Yolanda Urarte Alonso

"Ez dugu UAGA apurtu nahi, baina UAGA apurtzen ari da"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mar. 25a, 07:00

Yolanda Urarte UAGAko lehendakari ohia eta sindikatuko afiliatua da. MENTXUWIKI

UAGAko talde kritiko batek zuzendaritzak egin nahi duen estatutuen aldaketa galarazi du batzar orokorrean. "Gardentasuna" eskatu dute.

Batzar orokor iskanbilatsua izan dute UAGAn. Estatutuak aldatzeko proposamena eraman zuen  Batzorde Exekutiboak martxoaren 19ko bilkurara, gizonezkoak bakarrik dituen taldean bi emakume sartu ahal izateko. UAGAko sektore kritikoak, berriz,  Eusko Jaurlaritzaren 80.000 euroko diru laguntza kobratu ahal izateko "tranpa" dela salatu du, eta emakumeak "aitzakia" bezala erabiltzen ari direla batzordekideak nahi bezala aukeratu ahal izateko. "Ez dute Emakumeen Estatutua betetzen, eta ezin dute diru hori eskatu. Onartu, edo deitu hauteskundeak", esan du UAGAko lehendakari ohi eta kritikoen taldeko kide Yolanda Urartek (Gasteiz, 1958). 

Zein da UAGAren egoera martxoaren 19ko batzar orokorraren ostean?

Ez da estatutuen aldaketa onartu. Talde kritikoko hogei kidek idazki bat aurkeztu genuen batzarraren aurretik, estatutuen aldaketari buruz informazioa eskatuz. Lehendakariak azalpenak eman zituen, eta ondoren proposamena bozkatu nahi izan zuen. Afiliatu batzuek hitza eskatu genuen, gure iritzia azaldu eta eztabaida zabaldu nahi genuelako, baina lehendakariak hitza ukatu zigun. Beste afiliatu batzuek ere kartelak eraman zituzten, protesta gisa. Azkenean, ikusi genuenez lehendakaria bozka ematearekin tematuta zegoela eta hitza ukatzen segitzen zuela, txilibitu batzuk jotzen hasi ginen, hitz egiten utziko ez baziguten batzarra hautsiko genuela erakutsiz. Giroa oso bero zegoen, eta batzarra bertan behera utzi behar izan zuten estatutuen aldaketaren bozketa egin gabe.

"Gardentasuna, afiliatuekin komunikazioa eta estatutuak betetzea eskatzen dugu"

Eta orain, zer?

Bi kontuk harritu gintuen batzarraren ondoren. Batetik, jendea ez zela ihesean atera, eta ez zuela gure kontra egin; hitz egiten geratu ziren, askok informazioa eskatu ziguten, eta denek onartu zuten hitz egiteko eskubidea genuela. Hortik aurrera, guk argi dugu legezko batzorde exekutiboa direla eta ez dugu hori auzitan jartzen. Eskubide osoa dute UAGA hurrengo urtera arte gobernatzeko, hori ezin da ukatu, baina inork ez ditu behartu Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza hori eskatzera. Gizonen taldea dira, eta ez dituzte diru laguntza horren baldintzak betetzen, beraz, dirulaguntza nahi badute estatutuak bete beharko dituzte eta emakumeak taldean sartu, eta hori egiteko hauteskundeak deitu behar dira.

Zer eskatzen diezue?

Gardentasuna, afiliatuekin komunikazioa eta sindikatuaren estatutuak betetzea. Hortik aurrera, ordezkari legitimoak dira.

Nola iritsi da UAGA egoera horretara?

Kasik hiru urte generaman batzar orokorra egin gabe, hain justu pandemiak harrapatu gintuelako 2020an, eta iaz, batzorde exekutiboak erabaki zuelako ez egitea. Nekazarien kooperatibak, ordea, batzar orokorra egin zuen, eta pertsona berdina da lehendakari sindikatuan eta kooperatiban. Ez dut ulertzen atzerapena, baina hori zertzelada bat da, egoera zein den hobeto ulertzeko.

"Gizonen taldea dira, eta ez dituzte baldintzak betetzen dirulaguntza hori eskatzeko" 

Sindikatuaren ahotsa apalduta dago?

UAGAko lehendakaria nintzenean sindikatua komunikabideetan zegoen; ingurumena, lurralde antolamendua edo gizarte gaietan aritzen ziren foroetan parte hartzen zuen, Arabako gizartearen parte inportantea garelako. Administrazioen aurrean ere landa eremuaren eta nekazarien eskubideen alde borrokatzen genuen, eta zerbait gustatzen ez zitzaigunean esaten genien. Gaur egun ez, UAGA ez dago hedabideetan ezer esateko ez duelako. Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) inguruan ere ez du inolako azalpenik edo bilerarik egin.

Zergatik erabaki duzue kritikak publiko egitea?

Nabarmendu nahi dut ez dela erraza izan, oso egoera konplikatua da, eta UAGAko lehendakari ohi bezala oso minduta nago. Halere, urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da estatutuen aldaketa, eta urratsa egin behar izan dugu UAGA benetan izan behar dena izateko. Ez dago erakundea apurtzeko asmorik, eta nire aldetik bederen ez dut lehendakaritzara aurkezteko asmorik. Ez da hori.

Apurtzen ari da UAGA?

Guk ez dugu UAGA apurtu nahi, baina UAGA apurtzen ari da. Asko kostatu zaigu pausu hau ematea, baina isilik egotea baiezkoa ematea litzateke, eta gero eta gauza gehiago pilatzen ari dira.

Barne mailan eztabaidatzeko oztopoak daudela uste duzu?

Atzetik dator arazoa. Duela lau urte inguru, batzarretako gai-zerrendatik galde-eskeak kendu zituzten. Batzuek galdetzeko eta parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatu genuen, eta ukatu ziguten. Hurrengo urtean, arau berri bat onartu zuten, eta hamar egun lehenago, idatziz egin behar da galdera, eta batzordeak erabakitzen du batzarrera joaten den ala ez. Imajina ezazu! Bestalde, lehen, batzar orokorra egin aurretik eskualde mailako bilerak egiten ziren batzar hori prestatzeko eta kontuak aurkezteko. Bada, azken urteetan ez dituzte aurkeztu kontuak, eta aurten gai-zerrenda ere ez dute ekarri. Ustekabean, gainera, estatutuen aldaketa bat proposatu dute, eskualdeetan eztabaidatu gabe, eta informazioa ukatuz.

Zer aldaketa egin nahi izan dute?

Estatutuen aldaketa horretan jasotzen da emakumeen presentzia orekatua egon behar dela, eta edozein arazo medio –gaixotasuna, dimisioa edo kargu-uztea– emakumerik ez badago, beste pertsona batzuk izendatu daitezkeela, hauteskundeak egin gabe. Beraz, zerrenda itxiak irekiak bilakatzen dituzte. Emakumeak aitzakia bihurtu dituzte zerrenda itxiak irekiak bihurtzeko, eztabaidarik gabe eta informaziorik gabe.

Dirulaguntza kobratzeko egin dutela esan duzue.

2015ean Emakume Langilearen Estatutuak onartu ziren, eta sei urteko epea eman zitzaien nekazaritza arloko erakundeei beren gobernu taldeak orekatzeko eta emakumeen presentzia bermatzeko. Azken hauteskundeetan irabazi zuen hautagaitzak soilik emakume bat zuen zerrendan. Esan genien ez zutela emakumeen estatutua betetzen, baina erantzun zuten bi urteko epea zutela araua betetzeko. Bi urte igaro dira, eta zegoen emakume bakarrak dimisioa eman du ez ziotelako jaramonik egiten; eta zer egin dute? Bi emakume aukeratu dituzte, hauteskundeak egin gabe, dirulaguntza kobratu ahal izateko.

Emakumeen presentzia bermatzeko aldaketa egin behar da estatutuetan?

Haiek diote emakumeen presentzia bermatzeko egiten dutela, baina horretarako ez da ezer aldatu behar: zortzi pertsona daude hautagaien zerrendan, eta horien artean bi emakume egon behar dira gutxienez. Ez dira estatutuak zertan aldatu behar. Batzordea legitimoa da, baina emakumerik ez badu ez du emakumeen estatutua betetzen, eta ezin du 80.000 euroko diru laguntza hori eskatu. Onartu eta listo, ez egin tranparik. Edo bestela hauteskundeak deitu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago