Mercedesek azken orduko eskaintza egin die sindikatuei, hiru greba egunen bezperan

Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 14:45

Mercedeseko langileen mobilizazioa, joan den ostegunean. / ALEA

Soldatak %5 igotzea, aparteko ordainsari bat eta malgutasuna hobetzea proposatu die Mercedeseko zuzendaritzak enpresa batzordeari, seigarren gauari uko egin gabe. Asteazkeneko lanuzte bateratuari uko egin diote UGT, CCOO, PIM eta Ekintzak, baina ELA, LAB eta ESKk hiru eguneko grebari eutsi diote.

Ordu erabakigarriak dira Mercedeseko hitzarmen berriaren negoziazio gatazkatsuan. Bihar, uztailaren 6an, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua Mercedes-Benz enpresako zuzendaritzarekin bilduko dira Stuttgarten (Alemania), gaur arte gehiengo sindikalak deitutako greba bateratuaren egun berean.

1.2000 milioi euro inguruko inbertsio baten iragarpenak eta hitzarmen berriaren negoziazioak bat egin duten testuinguru horretan, astearte honetan azken orduko eskaintza egin die zuzendaritzak sindikatuei, in extremis akordio bat lortu eta hiru eguneko greba ekidin nahian. Mercedesek ez du seigarren gaua kentzeko proposamenik egin, baina soldaten eta malgutasunaren arloan hainbat aukera jarri ditu mahai gainean:

  • Soldatei dagokienez: ikasturte honetarako %5eko igoera, 2023 eta 2026 artean %2ko igoera, hitzarmena sinatzean 2.000 euro gordineko ordainsari ez-finkagarria, 537 eurotik 700 eurorainoko igoera emaitzen araberako ordainsarian, eta irailero 750 euroko aparteko hirugarren ordainsaria.
  • Malgutasunaren arloan: lanaldia urteko 214 egunetan mantentzea; asteburuetako txandetarako hamar eguneko aurrerapenarekin abisatu beharra; gaueko lanaren edo 14 orduko txandetarako 100 euroko plusa; enpresa batzordeak erabakitzea astea igande gauean edo astelehen goizean hasiko den; larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteko, talde berri bat kontratatzea (%80) eta plantillako boluntarioekin osatztea (%20), urteko 4.500 euroko plus batekin eta 200 orduko murrizketarekin.
  • Beste elementuak: 250 txanda-kontratu 61 urte eta 6 hilabetetik aurrera, hitzarmenean zehar; aldi baterako 150 kontratu finko gehigarri 2022an, eta babestutako 150 lanpostu.

Zuzendaritzaren "aurrerapauso" bat antzeman duten arren, ez da akordiorik lortu, eskaintza "ez nahikoa" iruditu zaielako sindikatu guztiei. Nolanahi ere, enpresa batzordeak eta zuzendaritzak hitzordu berri bat jarri dute ostegunerako, uztailaren 7rako, negoziatzen jarraitzeko.

ELA, LAB eta ESKk —enpresa batzordearen %45— asteazkeneko greba deialdia mantendu dute, gaurko bilera "aurrerapen esanguratsurik gabe" amaitu dela iritzita, eta seigarren gauaren aurkako zein KPIari lotutako soldata igoeren aldeko aldarriari eutsiz. Gainera, euskal sindikatuen blokeak ostegun eta ostiralean deitutako lanuzteak ere mantendu ditu, Gasteizko Mercedeseko 5.000 langileak hiru eguneko grebarekin bat egitera deituz.

Gehiengo sindikala osatzen duten UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuek, berriz, ez dute grebarekin bat egingo, ostegunean negoziatzen jarraitzea lehenetsiz.

Greba ziklo historikoa

Azken asteetan eztanda egin du Mercedeseko lan gatazkak, hitzarmen berriaren negoziazioen erdian eta enpresak 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa iragarri berri duen testuinguru batean. Ekainaren 22an izan zen lehen greba eguna, plantillaren erantzun masiboarekin (%95eko jarraipena). Hilaren 29an, ELA, LAB eta ESK sindikatuek greba deitu zuten berriz ere, langileen aldetik antzeko babesa lortuz. Eta 30ean, joan den ostegunean, Arabako metalak eta Mercedesek bat eginik jo zuten grebara, berriz ere ia erabateko jarraipena lortuz.

Gaueko txandan igandetan seigarren gauari ez, eta KPIari lotutako soldata igoerak. Plantillak era masibo batean bat egin du bi aldarrikapen nagusi horiekin, enpresa batzordearen barruko desadostasunak gainditzeraino.

Testuinguru horretan, hiru greba egun arrakastatsuen ostean, beste hiru eguneko lanuztea proposatu zuen langileen batzarrak uztailaren 6, 7 eta 8rako, hau da, aste honetako asteazkenetik ostiralera. Enpresa batzordearen barruan ez da adostasunik lortu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago