Arabako langile borroka une historikoa bizitzen ari da. Alde batetik, azken hogei urteetako greba ziklorik jendetsuenean murgilduta dago Mercedes, hitzarmen berriaren negoziazioan seigarren gauaren aurka eta KPIari lotutako soldata igoeren alde, besteak beste. Bestalde, Arabako metalaren sektoreko milaka langilek —20.000 lagun inguruk lan egiten dute sektorean— azken bi hilabeteetako laugarren greba egunari ekin diote gaur.
Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikan 5.000 langile inguru daude, enpresak lurraldean sortzen dituen zeharkako milaka enpleguak zenbatu gabe. EAEko lantegirik handiena izateaz gain, Arabako metalaren sektoreko enpresarik garrantzitsuena da Mercedes. Horren garrantziaz jabetuta, enpresa batzordearen gehiengo zabalak (ELA, LAB, ESK, UGT eta CCOO) gaurko greba sektorialarekin bat egitea erabaki du.
Ostegun honetan, ekainaren 30ean, greba eguna da Arabako eta Bizkaiko metalean. Gure lurraldean, 05:15etik aurrera hasi dira pikete informatiboak lantokietan, eta 11:30ean Gasteizko Bilbo plazatik abiatu dira sektore osoko milaka langile, sindikatu guztien manifestazio bateratuan. Arratsaldean, berriz, Mercedeseko langileek mobilizazio propioa egin dute: elkarretaratzea, 18:30ean Probintzia plazan.
Jarraipena "oso zabala" izaten ari da, sindikatuen arabera. Arabari dagokionez, Mercedes (ekoizpena geldirik eta %95eko jarraipena) eta bere inguruko kontratez gain, besteak beste Tubacex, CIE Automotive, Tubos Reunidos, Alestis, SNA Europe, SDA Factory, Inauxa, Jez, Condesa, Olazabal y Huarte edota Laminaciones Arregui bezalako enpresetan jarraipena erabatekoa edo ia erabatekoa izan da, eta produkzioa geldiarazi da. Hainbat eta hainbat tailer txikitan ere jarraipena zabala izan da.
Sektorerako bederatzi eskakizun
Arabako metalaren grebari dagokionez, ekainaren 30erako eta irailaren 21, 22 eta 23rako beste lau greba deialdi iragarri ditu sektoreko gehiengo sindikalak, maiatzaren 18an, 24an eta 26an ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako hiru greba egunen ostean. Hitzarmen duin bat exijitzearekin batera, udako oporren aurretik SEAri "pauso ausartagoak" eskatu dizkiote.
Atzo, ekainaren 29an, izatekoa zen patronalaren eta sindikatuen arteko hurrengo bilera, baina SEAk bertan behera utzi zuen negoziazio mahaia. Testuinguru horretan, azken hilabeteetako plataforma sindikalaren eta mobilizazioen ardatz izan diren aldarrikapen nagusiei eutsi diete langileen sindikatuek:
- 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
- Lanaldia murriztea.
- Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
- Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenak hobetzea eta "pertsonak zentroan jartzeko" beste lan baldintza batzuk.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.
Mercedes: hiru eguneko grebara?
Bestalde, Mercedesen eztanda egin du lan gatazkak, hitzarmen berriaren negoziazioen erdian eta enpresak 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa iragarri berri duen testuinguru batean. Ekainaren 22an izan zen lehen greba eguna, plantillaren erantzun masiboarekin (%95eko jarraipena). Atzo, hilaren 29an, ELA, LAB eta ESK sindikatuek greba deitu zuten berriz ere, langileen aldetik antzeko babesa lortuz.
Gaueko txandan igandetan seigarren gauari ez, eta KPIari lotutako soldata igoerak. Plantillak era masibo batean bat egin du bi aldarrikapen nagusi horiekin, enpresa batzordearen barruko desadostasunak gainditzeraino.
Testuinguru horretan, gaur Arabako metalaren grebarekin bat egiteaz gain, atzoko langileen batzarrak hiru eguneko lanuztea proposatu zuen uztailaren 6, 7 eta 8rako, hau da, datorren asteko asteazkenetik ostiralera; enpresa batzordeak gaur erabakiko du. Hortaz, oraingoz honela geldituko litzateke hurrengo lanuzteen agenda:
- Hurrengo asteazkenean, uztailaren 6an: 10:30ean martxa bat egingo dute Mercedeseko lantegiaren inguruan, eta 18:00etan manifestazioa Bilbo plazatik. Egun horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria Sttugartera (Alemania) bidaiatuko du, Mercedes-Benz konpainiako CEOarekin biltzeko.
- Datorren asteko ostegunean eta ostiralean, uztailaren 7an eta 8an: bi greba egun horiek gaurko langileen asanbladak proposatu ditu; enpresa batzordea gaur, ostegunean, bilduko da horren gainean erabaki bateratu bat hartzeko.