En Tol Sarmiento taldeak Abuela maitea (Baga Biga) abestia aurkeztu du ohiko musika plataformetan, Durangoko azokarako prestatzen ari diren disko berriaren aurrerapen modura. Iñigo Etxezarreta abeslariaren amonari eskainitako kanta da, eta kaleratutako bideoan amonak eta bilobak partekatutako uneak azaltzen dira.
Taldeak azken urteetan izan duen eboluzioa jarraituta, rock eta ska doinuak atzean utzi eta pop gisako musika lasaiagoa egiteko joera mantendu du taldeak azken kanta honetan.
"Orain arte ez dut aurkitu abagunerik onena aitortzeko besteen aurrean niretzat zu izan zarena", dio abestiaren pasarte batek. "Baina orain ulertzen dut betirako ez garela. Abesti hau zuretzako da, abuela maitea".
Jarraitzaileen lehen erreakzioak agertzen hasi dira sare sozialen bitartez, eta horietako askok bereziki azpimarratu dute abestiak eragindako zirrara; batzuek galdutako amonen oroitzapenak azaleratu dituzte, bai eta horiekin bizi izandako une kuttunak ere.
Bideoarekin batera zabaldutako irudietan Isidra temati agertzen da azken uneraino, eta baliatzen du Etxezarretak emandako musua haren desioaren berri emateko: "Elizaren bidez ezkondu behar duzu. Horrek asko poztuko ninduke!".