1976ko sarraskiaren egunetik gaur arte, gertakariei buruzko 22 abesti baino gehiagoren berri izan du Martxoak 3 Elkarteak. Gainera, artikulu hau argitaratu osteko ekarpenei esker, jasota ez zeuden hainbat abesti gehitu ditugu: guztira 30 kanta dira, gertakariei buruzko 25 eta gertakariak aipatzen dituzten beste bost, bonus track gisa. Baliteke Euskal Herriko soinu-bandan isla handiena duen ekintza politiko-errepresiboa izatea.
Jarraian, ibilbide kronologikoa egingo dugu. Baina, aurretik, sormen-sekuentziari buruzko lehen ohar batzuk.
45 urteko soinu-banda bat
Sorkuntza urteek erakusten dute azken 45 urteetan M3moriaren aldeko eta sarraskiaren zigorgabetasunaren aurkako borrokaren faseak.
Lehen zikloan (1976-1983), 22 abestietatik zazpi sortu ziren. Lehenak une historiko horretan idatzitako abestiak dira, hau da, hausturaren eta diktaduraren erreformaren arteko gatazka betean sortutakoak. Egileek kronika politikoa egiten zuten abestien bidez, eta gertatzen ari zena kontatzen eta salatzen zurten.
Lehen abestiak hausturaren eta diktaduraren erreformaren arteko gatazka betean sortutakoak dira
Ziur aski, horri berari heldu zion musikagintzak ondorengo urteetan, 1983tik 2001era, Gasteizko sarraskiaren inguruko kanten hutsunea nahiko argia delako. XX. mendeko 80ko eta 90eko hamarkada aztoratu horietan, Euskal Herrian asko kantatzen zen politikari eta errepresioari buruz. Baina gaurkotasunari erreparatzen zioten, egunerokotasunean gertatzen zenari; ez zuten atzera begiratzeko astirik.
XXI. mendearekin batera, "memoria historikoaren booma" iritsi zen, eta ahanzturan eta zigorgabetasunean oinarritutako Espainiako trantsizio-eredua zalantzan jartzeko tabuak hautsi zituen horrek jende askorentzat. Ordura arte, Espainiako estatu osoan mapa politikoaren ezkerraldeko sektore oso zehatzak baino ez ziren mantendu salaketa horretan; Euskal Herriaren kasuan, batez ere ezker abertzalea.
Memoria historikoaren boomarekin batera, Martxoaren 3ko musikan isla handia izango zuen fase berri bat ireki zen: 2001 eta 2010 artean beste zazpi abesti konposatu ziren.
2017tik 2021era bitartean, zortzi abesti konposatu dira
Hortik aurrera, bilakaera oso interesgarria da. Memoria historikoa sozializatzeko prozesu hori izan da 78ko erregimenaren zutabeak deslegitimatzeko fase batean sektore gehiago sartzeko aurretiazko urratsa: monarkia, Espainiaren batasuna, alderdi bitasuna, eredu sozioekonomikoa, trantsizio baketsuaren mitoa...
Orduan, Gasteizko M3moria osoko zuzenketarako elementu gisa eta gaur, hemen eta orain aplikatzeko borrokaren erreferentzia gisa aldarrikatzeko prozesua gertatzen da. Dela hausturaren irakurketa politiko hori egiten duen musikarien belaunaldi berri baten bidez, dela horretan denbora daramaten beste talde batzuen ahotan; baina, azken finean, hausnarketa bera adierazten dute.
Horrela, azken bost urteetan, 2017tik 2021era bitartean, Martxoaren 3ari buruzko 22 abestietatik zortzi konposatu dira.
Orain bai, aipatutako abestiak errepasatuko ditugu, hurrenkera kronologikoan.