Giro tirabiratsuan aurre egingo dio UAGAk, igandean, 44. Batzar Orokorrari

Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 11:00

UAGAko iragan urteko asanblada. UAGA

Azken hilabeteetan ustezko irregulartasunak direla eta hainbat salaketa aurkeztu du afiliatuen talde batek; emakumeak baztertu izanari buruzkoa da azkena.

Arabako nekazarien sindikatu nagusiak 44. Batzar Orokorra egingo du igande honetan, hilak 19, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Bertan, hurrengo lau urteetan sindikatua gidatuko duen batzorde exekutiboa aukeratuko dute 1.100 afiliatuek. Kontinuismoa ordezkatzen duen Javier Briñasen taldea dago alde batetik, eta errotiko aldaketak eskatzen duen hautagaitza bildu da Edurne Basterraren inguruan.

Bi taldeen arteko lehia estua espero da, eta eztabaida sutsuak. Izan ere, urak nahasita datoz sindikatuan, eta azken hilabeteetan afiliatuen talde batek epaitegietara ere iritsi den salaketa egin du Javier Torre orain arteko lehendakariaren eta bere lantaldearen kontra. Izan ere, Torrek Gasteizko epaitegietan deklaratu behar izan du, bere taldean genero-berdintasunaren baldintzak ez betetzeagatik eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza arloko 800.00 euroko diru laguntza publikoak eskuratu izanagatik.

80.000 euro horiek eman aurreko txosten bat egin zuen, gainera UAGAko Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordeak, 2021ean, eta horretan jasotzen da UAGA ez zela betetzen ari zuzendaritza organoetan emakumeen presentziari buruzko legeen aurreikuspenak. " UAGAk gaur egun ez ditu betetzen Emakume Nekazarien Estatutuan 19. artikuluan eta Gune Xedapen Gehigarrian emakumeen presentziari buruz ezarritakoak, batzorde exekutiboak emakumerik ez dagoelako", esaten du txostenak hitzez hitz.

Bestalde, hauteskundeen atarian, UAGA inguruko iturriek ere salatu dute Javier Briñasen zerrendan batzordekide bezala aurkezten den Adolfo Estavillo UAGAkoa ez den beste sindikatu baten ordezkari bezala aurkeztu dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago