira, azken hogei urteetako immigrazioaren datuei erreparatzen baldin badiegu: Maroko eta Kolonbia. Nolanahi ere, jatorriaren aldetik gero eta askotarikoagoa den herrialdean, pisu nabarmena dute oraindik Espainiako beste erkidegoetatik etorritako lagunek; 1950 eta 1980 urteen bitartean izan zen, hazkunde ekonomikoaren garaian. Migrazio fluxu horien aztarna oso nabarmena da: Gaztela eta Leonen jaiotako arabarren proportzioa %9koa da, Extremadurakoena %2,4, Errioxakoena %2,1, Andaluziakoena %1,8, Galiziakoena %1,5. Hortaz, egun, Arabako herritarren %20,6 Espainian jaioa da, eta, aldiz, Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo jaiotako arabarrak nabarmen gutxiago dira, %13,1.
Azken hogei urteotako immigrazioaren bilakaera aztertu berri dute Tokikomek eta EITB taldeetako hedabideek, modu bateratuan, Espainiako Estatistika Institutua INE iturri hartuta. Datu kazetaritza lantzea helburu duen lankidetza proiektu honen lehen saiakeran datu demografikoak aztertu ziren; eta bigarren honetan Hego Euskal Herriko azken hogei urteotako immigrazioaren datuak jaso eta aztertu dira. Aurrerantzean ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokitzea.
Gure aldetik, ALEAn, Arabako datuen azterketa orokorra egin dugu eta alea.eus webgunean kuadrilla eta udalerri bakoitzeko xehetasunak ere plazaratuko ditugu apirilaren 5ean. Gainera, Saretzen proiektuaren lanketatik eratorritako datuak behar bezala aztertzeko eta emandako zenbakiak osatzeko, Asier Otxoa de Retana soziologoaren laguntza ere izan du ALEAk.
Maroko eta Kolonbia, nagusi
Azken bi hamarkada hauetan, nagusiki, Amerikan eta Afrikan jaiotakoak dira Arabara iritsi diren immigranteak. Hala, 2022an, amerikarrak biztanleria osoaren %5,9 dira, eta afrikarrak Araban bizi diren pertsona guztien %4,1 dira; eta horien atzetik datoz Europako gainerako herrialdeetakoak (%2,1) eta Asiakoak (%0,9). Datuetan sakonduz, gurekin bizi diren bi komunitate handienak nabarmendu behar dira: Kolonbiakoa eta Marokokoa. Udalen erroldaren arabera, komunitate nagusiak, egun, honakoak dira: Kolonbia (6.966 lagun) eta Maroko (6.965 lagun). Tamaina ertaineko beste komunitateak hauek dira, ostera: Aljeria (2.450), Pakistan (1.719), Peru (1.684), Venezuela (1.650), Ekuador (1.560), Nigeria (1.525), eta Paraguai (1.501).
Jatorri espainiarra duten etorkinen kategoria kenduta, eta jatorri desberdina dutenak bakarrik kontuan hartuta (%13,1), ikusten dugu ere jatorri amerikarrekoa dela eremurik ohikoena, hamarretik lau inguru baitira (%45); eta ondoren, Afrikakoa dator, hau da, Araban bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen hirutik bat (%31,6) Afrikatik dator. Beste eremu batzuetatik etorritako pertsonak zenbateko askoz baxuagoetan daude, hala nola Europako gainerako herrialdeetatik etorritako pertsonak (%16,2) edo Asiatik etorritakoak (%6,7).
Komeni da, beraz, jatorri latinoamerikarreko biztanleria kontuan hartzea, lan-nitxo nagusietan baitago, batez ere emakumeen kasuan, etxeko zerbitzuarekin, mendeko pertsonen zaintzarekin eta ostalaritzarekin lotuta. Horrek badu garrantzia, kontuan hartzen badugu gero eta baliabide gehiago bideratzen ari direla adineko pertsonen zaintzara, landa turismora eta landa ingurunearekin lotutako jardueretara.
Halaber, nekazaritza sektoreak oraindik ere garrantzi handia du Araban, eta horrek esplikatuko luke magrebtar –Maroko eta Argelia– jatorriko, eta, neurri txikiagoan bada ere, Saharaz hegoaldeko Afrikako pertsonen presentzia handia, tradizioz maskulinizatuta egon diren eta nekazaritza lanetara, mahastien laborantzara, sasoiko lanetara eta landa bilketetara bideratuta egon diren kolektiboak.
Gasteizen pilatzen dira etorkinak
Asier Otxoa de Retana soziologoak adierazi duenez, atzerriko komunitateek Gasteizen metatzeko joera handia dute, gasteiztarren %14,9 osatzeraino (2022ko datuak). Izan ere, arabarren %75,4k dute bizilekua Gasteizen, eta atzerriko arabarren %83,3 ere hiriburuan bizi dira. Badira muturreko kasuak, esate baterako, Nigeriako jatorria duten 1.525 pertsona daude herrialdean, eta horietatik %95,7 Gasteizen dute bizilekua. Kolonbiako jatorri duten arabarrak ere hiriburuan kokatu dira batik bat (%93,3), Paraguaikoak (%91,1), Senegalekoak (%89,1) edo Txinako komunitatea (%89,1).
Gasteiztik kanpo presentzia oso urria dute, beraz, atzerritarren komunitateek. Kolonbiako jatorria duten arabarrak, kasu, Gasteizen ondoren Aiaraldean (%2,1) eta Añanan (%1,5) bizi dira, baina oso kopuru apaletan; eta Marokoko arabarren %72,4 ere Gasteizen bizi dira, %8,4 Arabako Errioxan; %7,3 Aiaraldean eta %6 Lautadan.
Segregazio geografikoa
Banaketa horren atzean dauden arrazoiek zerikusia dute Arabako berezko lurralde desorekarekin eta udalerrien artean dagoen zerbitzuen eta ekonomiaren banaketa desorekatuarekin. Otxoa de Retanak azaldu duen bezala, immigrante berrientzako erreferentziazko babes-sareak atzerritarren komunitateek denborarekin ehundutako sareak izaten dira, batez ere familiarekin lotutakoak, eta hiriburuan garatzen dituzte harremanak batik bat. Bestalde, etxebizitza eskuragarriagoa da hiriburuan landa eremuan baino. "Nagusiki, 1950 eta 1980 arteko industrializazio eta hirigintza hazkundearen geografian kokatzen dira atzerritarrak, batez ere, Errota, Alde Zaharra, Arana, Pilar, Judimendi eta Zaramaga auzoetan. Espainiatik etorritako etorkinen garai bateko auzoak berpizten ari dira, soilik etxebizitza merkeenak eskuragarri baitzaizkie". Ildo horretan, segregazio geografikoa gero eta handiagoa dela nabarmendu du soziologoak.
Hirugarren faktore bat lana da. Komunitate batzuk hiriburuan metatzen diren zerbitzuen sektoreko jarduera desberdinetan laneratzen dira, eta atzerriko komunitate batzuetan handia da emakumeen proportzioa, "nagusiki gaztelaniaren ezagutzak lagunduta, zaintza lanetan ogibidea topatzen duten horietan". Testuinguru horretan ulertu behar da komunitate hauek hiriburuan duten feminizazio-maila: Filipinak (%77), Nikaragua (%74), Honduras (%73), Paraguai (%68), Ekuatore Ginea (%67), Brasil (%65) edo Boliviakoa (%63).
Txanponaren beste aldean, atzerriko emakumeen proportzioa oso txikia da Arabako zati handi batean: "Arabako Ibarretan, Arabako Errioxan, Lautadan eta Gorbeialdean atzerriko komunitateen feminizazio-maila mugatua da", esan du Otxoa de Retanak.
Kuadrilletan, askotariko errealitateak
Kuadrilla bakoitzaren errealitateari erreparatuta, ikus daiteke, ildo komun batzuk izan arren, kuadrilla bakoitzak kasuistika eta egoera desberdina erakusten duela, bere ezaugarri berezien ondorioz. Atzerritar jatorriko biztanleriak kuadrilla bakoitzeko biztanleria osoarekiko duen pisu espezifikoaren azterketa xehatuari ekinez, argi eta garbi bereizitako bi profil daudela ikus daiteke. Alde batetik, atzerritar jatorriko biztanleriaren presentzia erlatibo handiena duten eskualdeak daude, kuadrilla bakoitzeko biztanleria osoaren %10 inguru, hala nola Gasteiz (%14,9), Arabako Errioxa (%12,3), Arabako Lautada (%11) eta Añana (%10,8); eta, bestetik, atzerritar jatorriko biztanleriaren presentzia erlatibo txikiena duten kuadrillak, %7 inguru: Arabako Mendialdea (%7,4), Gorbeialdea (%7,8), Trebiñu (%7,2) eta Aiara (%7,6).
Bizilagun berrien jatorriari erreparatuta, Arabako Errioxan eta Lautadan atzerritar jatorriko biztanle gehienak Afrika iparraldekoak dira, eta beste kuadrilla guztietan Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo jaiotako pertsonen jatorri nagusia Latinoamerikan dago, Kolonbian kasu gehienetan.
Hala, Añanako kuadrillako atzerritarren %30,3 Kolonbiatik iritsitako lagunak dira. Ondoren, Maroko eta Aljeria daude (%29,6), eta inportantea da ere Portugaletik joandako lagunen kopurua (%12,6). Añanan bezala, Aiaraldean Latinoamerikako biztanleriak du presentziarik handiena, atzerritar guztien %39 baitira, baina kasu honetan Peruko kolektiboa nagusitzen da. Ondoren, Aiaraldean bizi diren atzerritar jatorriko pertsona guztien artean, %29 marokoarrak dira.
Arabako Errioxako kuadrillaren kasuan, aldiz, atzerritar jatorriko eremurik ohikoena Marokotik etorritakoa da, eta hain zuzen kuadrilla horretan bizi diren atzerrian jaiotako pertsona guztien %42,19 dira marokoarrak. Biztanleria, batez ere, maskulinoa da, eta nekazaritzarekin eta ardogintzarekin lotutako lan eta jardueretara bideratuta dago. Jarraian, Latinoamerikatik (%17,9) eta Portugaldik (%13,5) joandako pertsonen garrantzia ikus daiteke. Izan ere, Gasteiz ondoren (%60,6), Arabako Errioxan %13,5 kokatu da nagusiki portugaldar jatorriko biztanleria.
Arabako Errioxan bezala, Afrika iparraldekoak dira nagusi Arabako Lautadan. Horrela, atzerritar jatorriko biztanleen %37,9 Magrebekoak dira. Bigarren eremu ohikoena latinoamerikarra da (%23,4); eta Asiako biztanleriaren pisua nabarmena da, %8,5era iristen baita. Arabako Lautadaren kasuan, 2008 eta 2017 artean, nabarmentzekoa da magrebtar jatorriko biztanleria ehuneko 6,1 puntu igo zela, eta 2017an %40,4ra iritsi zela. Asiako jatorria duen komunitateak ere hazkunde erlatibo handia izan du: 2008an % 1,1 izatetik 2017an % 8,5 izatera igaro baita; eta aipagarria da ere azken urteetan Pakistango biztanleriaren hazkundea.
Atzerritar jatorriko biztanleriaren presentzia erlatibo oso txikia dago Arabako Mendialdean, Gorbeialdean eta Trebiñun. Mendialdean, 236 atzerritar daude erroldatuta (2021), eta jatorriak askotarikoak dira: Latinoamerikakoak dira %30,4, marokokoarrak %19, Pakistangoak %5. Gorbeialdean ere atzerritar jatorriko biztanleria urria da, eta latinoamerikarrak dira nagusi, kuadrilla horretan bizi diren atzerritar jatorriko pertsona guztien %36,3; ondoren, jatorri magrebtarreko pertsonak daude (%16,9), eta Portugalekoak zein Errumaniakoak. Trebiñuko migratzaileen populaziorik handiena, berriz, latinoamerikarra da, %42.
Gasteizen, latinoamerikarrak nagusi
Gasteizko hiriburuan bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen garrantzi erlatiboa nabarmenagoa da (%14,9), hiri horretan biltzen baitira baliabide gehienak (lanekoak, sozialak edo ekonomikoak), eta dagoeneko ezagunak diren pertsonen arteko harreman sareak ezartzeko aukera handiagoa dute bertan. Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo jaiotako gasteiztar gehienak latinoamerikarrak dira, atzerritar jatorriko pertsona guztien %45 inguru, bereziki Kolonbia, Venezuela, Paraguai eta Ekuadorrekoak, ordena horretan.Horien atzetik, nahiz eta oso urrun egon, beste behin magrebtarrak daude – Maroko eta Aljeria –, atzerritaren %18,5.
Gasteizen, pertsonen eta etxeen zaintzarekin eta zerbitzuekin lotutako lanen pisua gainerako kuadrilletan baino nabarmen handiagoa da, eta horrek jatorri latinoamerikarreko pertsona gehiago egotea ahalbidetzen du. Aldiz, neurri batean, probintziako hiriburuak ez du nekazaritza sektorean hain finkatuta dagoen ekonomiarik, beste kuadrilla batzuk osatzen dituzten beste udalerri batzuen kasuan gerta litekeen bezala.
Hazkundea, krisiak eta pandemia
Argi dago, beraz, gure auzoen, herrien eta hirien osaera soziala eta demografikoa nabarmen aldatzen ari dela XXI. mende honetan. Hogei urteetan, Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo jaiotako pertsonak ia ez izatetik –2001ean Arabako biztanleria osoaren %3 soilik–, %10 erraz gainditzera igaro gara.
Immigrazioaren jatorriak gure herrialdean izan duen bilakaerari dagokionez, Marokok pisu erlatibo handia hartu du azken urteetan (2001-2021), 2011n atzerritar jatorriko pertsona guztien %13,3 izatetik 2021ean %15,5era igaro baita. Gauza bera gertatu da Kolonbiarekin, 2011n %12,9 izatetik 2021ean %14,9 izatera igaro baita. Deigarria da, halaber, pakistandar jatorriko komunitateak gure lurraldean gero eta pisu handiagoa duela ikustea, batez ere 2003 (76 herritar) eta 2012 (+1534) urteak alderatzen baditugu, ordutik ez baita aldaketa nabarmenik izan.
Atzerritar jatorriko biztanleriaren hazkunde garrantzitsu horretan, baina, dezelerazio txiki bat eman zen 2012 eta 2014 urteen artean. Oro har, 2008 eta 2012 urteen artean, atzerritar jatorriko biztanleriaren tasak, krisi ekonomikoaren urteak izan arren, gora egin zuen apur bat, krisiaren aurrean izandako erritmoak baino askoz ere erritmo txikiagoarekin. 2012 eta 2016 artean, berriz, atzerritar jatorriko biztanleriaren garrantzi erlatiboa murriztu egin zen; eta 2015etik aurrera, adierazle makroekonomikoen hobekuntza egiaztatu zenean, berriro ere hazkundea hasi zen, eta 2017tik aurrera gorakada izan da.
Pandemiak ere eragin izan du Arabako migrazio fluxuetan. Atzerritarren mugimenduei esker, saldo positiboa izan du azken urteetan biztanleria hartu duen probintziak, biztanleriaren hazkunde natural negatiboa orekatuz. Hala ere, 2020an, osasun krisiak migrazioaren saldoa eta biztanleriaren hazkunde naturala nabarmen murriztu zen, eta horrek azken bederatzi urteetan egoiliarren kopurua lehen aldiz murriztea eragin zuen. Arabako Lan Merkatuaren 2021eko Txostenaren arabera, Arabako erroldatuen kopuruak %0,09ko beherakada txikia izan zuen pandemiaren lehen urtean, migrazioaren saldo ia nuluak ezin izan zuelako hazkunde begetatiboaren beherakada konpentsatu. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoak baino atzerakada txikiagoa izan zuen Arabak. Sexuaren arabera, garai horretan, probintzian erroldatzeari utzi zioten hamar pertsonatik zortzi baino gehiago gizonak izan ziren. Hala, gizonezko egoiliarren kopurua %0,17 murriztu zen urte batetik bestera, eta emakumeena, berriz, %0,02. Bilakaera horrek emakumeen presentzia handitzea ekarri zuen Araban.