Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek agerraldia egin dute Zaramagako M3moria Gunean, Martxoak 3 Elkartearen egoitzan, ostiral honetan Gasteizko sarraskiaren 47. urteurrenaren harira antolatu dituzten ekitaldiak aurkezteko: Bizi-baldintzen suntsiketaren aurka, etorkizuna bermatzeko oraina borrokatzen lelopean, 18:00etan egingo dute omenaldia eta lore-eskaintza, Martxoak 3 plazan, eta manifestazioa 18:30ean abiatuko da Foru plazaraino.
Urtero bezala, Espainiako Polizia Armatuak 1976an hildako Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak (baita egun batzuk geroago Basaurin eta Tarragonan hildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton ere) gogoratuko ditu Gasteizek, sarraskiaren agertoki izandako San Frantzisko eliza Memoria Zentro bihurtzeko ekimenaren azken berriek markatutako urtemugan.
1976ko grebalariak, gaurko pentsiodunak
"47 urte geroago, klase kontzientziak ulertarazten digu batzarrak eta herri mugimenduak antolatzeko arrazoi berberek indarrean jarraitzen dutela gaur egun ere. Kontzientzia horrek berak gogorarazten digu langileriari ez digutela ezer oparitu, eta lortu dugun guztia antolakuntzari eta borrokari esker lortu dugula", adierazi dute sindikatuek. "Bizitzaren garestitzearen aurrean, mobilizazioak eta borrokak antolatzen ari dira lantokietan eta kaleetan, langile klasearen erosteko ahalmena defendatzeko, 1976an bezala".
Horren haritik, asteburu honetan "osasun sistema publikoa desegitearen kontra" egin diren mobilizazioak ekarri dituzte gogora, baita 2022an hezkuntza publiko, euskaldun eta propio baten alde eta Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurka antolatutako protestak ere. Horiekin batera, pentsiodunen mugimendua nabarmendu dute, "iraunkortasunaren eta antolaketaren adibide garbi" gisa: "Gaurko pentsiodunak 1976ko grebalariak direlako, borrokan jarraitu behar dugu, pentsioak guztionak direlako eta justizia soziala direlako", gaineratu dute.
"Osasunaren kalitateak, zaintzak, pentsioek, hezkuntzak... zerbitzu publiko horiek guztiek gizarte baten ongizate maila islatzen dute. Euskal Herri osoan, zerbitzu publiko eta bizi baldintza duinak dira defendatu behar ditugunak", aldarrikatu dute.