Berrikuntza eta tradizioa, sagardotegietan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko urt. 20a, 06:00

Paul Urkijo zinemagileak ireki du txotx denboraldia. E.U.

Euskal Herriko beste herrialdekoekin batera, aste honetan zabaldu dute txotx denboraldia Arabako sagardotegiek, Paul Urkijo zinemagilearen parte hartzearekin. Produkzio propioarekin hornitzen dituzte kupelak Iturrietak, Kuartangok eta Trebiñuk; aurten, guztira, 60.000 litro sagardo.

Denbora laburrean, Araban sagardo kultura propioa zabaltzea lortu dute bertako sagardogileek, eta Euskal Herriko mapan kokatu dute herrialdeko sagarrondoen produkzioa. Horren seinalerik onena da urtetik urtera, txandaka, hiru sagardotegiek antolatzen duten txotx irekiera jendetsua, aurten, Paul Urkijo zinemagilearen eskutik joan dena.

Hogeita bost urte joan dira Peciñatarrek Aramaioko Iturrieta sagardotegia zabaldu zutenetik, bertako sagarrondoekin sagardoa egin zuen herrialdeko lehen establezimendua; hamabost urte bete ditu, berriz, Askartzako Trebiñuk, helburu berdinarekin; eta alaba txikienak, Kuartango sagardotegiak, 2017an ireki zituen ateak, Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharrean. Ordutik, buruhausterik nagusia Arabako sagarraren produkzioa handitzea izan da, eta sagardoa ekoizteko orduan bertako arbolak eta bertatik hartzen diren sagarrak erabiltzea. Horretarako administrazioaren inplikazioa aldarrikatzen dute sagardogileek, sagarrondoen landaketa bultzatu eta laguntzeko. Hala ere, trabak traba, bikain doa negozioa, eta produktu tradizionalaren berrikuntzan ere inbertitu dute, nazioarte mailako beste sagardogileen aitorpena lortuz.

Eskarmentu handia du Juanjo Peciñak sagardogintzan. Iturrietako jabeak sagardo ekologikoa egiten du, hasieratik, eta inguruan landatu dituen sagarrondoekin elikatzen du sagardotegia. Izan ere,  600 sagarrondo landatu zituzten hasieran, eta gaur egun, 1.400 bat izatera pasa dira, Euskal Herriko sagar barietateak eta asturiarrak nahastuz. Aurten, uzta oso eskasa izan dela aitortu du Peciñak, lehorteagatik, "baina hala ere Arabako sagarrondoekin egin dugu produkzio osoa". Hala, txotx denboraldia ireki berri du Aramaioko sagardotegiak, hilabete batzuk itxita egon ostean. "Upategian obrak egin ditugu, berritu egin dugu, erosoago lan egin ahal izateko eta sagardoaren produkzioaren kalitatea hobetzeko, baina dagoeneko zabalik dugu jantokia, eta martxora arte bederen erreserbatuta ditugu larunbat guztiak bazkaltzeko".

Edari berria, eztiarekin

Txotxeko sagardoaren ekoizpenarekin batera, iaz, produktu berezia sortu zuen Iturrietak. "Iaz hasi ginen Astigarragako Iparragirre eta Irungo Ola sagardotegiekin, Juan Zuriarrain enologoarekin eta Leartiker zentro teknologikoarekin batera, sagarra eta eztia nahasten dituen edari berri baterako frogak egiten". Produktu horiek Sagezti izenez bataiatu dituzte, eta lau motakoak dira: Sageztia, eztiarekin aromatizatutako sagardoa; Sagezti ardoa, alkoholdun sagardoa; Sagezti Aparduna, sagardo aparduna; eta Sagezti Txiki, eztiarekin aromatizatutako sagardoa, botiletan aurkeztua. Lehen saria jaso du edariak, gainera, Gijonen (Asturias), irailaren amaieran, egin zen XII Salón Internacional de les Sidres de Gala sarietan, zaporedun sagardoen kategorian. "Oraindik proiektu esperimentala da, baina dagoeneko hasi nahi dugu zabalpena egiten, dastaketak sagardogileentzat eta ostalarientzat; ekoizpen komertziala egin nahi dugu aurten", azaldu du Peciñak.

Herrialdeko beste mutur geografikoan dago Trebiñu sagardotegia,  Askartzan, Arabako zulo beltzean. Aurten txotx denboraldia bertan zabaldu dute, Paul Urkijo zinemagilearen laguntzarekin; eta euskal kulturari dedikatu diote sagardogileek aurtengo lehen sagardo zurruta. Koldo Markinez, Marian Amozarrain eta Julen Markinez dira duela hamabost urte sortu zen sagardotegiaren motoreak. Orain, Julen Markinezek hartu du aitaren lekukoa sagardotegiko sukaldean, eta Koldo hainbeste maite dituen sagarrondoak zaintzen aritzen da gehienbat. Sagardotegi txikia –60 lagunentzako jantokia zuen hasieran– handitu behar izan zuten duela urte batzuk, eta egun 120 lagunentzako tokia dute. "Bilakaera oso ona izan da, oso pozik gaude. Batetik, bertako gure sagarrondoekin egin ahal izan dugulako sagardoa; eta bestetik, jendearen artean oso harrera ona izan dugulako hasieratik", esan du Julen Markinezek. "Oztopo asko ditugu Trebiñun izateagatik, ahoa betetzen zaigu Trebiñu Araba da esaten dugunean, baina ahoa da soilik; hala ere, oztopo horiek guztiak gainditu ditugu, eta orain, jendeak ezagutzen gaitu, badaki non gauden eta badakite Trebiñu existitzen dela. Gehiago ezin da espero".

Aitak landatutako sagarrondoekin hornitzen da Trebiñu sagardotegia. "Koldo bertakoa da, Askartzakoa, etxe horretakoa da, hortxe jaiotakoa, sagardotegia horregatik dago hor. Oso gustuko zuen nekazaritza, zuhaitzen maitalea da eta urteak eman zituen sagarrondoak landatzen; ondoren hasi zen sagardoa egiten, lehenengo etxerako, gero lagunentzat, eta iritsi zen momentu bat non sagardotegitxo bat egin genuen".

Kultura gehiago

Urte hauetan, Araban, sagardoaren inguruko kultura apur bat gehiago hedatu dela uste du Markinezek. "Aldaketa bat egon da. Hasiera batean jendeak txotxa zer zen ere ez zekien, baina orain datorrenak badaki zertara datorren". Hala ere, aipatu du bi muturreko jarrerak aurkitzen dituztela oraindik sagardogileek. "Batzuek oraindik ere karta eskatzen dute, eta badaude beste batzuk jaia egitera eta sekulako parranda egitera etortzen direnak. Erdibidean badago disfrutatzera datorrena, errespetuz. Sagardotegiarekin errespetua landu behar da, ez da neurrigabekeria hutsa eta ez da isilik egon behar den jatetxe bat. Ulertu behar da maitasunez egiten dugula sagardoa, eta sagardotegiak bere ezaugarriak ditu: altxatzearena, sagardoa dastatzea, besteekin harremantzea…".

Alaba txikiena, handi

Tradizionalagoak diren bi sagardotegiekin batera, ezohiko espazio modernoagoan kokaturik dago Kuartango sagardotegia, bainuetxe zaharberrituan. Produktuaren berrikuntzan ere aitzindariak dira bertan. Izan ere, orain dela aste gutxi, Alaba aurkeztu dute, erabat Arabako sagar barietateekin eginiko lehen sagardoa. Benito Peciñak azaldu du nola egin dute sagardo berezia: "Euskal Sagardoa Jatorrizko Izendapenaren barruan Arabako sei sagar barietate ditugu, eta azken bi urteetan ikerketa lan bat egin dugu tokiko sagar horien inguruan; azkenean, lau barietateen nahasketa bat egin dugu, eta gehien gustatu zaiguna atera dugu. Hori da Alaba, gure alabatxoa, tokiko Arabako sagarrekin eginiko lehen sagardoa". Edizio mugatu bat egin dute, soilik 1.000 botilakoa, ez zegoelako sagarrondo asko. "Guk landatuta ditugu barietate horietako sagarrondoak, baina oraindik ez dute nahikoa ematen, beraz, herrialdeko nekazari desberdinei erosi behar izan diegu, Izkin, Gopegin…". Sagarrondo zahar horiek aurkitzeko, Hazien Sareak bere garaian egin zuen prospekzio lana sakondu behar izan du Peciñak, eta pozik dago emaitzarekin: "Hemen ditugun sagarrei balioa eman diegu, eta barietate horiek desagertzeko arriskutik salbatu". Hala, aipatu duenez, sagardo naturala da Alaba, eta beste barietate mota batzuekin egindako edariarekin alderatuta, herrialdeko lurraren ezaugarriak hartu ditu: "Izaera handikoa da, luze irauten du zaporeak ahoan". 

Erlazionatuak

Zergatik esaten diogu txotx?

Erredakzioa 2023 urt 20 Araba

Zergatik egiten dugu txotx?

Erredakzioa 2023 urt 20 Araba

Hasi da txotx garaia Araban

Erredakzioa 2023 urt 12 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago