Araban zesta-punta sustatzen jarraitzeko xedearekin, Araba Euskarazek, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin eta Gasteiz Jai Alai klubarekin elkarlanean, aurten Gernikan eta Durangon jokatu diren neguko txapelketen desafioa prestatu du martxoaren 31rako. Maite-Maialen eta Erika-Arai, batetik, eta Barandika-Lekarika eta Goikoetxea-Del Rio, bestetik, arituko dira jaialdian. Sarrerak salgai daude jada arabaeuskaraz.eus webgunean.
"Euskara, euskal kultura eta euskal kirolak bultzatu, sustatu eta plazaratzeko" asmoari eutsi nahi dio Araba Euskarazek, eta aurten ere xede horri gogotsu heldu diote. "Euskal kulturarekin eta euskal kirolarekin bat egiten duen jarduera da zesta-punta, eta euskaraz egiten den kirola da; beraz, gure egitasmoarekin bat etortzeaz gainera, azken aldian susperraldia bizi duen kirol hau sustatu nahi dugu Araban", azaldu dute.
Araba Euskaraz Open Series honetan, Gernikan eta Durangon jokatu diren Winter Series-en desafioa ekarriko dute Gasteizera.
Alde batetik, Durangoko finalaren errebantxa izango da Gasteizko Olabe pilotalekuan 19:30ean hasiko den jaialdian: Erika Mugartegi eta Arai Lejardi txapeldunak Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal txapeldunordeen aurka arituko dira. Bestetik, berriz, Gernikako finalean txapeldunorde geratu ziren Xabier Barandikak eta Unai Lekarikabeaskoak Iñaki Osa Goikoetxearen eta Julen del Rioren aurka jokatuko dute.
"Arratsalde ilunabar gogoangarria igarotzeko moduko jaialdia, eliteko puntisten jokoarekin gozatu eta euskara, euskal kultura eta euskal kirola sustatzeko aukera paregabea", aurreratu dute.
KARTELA
