Edurne Azkarate

"Mugarri baldin bada 'Irati', izan dadila film handiak egiten jarraitzeko"

Anakoz Amenabar 2023ko ots. 3a, 06:00
Paul Urkijoren 'Irati' pelikulako protagonista da Edurne Azkarate. / Mikel Buruaga

Aurten euskal zinemak izango duen estreinaldi garrantzitsuenetarikoan protagonista da Edurne Azkarate arabarra. Besteak beste, 'Zaldi urdina' antzezlanean edo 'Aulki jokoa' telebista saioan ibili eta gero, basoan bizi den 'Irati' pertsonaia misteriotsuaz hitz egiteko hitzordua egin du ALEArekin, Gasteizko Baratza aretoan.

Aurrez antzerkian eta telebistan trebatuta, lehenengo esperientzia du pantaila handian Edurne Azkaratek (Oion, 1993). Ekoizpen handi batekin dator, gainera. Zinema aretoetara otsailaren 24an helduko den Irati filmeko protagonista da, Paul Urkijo zuzendariaren mundu fantastikora barneratuko gaituen pertsonaia "basati eta enigmatikoa".   

Atzera kontaketa hasi da. Hiru aste baino ez estreinaldirako. Nola zaude?

Gogotsu, urduri ere bai, baina batez ere gogotsu. Luze egiten ari da...

Lehendabiziko film luzea, eta protagonista. Ez al du bertigorik ematen?

Bai, ematen du, ez dakidalako zer gertatuko den... Halere, dagoeneko izan dira arrasto batzuk, estreinaldia bera Sitgesen, jaialdi batzuk, orain Goya sariak, beroketa nolabait egiten ari gara, baina bertigoa ematen du bai.

Sitgesen ikusi zenuen lehen aldiz zure burua pantaila handian?

Pantaila handian bai, aurretik ez zen lantaldeko emanaldirik egin, gero bai. Lehenengo aldiz han ikusiko nuela pentsatzen nuen, eta halako batean, pare bat egun lehenago, Paulek idatzi zidan eta link bat bidali zidan, aker beldurgarria, Sitgesen estreinatu aurretik elkarrizketa ugari eman behar genituelako, eta pelikulari buruz hitz egin behar genuelako... Ordenagailu pantailan ikusi nuen, oso urduri. Baina egia da pantaila handiko pelikula bat dela, gauza gehiago ikusi izan ditut handian ikusi dudanean, batez ere Paulen izaki misteriotsu kamuflatu horiek.

Zer sentsazio izan zenuen pelikulan zure burua ikustean?

Bueno, konforme. Uste dut neukan beldurrarentzako dexente lasaitu nintzela. Gero bizipenak nahasten dira... hau jakin izango banu edo beste hau egin izan banu, edo nola zeuden egunean bertan... Dagoeneko askotan ikusi dut pelikula, Paulekin joan naizenean tourrak egitera, eta asumitu dut ez dudala Irati ikusiko ikusle modura. Pentsatzen nuen ohituko nintzela egunen batean, eta filma ikusiko nuela jendeak hartuko duen bezala, baina asumitu dut hori ez dela gertatuko. Hori ez nekien, eta oso kuriosoa da. Film bat egiten duzu berez film bat bezala sekula ikusiko ez duzuna.

Publikoak oraingoz ondo jaso du pelikula.

Bai, oso ondo. Ikusi beharko da Euskal Herriko publikoak ere zer dioen; maitekorrena izango da, baina baita kritikoena ere. Eta kuriositatea daukat Euskal Herritik kanpo ere nola hartzen duten, guk oso barneratuta daukagun iruditegi bat delako pelikularena, baina jakin nahi dut atzerrian zer esango duten edo nola hartuko duten, beste publiko mota batentzat zer esanahi duen.

Besteak beste, antzerkian eta telebistan aritutakoa da Edurne Azkarate. / Mikel Buruaga

Mugarri izateko hainbat osagai ditu 'Irati'-k, ezta? Fantasiazko ekoizpen handi bat, lantalde arabarra, emakume bat protagonista, euskaraz...

Ez dira halako pelikula asko egin izan Euskal Herrian, eta mugarria izango bada, izan dadila baita ere Paulek eta beste zuzendari batzuek jarrai dezaten halako pelikula handiak egiten jarraitzeko. Alde horretatik, oso eskertzekoa eta aipatzekoa da Paulek egiten duen lana; bera oso beretik abiatzen da, esan dezagun off zine batetik, hori da gustatzen zaiona, eta beharbada fantasiazko zinea ez da akademikoki baloratuena, baina egiten du. Badu Paulen ikuspegia, egile lana, eta, aldi berean, zerbait handia edo mainstream zinean enkajatu dezakeena. Osagai ugari ditu, eta uste dut oso ausarta dela berak egin duena. Erresilientzia gaitasun handia dauka, proiektuari urteetan eusteko gaitasuna, eta pentsatzen dut Irati ez zela horrela den bezala aterako Paul ez balitz egon hor tinko: euskara hautua mantentzen, zerbait handia egin nahian... Ez dakit ez daukagun ohiturarik edo Euskal Herrian ere zigortua izan den modu horretan handi amestearen kontua, baina Paulek badauka hori, eta nik bertute bat bezala ikusten dut.

Nolakoa da Paul zuzendari moduan?

Super jatorra. Aktore denei opa diet Paulekin lan egitea.

Dena ondo zehaztuta eta itxita daraman zuzendaria da, ala bada ekarpenetarako tarterik?

Oso lotuta ekartzen du irudia, dena. Gainera berak storyboard guztiak eskuz marrazten ditu, eta oso argi dauka nahi duena. Baina gero, adibidez, Eneko –Sagardoi– eta biok proiektuan sartu ginenetik pila bat entzun gaitu, konfidantza asko jarri du gugan, eta edozein bilera, lan edo proposamen egiteko prest izan da. Oso ulerkorra da. Alde batetik, badakizu saiatu behar zarela ulertzen berari begiek dirdira egiten diotenean zer nahi duen eta zer mantendu behar den, eta, bestetik, beste esparru batzuetan, noiz negoziatu dezakezun, aktoreon erosotasunaren alde eta normalean istorioaren ulergarritasunaren alde, eta horretan oso txintxoa da Paul, oso langile umila da. Konfiantza jarri du gugan, eta ez nuen espero egia esan.

Errodaje lan gogorra izan zen, ezta? Fisikoki nekeza?

Bai, baina ahaztu zait, urtebete baino gehiago joan da. Fisikoki gogorra izan zen, baina hori ere niretzat psikologikoki kudeatzen da. Ikasi dezakezu, pertsonaia prestatu dezakezu... Orohar errodajeak oso gogorrak dira, egunak oso luzeak dira, eta horri gehitu bereziki gogorrak diren egunak, baina hori psikologikoki kudeatzen dela uste dut. Eta zaintza handia egon da ekipoan, talde izaera lortu du. Uste dut gogorragoa izango zela psikologikoki gaizki egon izan bagina, ez genukeela beharbada aguantatuko Paulek eskatzen duena. Berak artisau ikuspegia dauka, pelikulako departamentu guztietan dago artisautza asko; eta zuzendaritzan artisau lanak esan nahi du kromari uko egin eta berak hain ondo ezagutzen dituen Euskal Herriko txoko horietara joatea, hamarnaka pertsona, laua zapaldu gabe, hamabi ordu, ahuntzak bezala mendian, eta hala ere gustora lan egitea.

"Asumitu dut 'Irati' ez dudala inoiz ikusiko ikusle modura, jendeak hartuko duen modura"

Nolakoa izan da euskararen lanketa? VIII. mendeko pertsonaien ahotik euskara...

Oso interesgarria izan da. Gorka Lazkano eduki genuen euskara departamentu unipertsonal batean, baina hilabete batzuk lehenago hasi ginen lantzen, Gorka, Paul, Eneko eta laurok, batez ere. Gero guk hautu hauek pertsonaietara eramateko lana egin dugu; elkarri pila bat lagunduta, mintzapraktika batzuk egin ditugu, eta oso interesgarria izan da euskara hori lantzea.  Pertsonaia asko dagoenez bateratasun bat lortzea zaila zen, edo hori zen galdera; iritsiko al gara leku komun batera denok? Ez dakit zenbat pertsonaia dagoen, adin oso desberdinetako jendea, eta pelikulak berak iragana, oraina eta geroa ekartzen ditu. Azkenean, uste dut euskara batua izan dela oinarria, eta gero Gorkak bere ikerketarekin eta egin duen lanarekin koloreztatu egin du: doinuekin, prosodia jakin batekin, hautu batzuk  proposatuta (bustidurak bai ala ez, hemen bai ala ez, hasperena bai ala ez...), eta jolas bat bilakatu da. Berak asko zaindu zuen, esate baterako, latinetik eratorritako hitzak bakarrik pertsonaia kristauek esatea, paganoek beste era batera esango zuten... Hori guztia zaintzen egon da Gorka, eta uste dut hori ere badela proiektua errespetatzeko beste modu bat.

Baratza aretoan izan da Edurne Azkarate. / Mikel Buruaga

Badakizu arin pizten direla euskararen inguruko eztabaidak...

Bai, eta gogotsu nago eztabaida horretarako. Agian kristoren labankadak sartzen badizkigute ez, baina debate polit bat sortzen baldin bada... Uste dut gainera euskaldunok filologo txiki bat daukagula barruan, eta jendeari emango diola gogoa honi buruz hitz egiteko. Hori interesgarria izan daiteke.

"Erresilientzia gaitasun handia du Paulek, proiektuari urteetan eusteko gaitasuna"

Batik bat, antzerkian aritu zara orain arte. Alde handirik nabaritu duzu lanean?

Bi lengoaia desberdin dira, baina oraindik deskubritzen nabil, oraindik ez dut egin bi zerrenda zer erabili non jakiteko. Baina badaude helduleku batzuk, eta zubi asko dago. Izan daiteke kamarak daukan irisgarritasun horrekin gauza txikiagoak landu ahal izatea, eta hori plazerez hartu dut, pote txikiagoetan sartzea sentipenak, iritziak, pentsamenduak... Hori kamararekin lan egiteko modu bat da, oraindik gehiegi landu ez nuena, eta oso plazergarria iruditu zait. Antzerkiak, bestalde, asko lagundu dit Iratin, berez nire pertsonaia oso fisikoa delako. Ez da pelikula intimista bat, oihanari buruzko pelikula bat da, zabala, eta nire pertsonaia ere halakoa da; zortea izan dut gauza asko pasatzen zaizkiolako eta egoera oso desberdinetatik pasatzen delako, eta horretarako antzerkiak asko lagundu dit.

Euskal zinemaren industria barrutik ezagututa, nola ikusten duzu? Kanpotik, loralditxo bat dagoela eman dezake. Paul Urkijo, Aitor Arregi eta Jon GaraÒo, Mikel Gurrea, Esti Urresola...

Orain badago oso beharrezkoa den sentsazio positibo bat, eta, aldi berean, industrian lan egiten dutenei galdetzen badiezu agian bekainak igo eta "zer industria?" galdetuko dizute, "lau gara, betikoak". Kontuan izan behar da zenbat ekoizpen egiten diren, horietako zenbat euskaraz, oso gutxi direnak, eta zenbat elikatu dezakegun ikus-entzunezko hori. Demostratu dugu aukera badagoela, jende pila bat dagoela honetan, profesional on ugari, harrobi eta gogoa ere badagoela, eta Araban gertutik ikusi dugu, desertu bat izatetik bat-batean zenbait ekoizpen atera dira. Beraz, egon badago, baina oraindik barrutik bultzada behar du.

Taulara etorrita, 'Zaldi urdina' lanean ere parte hartu zenuen. Hiru konpainia eta zazpi aktore tartean.

Euskal Herri mailan eta euskarazko antzerkian handienetariko bat. Sekulako bidea egin dute –Artedrama, Axut eta Dejabu konpainiak–, eta besteontzako bidea ireki ere bai. Publikoa finkatu eta mantendu dute, oso zaila den gauza bat. Eta hor erronka bat dugu, ikusi beharko dugu gure lanekin, bakoitza bere ibilbidearekin, nola ahal ditugun elikatu beste antzezlan batzuk guk sortzen dugun publikoarekin; ez daitezela bilakatu gauza zehatz baten publiko, baizik eta euskal antzerkiaren publiko.

"Gogotsu nago euskararen inguruko eztabaidarako; interesgarria izan daiteke"

Formol-ekin 'Album' eta Metrokoadrokarekin 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' lanak dituzu taulan orain. Lan modu oso desberdinak izan dira?

Denek dute zerbait komuna. Denak abiatzen dira bilaketa batetik, adibidez, testurik gabe ikerketa eszenikoaren bitartez sortzen hasten dira. Albumen, adibidez, ez nago oholtzan eta beste lan bat izan da erabat; oso interesgarria izan da, asko gustatu zait hartu-eman asko nabaritu dudalako eszena eta kanpoaldearen artean. Eta kanpoan egotea asko gustatu zait, eta beraiek egiten zutenaren bitartez konposatzea. Zeozertan dabil baina ez dakit zertan eta Zaldi urdina lanetan, berriz, ni beste kideekin egon naiz ateak nola desblokeatu daitezkeen pentsatzen, eta beste baten papera izan da hori guztia harilkatzea, esanahiak topatzea. Proiektu bakoitza bakarra da, baina batetik bestera beti eramaten dira gauzak.

Nerea Torrijosen 'Influencer' lanean ere ikusi zaitugu, sare sozialen inguruko beste gogoeta bat egiten duen film laburrean. Nolako harremana duzu zuk sare sozialekin? Badakit Instagram zalea zarela...

Konfinamenduan egin nuen asperduraz, eta orain Instagrameko biztanle bat naiz, erroldatua. Saiatzen naiz harreman osasungarri bat mantentzen. Lanerako tresna moduan ere asko eman dit; adibidez, Formol-ekin komunitate bat sortu dugu, agian euskal antzerkian jarraitzaile gehien daukan kontua da, eta sentitzen dugu babesten gaituela, eta horren bitartez ere beroa sentitzen da eta zabaldu ditzakezu gauzak. Baina Instagram edukitzeak ez zaitu masa komunikazio bat bilakatzen, ez da sareetan zaudelako edonora irits zaitezkeela, hor ere badaude mugak eta harresiak. Laburbilduz: ezer igotzen ez dudan egunak dira ziur aski hobekien pasatu ditudan egunak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide