Musika estilo berriekin dator ETS. Izan ere, Guretzat lan berri eta berritzailea aurkeztu berri du Arabako Errioxako taldeak. Irailean, aurrerapen gisa, Abuela maitea kanta kaleratu zuen Iñigo Etxezarreta abeslaria buru duen taldeak. Balada haren ostean, joan den astean iritsi zen Guretzat, disko berriari izena eta izana eman dion singlea.
Boskoteak inoiz sortutako lanik "ausartena" dela azaldu dute, "ziklo bat itxi" eta beste bat irekitzeko. Orain arteko soinu nagusiak (ska eta rocka) alde batera utzita, musika elektronikoa, rumba, reggaetoia eta reggaea bezalako estiloetara jo du ETSk oraingoan, Etxezarretak bere amamari eskainitako baladaz gain. Guztira, esilo askotako hamaika abesti biltzen ditu lanak, horiek guztiak Genis Tranik ekoitzita: diskorako berariaz egindako bederatzi, eta pandemia garaian kaleratutako beste bi, Zurekin batera eta Sumendiak izenekoa.
Euskal Herriko musikarien kolaborazioak ere izan dira disko berriaren ardatz: Eñaut Elorrietak, Idoia Asurmendik, Duplak eta Josune Arakistain Süne-k (Huntza) parte hartu dute Arabako Errioxakoekin batera. Ana Arsuaga artistak bere ilustrazioekin osatu du diskoaren iruditegia.
Diskoa dagoeneko entzun daiteke plataforma guztietan, baita CDa disko dendetan eskuratu ere. Gainera, Durangoko Azokan aurkeztuko dute egunotan. Zuzeneko kontzertuei, berriz, 2023ko martxoaren 4tik aurrera ekingo diete: Bilboko Kafe Antzokiaren ostean, besteak beste, Gasteizen (martxoaren 11n, larunbatean, Jimmy Jazz aretoan), Iruñean eta Miarritzen izango dira, baita Madrilen (apirilean) eta Bartzelonan (maiatzean) ere.