Telmo Irureta

"Desiragarri ez bagara, gure modua bilatu beharko dugu ligatzeko"

Anakoz Amenabar 2022ko aza. 12a, 08:00

Bakarrizketa, antzerki eta zinema lanetan parte hartu du Telmo Iruretak. / Helying Omar

Gutxi hitz egiten da sexuaz, eta are gutxiago elbarrien sexuaz. Hala uste du Telmo Iruretak, eta gaia mahai gainean izan dadin hamaika lan egiten dabil. Umore bakarrizketekin batera, 'Sexberdinak' antzerki obra eta 'La consagración de la primavera' pelikulekin batera zabaldu nahi du mezua.

Irakasle eta Pedagogia ikasketak egin ditu, eta Psikologia hasi du aurten, baina momentuz baztertu behar izan du. Gauza gehiegi pilatu zaizkio Telmo Iruretari (Zumaia, 1989), eta gehien maite duen adarrari heldu dio: interpretazioari. Azken hilabeteetan, besteak beste, Zinemaldian estreinatu zuten La consagración de la primavera pelikularen aurkezpenarekin eta Sexberdinak antzezlanarekin ibili da batera eta bestera. Hain zuzen, egunotan Valentzia aldean dabil Aitziber Garmendia aktorearekin batera osatutako obraren gaztelaniazko bertsioa aurkezten –Sexpiertos–, eta hilaren 19an Gasteizko Principal antzokian arituko dira biak euskarazko lanarekin.

Batean zein bestean, antzezlanean zein pelikulan, elbarritasuna eta sexua dira hizpide nagusi.

Bai, biek antzerako gaiak jorratzen dituzte, nahiz beste gai batzuk ere badiren. Egia da, momentu honetan beharbada gai hau asko lantzen ari garela, baina bestalde iruditzen zait honi buruz gutxi hitz egiten dela, eta beharrezkoa dela taulara eramatea, ikusaraztea garrantzitsua dela. Eta beste batek eramaten ez badu taulara, nik eraman beharko dut kar-kar.   

Pelikula gutxik jarri diote arreta gaiari?

Oso gutxi daude. Beharbada The Sessions (Ben Lewin) eta Inside I'm Dancing (Damien O'Donnell) gomendatuko nituzke, baina oraindik gehiago egin behar direla uste dut. Nahiz eta elbarri asko garen, beharbada proportzioan ez gara hainbeste, eta akaso ez da gai bat jende guztiari interesatzen zaiona. Arreta hori pizteko zerbait egon behar du. Eta pelikulak arreta pizteko modu bat dira. Uste dut komeni dela pelikulak ikusteko aukera izatea; nik ere txikitan gustura ikusiko nukeen nire gorputza edo nire antzeko egoeran zegoen norbait. Identifikatuta ikusten duzunean zure burua badakizu ez zarela estralurtar bat, eta igual zure burua maitatzeko motiboak ere badituzu. Kanpoko begiradak beti esango dizu "ui, ezberdina zara, esku hori, hanka hori, mugimendu hori, hitz egiteko modu hori...". Beharbada jende asko gaizki edo deseroso sentituko da bere buruarekin, eta hori pena bat da. 

Kanpoko begirada eta komentario horiek gainditu egiten dira?

Nik oraindik ez dut gainditu guztiz. Esango nuke orokorrean baietz, txorakeriak entzutera ohitzen zara, baina badaude momentu batzuk... Nik nire burua nahiko onartua daukat, badakit nor naizen, baina kanpotik datorren informazioak askotan min ematen du.

Zailak izan ziren 'La consagración de la primavera' pelikulako eszenak?

Ez, alderantziz. Lantalde oso majoa zenez, familian bezala izan ginen. Valeria Sorolla eta Emma Suarez aktoreekin gainera. Luxu bat. Esperientzia oso polita izan zen, baita Zinemaldian aurkezteko aukera izatea ere.

"Beharbada lehen bezain ezjakinak gara, baina entzuteko prest gaude"

Zure pertsonaiarekin antzekotasunak dituzu, ezta?

Bai, antz handia. Gidoia irakurri nuenean, pentsatu nuen ni nintzela edo nik idatzia zela. Oso pozik jaso nuen, eta nik egiteko ahalegin guztia egin behar nuen. Uste dut, bestetik, ondo islatzen duela errealitatea, ez duela idealizatzen. David nire pertsonaiaren familian ez dago arazorik, oso ama irekia eta modernoa daukalako, eta nire familian ere ez da arazorik. Ez dakit familia guztietan hala izango den, horrela biziko duten sexualitatea familia horietan, baina iruditzen zait elbarritasun egoera bat bizi duzunean gurasoak nolabait toleranteagoak direla.

Gero eta gizarte inklusiboagoa dugu?

Bai, dudarik gabe, baina asko dago egiteko. Uste dut gauza on bat dugula: beharbada lehen bezain ezjakinak izango gara, baina orain behintzat entzuten badakigu. Entzutera ohitu ari gara behintzat, eta ez da gutxi. Eta halako proiektuekin ideiak hartzen ditugula uste dut. Pelikula ikustera doana ez doa ikastera, baina konturatu gabe zerbait sartzen baldin bazaio buruan, bikain. Pelikulak irauten duen denboran pixkat pentsatuko du, eta gero beharbada etxean ere bai, pare bat buelta emateko edo iritzi bat sortzeko. Beharbada denok ez dugu iritzi bera edukiko; asistente sexualaren edo prostituzioaren gaia batzuei ondo irudituko zaie, eta beste batzuei ez hain ondo, baina pentsatzeko aukera izatea da ona dena. Gai interesgarria jorratzen dela uste dut, tabu bikoitza delako, oso gutxi hitz egiten da sexuaz, eta are gutxiago elbarri direnen sexuaz.

Telmo Irureta, 'La consagración de la primavera' pelikulan, Valeria Sorolla eta Emma Suarez aktoreekin. Kowalski Films

"Hitz egin, hezi eta larrua jo behar dugu", bota zenuen Zinemaldian...

Oso beharrezkoak hirurak kar-kar. Eta hori egiten saiatuko gara. Kasu honetan uste dut oso lotuta doala sexu eskubidearekin. Guri beti esan digute gure gorputzak ez direla beste batzuk bezain desiragarriak, edo hori sinetsarazi digute... beraz, arazo galanta! Ez baldin bagaituzte horrela ikusiko, beste konponbide bat bilatu behar dugu. Nik ezin badut zuk bezala ligatu, nire modua bilatu beharko dut ligatzeko edo sexua izateko. Argi dago. Bizirik irautea da hemen kontua kar-kar, norberak ahal duena egitea. Bakoitzak bere bidea bilatu behar du, bakoitzaren askatasuna defendatu behar da, besteei kalte egiten ez dien bitartean.

"Bakoitzaren askatasuna defendatu behar da, besteei kalte egiten ez dien bitartean"

Principal antzokira gerturatzen denak zer ikusiko du?

Bi ezezagun aurkituko ditu, igogailu batean, eta beraien harremana sendotzen nola doan ikusiko du. Oso bakarrik sentitzen diren bi pertsonaia dira azken batean, eta bakardade horretan elkarri konpainia egingo diote. Bikoterik gabe amatasuna nola bizi duen ekarriko du Aitziberren pertsonaiak, besteak beste. Gai serioak ditu, baina umorerik ere ez da falta.

Zuri ere ez zaizu umorerik falta...

Ez dut imajinatzen nire bizitza umorerik gabe, egia esan. Oso garrantzitsua da.

Antzerkia gurpildun aulkian ikusiko du publikoak, ezta?

Bai, hala da. Nik uste baliagarria izango dela beste modu batera begiratzeko edo, behintzat, pentsarazteko. Gurpildun aulkia eragozpena ez dela erakusteko.

Nahikoa kontziente gara elbarriek dituzten beharrez?

Zerbait bai, baina uste dut lan handia dagoela oraindik. Informazioa falta zaio jendeari.

Berriki, EHUn graduondoa ikasten ari den ikasle batek salatu du teknikari espezialista ukatu diola unibertsitateak.

Hala bada, oso gaizki iruditzen zait, eta kexatu beharra dago. Nik laguntzaile bat izan nuen klasean egunero nirekin, eta nahiko ondo moldatu nintzen. Laguntzak ukatzearena, kontuz; askotan ez gara bestearen larruan jartzen, eta ez zaigu horren inportantea iruditzen. "Badator beste eskaera batekin", entzun behar izaten da. Baina eskaerak ere zerbaitegatik egiten dira, eta inportanteak dira. Espero dut ikasle horri konponbidea ematea laster.   

Aitziber Garmendia aktorearekin, 'Sexberdinak' obran. / Tanttaka

Aurrera begira, idazten jarraitzeko asmoa al duzu?

Idazten dut, baina azkenaldian alfertuta nabil. Buruan ideia ugari ditut, baina idazterako momentuan berriz... Lehen idaztea gustatzen zitzaidala esaten nuen, eta orain idatzita edukitzea gustatzen zaidala kar-kar. Alfer nabil, baina laster hasiko naiz lanean, labur baterako ideia bat dut buruan.

'Robarte una noche' laburra gogoan duzu?

Oso esperientzia polita izan zen. Egoera kurioso batean elkar ezagutzen duten bi pertsonaien istorioa kontatzen du. Eta, gainera, Miren –Ibarguren– ezagutu nuen lan horretan! Buah! Ze maja! Nire antzerako zoro puntu bat dauka, eta primeran entenditzen gara.

Miren Ibargurenekin, Aitziber Garmendiarekin, Emma Suarezekin...

Maila! Pozik nago! Ea hemendik aurrera ere beste asko datozen. 

Elena Iruretarekin agian hurrengoa?

Izebarekin lan txiki bat egin nuen, Alex Telloren labur bat, baina badaukat gogoa berriz ere zerbait egiteko. Bera ere lanez gainezka dabil, baina topatuko dugu momenturen bat elkarrekin proiekturen batean parte hartzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago