Martxoaren 3aren 47. urtemuga: mobilizazioak, ekitaldiak eta abesti berria

Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 13:00

Martxoak 3 Elkartearen prentsaurrekoa, M3moria Gunean. / Argazkia: Giuliana Preciado

Martxoak 3 Elkarteak erakundeei ohartarazi die Memorialaren proiektua "bideraezina" dela biktimen "parte hartze eraginkorrik gabe". Aurtengo ekitaldien artean, MICEk Sugeak gara abestia aurkeztuko du ostiralean.

Urtero bezala, ostiral honetan, martxoaren 3an, Gasteizko herriak gogoratuko ditu 1976an Espainiako Polizia Armatuak hildako Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak, baita egun batzuk geroago Basaurin eta Tarragonan hildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton ere.

Sindikatuen mobilizazio nagusia "bizi baldintzen suntsiketaren" aurkakoa izango da aurten, sarraskiaren agertoki izandako San Frantzisko eliza Memorial bihurtzeko ekimenaren azken berriek markatutako 47. urtemuga honetan. Hain zuzen ere, Martxoak 3 Elkarteak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Zaramagako M3moria Gunean, Memorialaren proiektuaren egoera baloratzeko eta, horrekin batera, aurtengo urteurreneko ekitaldiak aurkezteko.

Hitzarmena 2023rako

Memorialari dagokionez, lehenik eta behin, "bi urteko nahasmen eta mesfidantzen ondoren erakundeek azken unean emandako biraketa" ospatu du Martxoak 3 Elkarteak. Hortaz, biktimek ontzat eman dute joan den ostiralean sinatutako dokumentua, "konpromiso instituzionalaren lehen berme" gisa.

Lankidetza eta aholkularitza hitzarmena 2023an zehar martxan jartzea espero dute Martxoak 3 Elkarteak eta Memoria Gara ekimenak, "trabatutako egoera desblokeatutzat eta bideratutzat" eman ostean.

Halere, azken hilabeteetako "seriotasun falta eta ustekabeko gidoi aldaketak" kritikatu dituzte. Beraz, "adi" mantenduko dira Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak "akordioa osorik bete dezaten", baita biktimak prozesuaren parte izango direla bermatzeko ere. Nolanahi ere, "orain karguei buruzko eztabaida batean nahasteari" uko egin diote.

"Garrantzitsuena da parte hartzeko bermeekin eta erabakitzeko ahalmenarekin aurrera egitea Memorialaren diseinuan", azpimarratu dute. "Proiektua bideraezina dela Martxoak 3 elkartearen eta Memoria Gararen protagonismo eta oniritzirik gabe. Orain, akordioak errespetatuz aurrera egitea erakundeen borondate politikoaren mende dago".

EGITARAUA

Askotariko omenaldiak, ekitaldiak, mobilizazioak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak izango dira 1976tik 2023ra iritsi den memoria lantzeko, baina Martxoak 3 Elkarteak zenbait hitzordu nabarmendu ditu:

  • Martxoak 1, asteazkena, 19:00etan Orbain Kultur elkartean: Vitoria, marzo de 1976 (Luis Herrero, 2019) dokumentalaren proiekzioa eta Martxoak 3 elkartearekin solasaldia.
  • Martxoak 2, osteguna, 19:00etan Vital Fundazioaren Kulturunean (Dendaraba): M3 Gogoetak - Recuerdos del 3 de marzo dokumentalaren proiekzioa (Eloy Gonzalez Gavilan, 2023).
  • Martxoak 3, ostirala:
    • 18:00etan, Martxoak 3 plazatik: omenaldia eta manifestazioa, ELA, LAB, ESK, STEILAS sindikatuek eta Martxoak 3 Elkarteak deituta.

    • Manifestazioaren amaieran, Foru plazan: Miren Narbaiza MICE musikariak Sugeak gara abestia aurkeztuko du, 1976ko Gasteizko greba prozesuan parte hartu zuten emakumeak omentzen dituen kanta. Lan horrekin, dagoeneko 39 izango dira Martxoaren 3ko estatu krimena salatu eta memoria oroitzeko konposatutako abestiak.

    • 22:00etatik aurrera, Karrika tabernan (San Frantzisko kantoia 1, Kutxi kalea): omenaldi-ekitaldi txiki bat eta DJ L2ren eskutik musika saio bat, Martxoak 3 Elkarteak babestuta.
  • Martxoak 4, larunbata, 11:00etatik aurrera Errekaleor auzoan memoria lantzeko jardunaldia: Historias en primera persona: Errekaleorretik Basauri eta Tarragonara izeneko hitzaldia, Martxoak 3 Elkartearen, auzoko bizilagun ohien eta Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton Ferreroren senide eta lagunen parte hartzearekin.
  • Otsailaren 24tik martxoaren 10era, Legazpin (Gipuzkoa): Gasteiz 1976: Grebatik sarraskira erakusketa; gainera, martxoaren 3an Vitoria, 3 de Marzo filma proiektatuko dute.
Beste hitzorduak: zerrenda honetara ekitaldi gehiago gehitu nahi badituzu, bidali zure deialdia erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago