Sevillan ospatu da Goya Sarien XXXVII. edizioa. Arabako zinemagintzak kandidatura andana aurkeztu zituen, eta azkenean zazpi izendapenekin iritsi da sari banaketara, Paul Urkijoren Irati filmaren, Mikel Bustamante aktorearen eta Esti Urresolaren Cuerdas film laburraren eskutik. Hala ere, Urkijoren lantaldeak, Bustamantek eta Urresolak esku hutsik amaitu dute ekitaldia.
Izendapenak
Otsailaren 24an zinema aretoetara iritsiko den Irati filmak bost izendapen lortu zituen:
- Abesti onena: Izena duena bada - Konpositoreak: Aranzazu Calleja, Maite Arroitajauregi Mursego eta Paul Urkijo Alijo.
- Jatorrizko soinu-banda onena: Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi Mursego. Entzun hemen.
- Jantzien diseinu onena: Nerea Torrijos.
- Efektu berezi onena: Jon Serrano eta David Heras.
- Gidoi egokitu onena: Paul Urkijo Alijo (Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Iratiren zikloa eleberri grafikoan libreki inspiratuta).
Bestalde, Mikel Bustamante amurrioarra aktore berri onenaren sarirako izendatuta zegoen, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos filmean egindako lanagatik. Zuzendari bizkaitarraren lehen film luzeak, gainera, hamaika izendapen eskuratu zituen, tartean film, gidoi eta zuzendaritza berri onenaren sarietarako.
Azkenik, Esti Urresola zinemagile laudioarraren Cuerdas fikziozko film labur onenaren sarirako izendatutako lanen artean izan da. Bitartean, Urresolak urratsak ematen jarraitzen du 20.000 especies de abejas bere lehen film luzea egi bihurtzeko; 2023an iritsiko da zinema aretoetara.