Edurne Basterra eta Javier Briñas, aurrez aurre UAGAko hauteskundeetan

Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 15:11

Arabako nekazarien sindikatuaren hauteskundeak izango dira martxoaren 19an. UAGA

Martxoaren 19an egingo diren hauteskundeen ostean, Javier Torrek sindikatuaren lehendakaritza utziko du.

"Aldaketa garrantzitsu bat behar dugu, dramarik gabeko aldaketa bat. Gure ustez, UAGA izan behar da Arabako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko erreferentziazko ahotsa". Edurne Basterra aguraindarra buru duen hautagaitzak modu horretan aurkeztu du bere burua sindikatuaren zuzendaritzako bozketetarako. Basterrarekin batera, Jon Moraza, Nagore Ruiz de Zarate, Gorka Barredo, Jesus Bauza, Itxaso Compañon, Iker Agirre eta Asier Fernandez de Jauregi nekazariek osatzen dute zerrenda.

Egungo zuzendaritzaren ildoa, berriz, Berantevillako Javier Briñasek ordezkatuko du, orain arte UAGAko erremolatxaren sektoreko arduraduna eta gaurko zuzendaritzako kidea. Unai Campo egungo lehendakariordeak kargu horretan jarraituko luke, baita Elvira Aldai eta Txema Lopez de Abetxuko batzordekideek ere. Amaia Martinez, Adolfo Estavillo eta Jose Martinez Pascual ere daude Briñasen zerrendan.

Hauteskundeak hurrengo martxoaren 19an egingo dira, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta horretan Arabako nekazarien eta abeltzainen sindikatuak dituen 1.100 afiliatuek hurrengo lau urteetarako zuzendaritza eta lan ildoak aukeratuko dituzte. Zortzi urtez lehendakaritzan egon ostean, Javier Torrek kargua utziko du.

Erlazionatuak

"Ez dugu UAGA apurtu nahi, baina UAGA apurtzen ari da"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022 mar 25 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago