Saretzen

Zein da kuadrilla bakoitzeko atzerritarren jatorria?

Erredakzioa 2023ko api. 5a, 10:40

Kuadrilla bakoitzeko ezaugarriek baldintzatu egiten dute tokian tokiko migrazioaren bilakaera.

Munduko beste herrialde batzuetatik gurera etorritako bizilagunek kuadrilla bakotizean duten pisua aztertuz, argi eta garbi bereizitako bi profil daudela ikus daiteke. Alde batetik, atzerritar jatorriko biztanleriaren presentzia erlatibo handiena duten eskualdeak daude, kuadrilla bakoitzeko biztanleria osoaren %10 inguru; hala nola Gasteiz (%14,9), Arabako Errioxa (%12,3), Arabako Lautada (%11) eta Añana (%10,8); eta, bestetik, atzerritar jatorriko biztanleriaren presentzia erlatibo txikiena duten kuadrillak, %7 inguru: Arabako Mendialdea (%7,4), Gorbeialdea (%7,8), Trebiñu (%7,2) eta Aiara (%7,6). 

Jatorriari dagokionez ere, ezberdina da banaketa lurralde bakoitzean. Hala, Añanako kuadrillako atzerritarren %30,3 Kolonbiatik iritsitako lagunak dira. Ondoren, Maroko eta Aljeria daude (%29,6), eta inportantea da ere Portugaletik joandako lagunen kopurua (%12,6).

Añanan bezala, Aiaraldean Latinoamerikako biztanleriak du presentziarik handiena, atzerritar guztien %39 baitira, baina kasu honetan Peruko kolektiboa nagusitzen da. Ondoren, Aiaraldean bizi diren atzerritar jatorriko pertsona guztien artean, %29 marokoarrak dira.

Arabako Errioxako kuadrillaren kasuan, aldiz, atzerritar jatorriko eremurik ohikoena Marokotik etorritakoa da, eta hain zuzen kuadrilla horretan bizi diren atzerrian jaiotako pertsona guztien %42,19 dira marokoarrak. Biztanleria, batez ere, maskulinoa da, eta nekazaritzarekin eta ardogintzarekin lotutako lan eta jardueretara bideratuta dago. Jarraian, Latinoamerikatik (%17,9) eta Portugaldik (%13,5) joandako pertsonen garrantzia ikus daiteke. Izan ere, Gasteiz ondoren (%60,6), Arabako Errioxan %13,5 kokatu da nagusiki portugaldar jatorriko biztanleria.

Arabako Errioxan bezala, Afrika iparraldekoak dira nagusi Arabako Lautadan. Horrela, atzerritar jatorriko biztanleen %37,9 Magrebekoak dira. Bigarren eremu ohikoena latinoamerikarra da (%23,4); eta Asiako biztanleriaren pisua nabarmena da, %8,5era iristen baita. Arabako Lautadaren kasuan, 2008 eta 2017 artean, nabarmentzekoa da magrebtar jatorriko biztanleria ehuneko 6,1 puntu igo zela, eta 2017an %40,4ra iritsi zela. Asiako jatorria duen komunitateak ere hazkunde erlatibo handia izan du: 2008an % 1,1 izatetik 2017an % 8,5 izatera igaro baita; eta aipagarria da ere azken urteetan Pakistango biztanleriaren hazkundea.

Atzerritar jatorriko biztanleriaren presentzia erlatibo oso txikia dago Arabako Mendialdean, Gorbeialdean eta Trebiñun. Mendialdean, 236 atzerritar daude erroldatuta (2021), eta jatorriak askotarikoak dira: Latinoamerikakoak dira %30,4, marokoarrak %19, Pakistangoak %5.

Gorbeialdean ere atzerritar jatorriko biztanleria urria da, eta latinoamerikarrak dira nagusi, kuadrilla horretan bizi diren atzerritar jatorriko pertsona guztien %36,3; ondoren, jatorri magrebtarreko pertsonak daude (%16,9), eta Portugalekoak zein Errumaniakoak.

Trebiñuko migratzaileen populaziorik handiena, berriz, latinoamerikarra da, %42.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago